Oso gurea izan da galernaren fenomenoa. Beroarekin ezin gehiago aguantatu zeundela sentitzen zenuen une berean brisa modukoa nabaritzen hasten zinen lehenik, ohartzerako haize bihurtutakoa. Inon ikusten ez zenuen hodeitzar grisa gainean nabaritzen zenuen bat-batean, eta minutu batzuk lehenago bare egondako itsasoa harrotuta. Eta orduan, eztanda: euria, tximistak, trumoiak, tenperatura behera... eta handik gutxira, lasaitasuna. Eta usain hori, bero egon den espaloiaren gainean euria egin ostekoa.
Egindako deskribapena begi meteorologikoekin aztertzen duenak agian akatsak topatuko ditu. Baina halako sekuentzia eta bizipena dut nik grabatuta buruan. Memorian batez ere, inork gutxik ukatu dezakeelako galernak, guztiz desagertu ez badira ere, apenas gertatzen direla azkenaldian. Eta azken asteetan izandako bero oldeen testuinguruan, faltan sumatzen ditut. Arriskutsuak izanda ere, beti sentitu izan dudalako gauzak bere tokian jartzeko gaitasuna zutela. Arnasa ematekoa.
Azken egunotan ezin izan dut ekidin pentsatzea zenbat antzekotasun diren galernaren eta oporren artean. Baliteke bi fenomenoak aldi berean bizitzea ez delako izan batere ezohikoa, ez niretzat behintzat. Edota agian opor aurreko asteek ekarri ohi duten zurrunbiloagatik, dena prest uzteko nahiagatik, zerbait ahazteko beldurrez. Izan liteke, bestela, bata zein bestea lasaitasunarekin lotzeagatik. Auskalo.
Hala ere, ikusi dugu urte batzuk besterik ez direla behar izan euskal kostaldean hain ezaguna zitzaigun gertakizuna geroz eta gutxiago ikusteko. Hain indartsua zirudien hori zein ahul bihurtu duen aldaketa klimatikoak. Eta ekidinezina da pentsatzea egintzat jotzen ditugun zenbat gauza arrotz egin dakizkigukeela hemendik urte batzuetara, batez ere mundua hartzen ari den bilakaera ikusita. Horretan, behintzat, espero dut inolako loturarik egiteko aukera ez topatzea hemendik urte batzuetara.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta