Galdera ulergarriak

Munduan baliabide asko behar dira gero eta handiagoa den desberdintasunari aurre egiteko: bizitza amildegiraino eraman duen bizi-kostua jasanezina da jadanik, hezkuntza-sistemek ez dute hurrengo belaunaldien garapena bermatzen, osasun-sistemarik ez dago munduko toki gehienetan eta luze gabe bideratu behar den trantsizio berderako azpiegiturarik ez da garatzen ari. Desberdintasun ekonomikoa gero eta handiagoa da eta beranduegi izan daiteke ondorioak katastrofikoak saihesteko. 

Erantzun sinpleek ez gaituzte eramango arazo konplexuen konponbidera, baina irtenbideak aurkituko baditugu, saiatu beharko genuke galderak egiten modu ulergarriago batez. Muturreko desberdintasun ekonomiko eta sozialen auzia ez da inondik ere sinplea, baina Davos-en elkartu berri den Munduko Ekonomiaren Foroari egin zaion galdera denok uler dezakegu, erraz-erraz : “zergatik ez da zergapetzen muturreko aberastasuna?” Galdera egin dutenak ez dira edonor. Beren ondasunen gaineko zerga handiagoak eskatu dituztenak aberatsak eta oso aberatsak dira, eta beraz, zerga-sistema zorrotzago hori ezarriz gero gehiago ordaindu beharko luketen dirudunak dira.

Burutik daude? Arestian esan bezala, galdera sinplea izanik ere, erantzuna konplexua da. Alde batetik, argi eta garbi etxe kalte da, aberatsa izanik aberatsen gaineko neurri fiskal zorrotzagoak eskatzeak eragin zuzena duelako norberarengan. Baina bestetik, nola eutsi dakioke pribilegioari mundu gero eta desorekatuan bizi ditugun tentsioekin?

Harrigarri gertatzen bazaigu ere, zerga bidezkoagoak eskatzearen arrazoia baldintza ekonomikoen ebaluazioan datza eta aberastasuna sortzearen eta banatzearen arteko lotura bereizezina agerian jartzen du: aberastasuna sortzen duenak bere burua arriskuan jartzen du banaketa zintzo eta jasangarririk ez bada bermatzen. Enpresa berrietan inbertitzen dute, balore-merkatuei forma ematen diete, enpresak hazten eta hazkunde ekonomikoa sustatzen dute eta bai, status quoaz gehien baliatzen direnak dira. Hain zuzen ere, horri guztiari eutsi nahi diotelako argi dute desberdintasuna inflexio-puntu batera iritsi dela, egonkortasuna zartatu egin dezakeen puntura, hain zuzen. Horregatik, hain zuzen, horixe eskatzen dute: gizarteko aberatsenei zerga handiagoak ezartzea, horrek ez baitu beren bizi-maila funtsean aldatuko, ez die beren seme-alabei inolako gabeziarik eragingo eta ez du beren herrien hazkunde ekonomikoa kaltetuko. Aitzitik, muturreko aberastasun pribatu ez-produktiboa inbertsio bihurtuta, etorkizun demokratiko komunerako aurrera urrats handia izango litzateke.

Galdera sinpleek ispiluaren aurrean jartzen gaituzte. Herri edo gizarte batek bere egiazko neurria erakusten du kide ahulenak nola tratatzen dituen erakusten duenean, eta baita kide pribilegiodunenei zer eskatzen dien argi azaltzen duenean. Davoseko mandatariei idatzitako gutunaren amaieran galdera hori erantzuteko bi gako nagusiak laburbiltzen dira: harrotasun fiskala edo lotsa ekonomikoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK