Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Gastuz lepo

2026ko ekainaren 8a - 05:30
xabi murua 2022

Euskal herritarron artean, %75,3k erabateko ongizatea edo ia osoa duela adierazten du, eta, hala ere, asko nekez iristen diran hilaren amaierara. Ekonomian fenomeno horri lifestyle inflation deitzen zaio, edo bizi-estiloaren inflazioa, eta gure egunerokoan oso txertatua dugu. Gastua diru-sarrerarekin batera hazten den fenomenoa da: gero eta gehiago kobratu, orduan eta gastu handiagoa egiten dugu gure eguneroko bizitzan, ia konturatu gabe.

 

Soldata igo, etxebizitza hobetu, kotxea berritu, jatetxera maizago joan, bidaia bat hartu, eta bat-batean, orain arte baino gehiago kobratuta ere, gastuz lepo bizi gara eta ez dugu non aurreztu. Langile gehienen artean egindako inkesta baten arabera, %90ek ezin du aurreztu, eta ezin aurrezteko arrazoi nagusia (%54rentzat) da soldata ez dela nahikoa; baina %11k aitortu du gastu ugari dituela. Bi arrazoien arteko muga lausoa da. Gauza bat da diru-sarrera gutxi izatea; eta oso bestelakoa, behar baino gehiago gastatzea.

Espainiar estatuan soldata gordina 2024an %3,8 igo zen batez beste, baina inflazioa %2,8koa izan zenez, erosketa-ahalmenaren benetako hazkundea puntu batera murriztu zen. Hau da: soldata igo arren, erosketa-ahalmena ia geldi egon da urteetan zehar. Baina eguneroko bizimodua askoz garestiagoa da orain. Alokairua azken hamar urtetan %95 igo da, soldatek ez dute igoera hori inondik inora izan eta gastuetan itota bizi dira asko. Soldata duina duenari ere, hiri batean alokairu bat ordaintzen badu, soldataren zati handi bat alokairuaren ordainketan joaten zaio hilero, beste ezertan gastatzen hasi aurretik. Egoera horretan, gutxi aurreztekotan, ez aurreztearen aldeko hautua egiten dutenak asko dira, egunerokoan hobeto bizitzea bilatuta.

 

Sare sozialek fenomeno hori indartu egiten dute. Beste batzuen bizitza ikusteak, bidaiak, jantziak, afariak, presio sozial handia sorrarazi du gizartean eta kontsumoaren tentazioa areagotu du. Gure arteko konparaketek erosketak handitzen dituzte, eta erosketek eta kontsumoak aurrezteko ahalmena murriztu.

Gurean, soldata duinak dituzten askok ere estutasun ekonomikoan sentitzen dute beren burua. Erosketa ahalmena gutxitu bada ere, zailtasunak ditugu estrukturalak —etxebizitza, seme-alaben hezkuntza, zaintza-kostuak— ez diren gastuak saihesteko bizimodu-egokitzapena egiteko. Bi gastuak bereiztea ez da erraza, baina behar-beharrezkoa da. Soldata duina eta aurrezki ezaren arteko tartea ez da beti sistema ekonomikoaren akatsa soilik. Askotan, gizakiok egiten dugun gastuen kontrol-galera progresiboa ere egon daiteke tarteko: erabaki kontzienterik gabe hartu diren gastu errekurrenteak, etxetik kanpo egiten ditugun afariak, kuadrillan kanpatzeko erosi berri dugun furgonetan… askotan, eragin sozialaren ondorioz, ezin asumi ditzakegun gastuak asumitzera iristen gara. Bai ala?

Aurrezkiari buruz hitz egiten dugunean, EPSV eta pentsio-planez haratago joan behar dugu. Aurrezteko moduak askotarikoak dira, baina guztien oinarrian bi elementu daude: gaitasuna eta ohitura. Gaitasuna diru-sarrerak areagotzetik dator —soldata hobetu, diru-iturri berriak landu—, eta hori, neurri handi batean, egiturazko kontua da. Ohitura, aldiz, bestelakoa da: gutxi edukita ere, aurrezteko errutina sortzea da. Eta hori, hautu pertsonal eta zailena da. Heziketa finantzarioa eta aurrezteko ohitura lantzea ezinbestekoa da.