Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Galdera deserosoen iraultza

2025eko irailaren 30a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Autobusera igotzen naiz, norbaitek bultza egiten dit eta ni naiz barkamena eskatzen duena. Ate bat irekitzen dut, sartu aurretik irteten uzten dut eta, ia pentsatu gabe, irribarre egin eta "eskerrik asko" ateratzen zait. Nondik? Ez dakit. Erreflexu automatikoak dira, zerebroan txertaturik geratu den kode zaharreko lerroak, batere beharrik gabe, modu ez beti egokian, aktibatu egiten direnak. Ohitura esaten diogu. Arlo pertsonalean, eguneroko bizitzan, ez du inolako kalterik egiten, nahiz eta barregarri samarra izan. Ohitura (letra larriz) deitu ohi dugun kode zahar horrek, ordea, min handia egin dezake erakundeetan, automatismoa harresi ikusezina baita, aldatzen ari dena ikustea eragozten dizuna.

 

Kode zahar eta gaizto horrek mila aurpegi ditu. "Beti horrela egin delako" antolatzen duzun bilera horietako baten agertzen da, adibidez. Edota aurreko urtetakoen antza handiegiak dituzten estrategia berritzeko egiten ditugun gogoeta-saioetan ageri da, belarrira xuxurlatuz bezala. Edota etxeko zaharrenek ere gogoratzen ez dituzten adierazleetan gorpuzten da, behin eta berriro errepikatzen ditugunean. Ohiturak, definizioz, ohikoari erantzuten dio, baina ohikotasuna aldatzen ari da. Erosoa da, bai… erosoa bezain arriskutsua, apurka-apurka erretenak irekitzen dituelako eta, ohartu gabe, atzoko galderekin biharko arazoei erantzutera garamatza.

Kode horrek nola jokatzen duen jakinda ere, zaila da antzematen, hamaika geruzen azpian ezkutatuta datzalako. Eta zaila denez gero, ez dago soluziobide argirik ezta bakarrik ere. Edonola ere, badago moduren bat behintzat, aurre egiten saiatzeko: galdera deseroso batek zerbait egin dezake, koxka txiki bat jan dakioke ohiturari. Horixe izan daiteke abiapuntua: “galdera deserosoen iraultza isila”.

 

Galdera deserosoek ez dute erantzun begien bistakorik itzultzen, baina inertziak hausten dituzte eta ez da gutxi. Nahi edo espero ez duzun lekura begiratzera behartzen dute. Digitalizazioaz hitz egiten dugunean, zer tresna ezarri behar dugun galdetzen diogu gure buruari, eta zuzena da, ez baitugu aurrerabidearen trena galdu nahi. Galdera deserosoa, baina, beste bat izan liteke; adibidez, gure buruari galdetu diezaiokegu lehenago sinplifikatu ez dugun zer prozesu ez-eraginkor ari garen digitalizatzen. Ñabardura txikia da, baina alde handia dago: errutina makilatzetik benetan eraldatzerainoko aldea, hain zuzen.

Antolaketa-kulturan gauza bera gertatzen da. Etengabe galdetzen diogu gure buruari nola motibatu ditzakegun langileak, zein pizgarri gehitu dakiokeen ohiko paketeari. Ohiturak hausten dituen bidea bestelakoa da, ordea; adibidez, gure buruari galdetzen diogunean zein diren energia xahutzen duten prozesuak, jasanezin egiten diren errutinak edo giroa arnas ezina bilakatzen duten pertsonak edo konbertsazioak. Motibazioa nola gehitu edo desmotibazioa nola blokeatu?. Joan den astean Garamendi jaunak bota duen baieztapen potolo horri (“Gazteek ez dute lanik egin nahi”) makina bat galdera deseroso gehitu dakioke, nire ustez.

Adierazleek ere inertziak dituzte. Hiru hilean behingo fakturazioan, merkatu-kuotan edo marjinetan aurkitzen dugu nola edo hala aterpe ematen digun lasaitasuna. Galdera horiek argitasuna ematen dute, baina ez dute egiten dugunaren zentzuaz fitxik ere esaten. Galdera nola egin alde handia dago, batzuetan ezinbestekoa delako ezegonkortasuna: zer balio ari gara sortzen — edo suntsitzen — pertsonen bizitzan gure kudeaketa-ereduarekin, edo gure soldata-egiturarekin? Joan den astean, soldata-arrakalari buruzko datuak ezagutu ditugu eta aldea estutzen ari bada ere, oinarrizko desberdintasunek eutsi egiten diote oraindik. Hor dago egin beharreko galderetako bat. Beste bat: EAEn gizonen %15,5ek adierazi du kontziliazio-neurriak hartu dituela, azken neurketa-aldian %9,8 ziren bitartean. Datuak aldaketa erakusten duenez gero, hortxe gera gintezke, baina gure buruari galdetu beharko genioke zer egiten ari diren gainerako gizonak, noren bizkar ari diren beren zaintza-beharrak estaltzen. Galdera horiek deserosoak dira, Excelen sartzen ez diren erantzunen bila bultzatu egiten gaituztelako.

Deserosotasuna emankorra da, ez aldatzeak berez sortzen duen gain-kostua azaleratu egiten duelako. Zenbat berrikuntza-aukera blokeatzen ditugu inertzia hutsez? Zer etorkizun desiragarri hipotekatzen ari gara inoiz zalantzan jartzen ez den errutina bakoitzarekin? Ohitura segurua da, baina jada funtzionatzen ez duen sistema baten segurtasun engainagarria da.

Ohitura hausteak beste urrats bat ematea eskatzen du: kodea berridaztea. Ez da nahikoa berrabiatzea, ezta arkitektura zaharrari buruzko programa berriak gehitzea ere. Galdera deserosoak txertatu behar ditugu adierazle estrategiko gisa, gure eguneroko elkarrizketetan, galga bihur ez daitezen. Baliteke berehalako emaitzarik ez lortzea, baina horiek dira etorkizun iraunkorra irekitzeko gai diren bakarrak.

Autobusean lekuz kanpo dagoen "barkatu" xume hori pasadizo hutsa da, baina erakundeetan, ohiturak antolakuntza-miopia sortzen du eta horrek epe labur edo ertainera itsutu egingo gaitu. Ikusmena berreskuratzeko modu bakar bat ez da zertan egon beharrik, baina galdera deserosoak egitera ausartzea abiapuntu erraza eta merkea da. Kanpora begiratu, behatu, utzi errealitateak ezustean harrapa zaitzan. Zalantza aldaketaren hazia da eta deserosotasuna iraultzaren parte bereizezina.

Eskerrik asko eta barkatu.