Galduta, baina ez noraezean

Donostiatik Bilbora bizitzera joan nintzenean, urte betez edo, hozkailuko atean itsatsita eduki nuen Bilboko kale-izendegia. Artean, leku batetik bestera joateko beti bide berbera erabiltzen nuen, ez galtzeko, baina horrek frustratu egiten ninduen. Planorik gabe joanda, ordea, galdu egiten nintzen, eta horrek are gehiago amorratzen ninduen. Eroso sentitzen hasi nintzen egunero ia leku berberetan galdu egiten nintzela ohartu nintzenean. Galduta bai, baina ez noraezean, planotik kanpo dauden hiriko alde horiek ezagututa hiria bera hobeto ezagutu bainuen. Orduan hasi nintzen etxean bezala sentitzen. Orain, etxean sentitzen naiz.

Batxilergoa amaitu eta ibilbide profesionala hautatzeko unea helduko zaie berehalakoan milaka gazteri. Urteroko ikasle-erromesaldia hasi da jadanik, eta unibertsitaterako hauta-probak edota gradu profesionalen ikastetxeetako matrikula-eskabideak osatzeko jende-ilara handiak ikusiko ditugu berehala. Hemen kontatzeak luzeegi joko luketen zirkunstantziengatik, joan den astean gazte horietako batzuekin suertatu naiz, lanaren mundurako jauziaz eta lan-merkatuaren aukerez hitz egiten. Lan egin ahal izateko zer bide zehatz, zuzen eta artaz hartu beharko luketen galdetu zidan batek, eta nik hozkailuko Bilboko planoaz gogoratu nintzen.

Badira bide batzuk besteak baino zuzenagoak direnak, hots, ikasketa-prozesua eta lanaren merkatua estu-estu lotzen dutenak. Joan den astean, ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteak egindako txostenean irakurri genuen oro har, industria, teknologia eta STEM akronimoz laburtzen ditugun espezializazioetan eskaria eta eskaintza oso desorekatuta daudela, eta are gehiago desorekatzeko joera dagoela. Hamar urteko proiekzioarekin, 80.000 lanpostu huts geratuko dira Gipuzkoako enpresetan, besteak beste, fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, enpresen kudeaketa eta informatika esparruetan. Ohiko genero-arrakalaren gainean, belaunaldi-arrakala ere badago. Beraz, bide zuzena hartzeko deiari ulergarri deritzot, noski: lanpostua eskuratu nahi dute gazteek, langileak behar dituzte enpresek eta beraz, uztarri berean datoz.

Behin hori esanda, apur bat galduta ibiltzeri beldurra kendu beharko geniokeela uste dut. Lanbidearen planoaren bidezidorrak arakatzen ausartu, begien bistakoak ez izanda ere, erakargarri eta kitzikagarri diren beste eremu batzuetara iristeko aukerari ere helduz. Eta ezinbestekoa da, gainera, giza-gaitasunak bizitzarako ez ezik, lan-mundurako gaitasunak ere badirelako. ISEAK eta COTEC erakundeek argitaratu berri dute lanpostuen joerei buruzko ikerketa, eta bertan jaso dira etorkizunean gehien eskatuko diren profilen ezaugarriak: koordinazio-gaitasuna, komunikazioa, sareak sortzeko abilidadea, edota entzuten eta galderak egiten jakitea.

Prestakuntzak lanerako ateak ireki behar ditu, baina ez bakarrik harako ate handiak. Mundua ikuspegi kritikoz eta humanistiko batez begiratzeko leihoak ere hor daude, ikasketa-prozesuaren bidezidorretan edo bidearen erdi-erdian.

Aukerak ez dira sekula noranzko bakarrekoak. Hiriak bezalaxe, lan-aukerak ere ikuspegi orokorretik begiratuta dira ederren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK