Komunikazio eta lidergo aholkularia

Garena eta ginena diote

2026eko otsailaren 11a
Aran Erasun Urtzelaieta

2025eko udazkenean bilakatu zen Zeelanda Berriko Turanga-nui-a-Kiwa udalerriko alkateorde Aubrey Ria. Lehenengoa izan zen bi bereizgarrirekin: lehen emakumea zen kargu horretan, baita maoriarren moko kauae aurpegiko tatuajea zeraman lehena ere. Zerk bilakatu zuen gertakari hori albiste, antipodetan ere?

 

Moko kauae aurpegi tatuajea ikur esanguratsua da maori herriarentzat. Bizi fasearen une jakinean tatuatzen dute, bizipen eraldatzailea den erritualaren bitartez. Heldutasunera pasabide den erritua, arbasoekin konektatzen dena, engaiamendua marrazten duena. Izan ere, ezpainetatik kokotsera tatuatzen duten marrazki honetako marra eta forma bakoitzak esanahi zehatza baitu.

Alde batetik, familiaren kodeen berri ematen du, patroi bakoitzak leinuaz ere hitz egiten du, sustraiez, genealogiaz. Baita bizitzako gertakariez ere, irabazitako borroka bakoitzaz ala izandako seme-alabez. Botere sozialaren itzala marrazten du, norberaz eta komunitateaz dihardu. Baina, bestetik, indibidualtasun adierazle ere bada, bakarra da bakoitzarena. Erritualak norbere baitan dagoen esentzia azalera ekartzea ei dira.

 

XIX. mendearen amaieran, politika kolonialek kultura eta praktika maoriak desagerrarazteko bide guztiak erabili zituzten, eta ia lortu ere, XX. mendearen hasieran oso emakume gutxik, eta oso helduak, omen zeramaten. Baina hari horri heldu ziotenek, 80ko hamarkadatik hona hizkuntza eta praktika indigenak berreskuratzeko bideek, ekarri dituzte Aubrey eta gainontzeko emakumeen tatuajeak plaza publikoetara. Lidergo pertsonal eta sozial berrietara.

Erena Rhoseri ikusi nion aurpegiko tatuajea lehenengoz. Azken hamarkada honetan emakume medizina maoriar eta ekosofian doktorea hainbatetan izan dugu Euskal Herrian, uraren izaera eta eskubideen inguruan lan esanguratsua garatzen, besteak beste (Nazio Batuetako jardueren baitan). Haren hitzetan entzun nituen marrazki horien sustraiak, eta ezin ahaztu garoaz aipatu ziguna: “jatorrizko herriak bizirik dirauten munduko leku guztietan, kontinente ezberdinetan, iratzea dago, daukagu, daukazue. Bizitzaren ikurra da”. Orduz geroztik ezin diot garo hostoen marrazki bakoitzari berdin begiratu, zabaldu da honen esangura, edertasunez harago. Zerbait handiagoaren parte garela kontatzen dit.

Asteotan enpresa bat baino gehiagotan ikusi dut iraganaz eta orainaz hitz egiten duen marrazkirik, denbora-lerro forman edota logo aldaeran. Enpresaren historiaren eta lantaldearen ibilbideak horman kokatzeak, ez du dekoratu soilik egiten. Kontatzen du nondik sortu ziren, zer izan zen zaila bidean, zerk lotu dituen belaunaldi ezberdinak, zer dagoen egun sorrerako hazi hartatik, ze balio dauden bizirik egiteko eta aritzeko beren moduetan… eta ikur bilakatu zen elkarrizketa bizipen kolektiboa oroitarazten du.

Marrazkiek ez baitute kontatzen soilik izan ginena, gure kodeetatik soilik uler daitekeen orainaz hitz egiten dute, guretzat funtsezkoa denaz. Eta hori, antolakundeetan erabaki zailak eta ziurgabetasun egoerak surfeatzea egokitzen zaigunean, erabaki boteretsu eta sustraituak hartzeko ardatza da.

Garoak dioena
Garoak dioena | Argazkia: Aran Erasun