Elkarrizketa bat eta gatazkara daraman arrakala. Gaur beraiek dira, eta bihar gu. Su txikiak nonahi udazken hasiera honetan. Bilkura amaitu da, eta atean bi pertsona geratu dira.
— Ondo joan da, ezta? Erabaki dugu, eta bihar hasiko gara —dio Garbiñek. Berak agenda ixten du.
— Ez dakit… Niri tentsio handia sumatu zaidala iruditu zait —erantzun du Jonek.
— Tentsioa? Inork ez du ezer esan.
— Hori bera.
Garbiñek ez du gatazkarik ikusten. Jonek, bai. Biek egoera bera bizi dute, eta ez daukate datu faltarik: biek entzun dute bilkura osoa. Baina bakoitzak bizi izan duena ezberdina da. Zer gertatu da?
Chris Argyrisek eta Peter Sengek inferentzien eskailera deitu zioten prozesuari. Segundo-zati batean igotzen dugu, konturatu gabe: datu behagarriak, horietatik aukeratzen ditugunak, ematen diegun esanahia, hartzen ditugun hipotesiak, ateratzen ditugun ondorioak eta, azkenean, gure ekintzak.
Garbiñe zer ari da interpretatzen egoera honetan? Behatu du: Jonek "bihar aldatu behar dugu" entzun du, eta isilik geratu da. Ikusi duen horri esanahi bat eman dio, “isiltasunak adostasuna adierazten du”. Ondorioz “denok bat gatoz” uste du. Eta zer egiten du? Aurrera, uste horrekin.
Jon, berriz, nola ari da ulertzen egoera hau? Behatu duena da Garbiñek esaldia tonu irmoz esan duela, eta ez dela galderarik egon. Ze esanahi eman dio horri? “Ez du nire iritzia nahi”. Ondorioz, “ez naute kontuan hartzen”. Eta ekintza bilakatu da zuzenean: isiltzea. Eta, bide batez, kezka eramatea.
Bai, eskaileraren lehen mailan, bi pertsonek behatu dutena ia bera da. Erdian eta goian doa arrakala, ordea: nork bere sistemaren arabera interpretatzen du. Gure komunikazio eta harreman estiloek ez dute soilik komunikatzeko modua markatzen. Zer den "zuzena", zer den "errespetua" eta zer den "isiltasuna" ere adierazten dute. Garbiñerentzat zuzentasuna errespetua da; Jonentzat, presioa.
Non dago gatazka, beraz?
Ez bietan, eta bietan. Garbiñek benetan ez du gatazkarik ikusten, eta ez dago arrazoi gabe: bere eskaileran, dena egokia da. Jonek ikusten duena ez da (oraindik) gatazka: ulermen arrakala da. Baina inork ezer egiten ez badu, arrakala hori handituz doa: Jonen isiltasuna jarrera bihurtuko da, eta Garbiñek "zerbait gertatzen zait Jonekin" pentsatuko du. Orduan bai, gatazka sortzen da, jatorrizko arazoa komunikazio zailtasun hutsa bazen ere.
Arrakalak ekartzen ditu aniztasunak, honekin ahoa betetzen bazaigu ere. Ezin ditugu desagerrarazi, gure izate humanoaren parte dira, eta desio ei dugu anitzak izatea. Baina prezioa dauka, ulermen arrakala da horietako bat.
Aintzat hartuz gero txikitu daiteke, ordea.
Esaterako, “eskaileratik jaitsiz”: "Hau ikusi dut… eta hau interpretatu dut. Horrela da?". Ikusi duguna eta eman diogun esanahia bereiziz, elkarrizketak ez du zertan egiaren-aldeko borroka bihurtu.
Horrez gain, galdetu, galdetu, eta galdetu. Ondorioa atera baino lehen. "Isilik geratu zara; zer pentsatzen ari zinen?". Galdera horrek bi minutu besterik ez ditu behar.
Bestearen komunikazio estiloa “itzultzea” ere lagungarri izan daiteke arrakala txikitzeko. Zuzentasuna ez da zertan erasoa izan, ezta isiltasuna adostasun ere.
Eta honekin guztiarekin berrikusi ditzakegu joko-arauak ere. Adibidez, bilkura hasieran espresuki aipatuz: "Erabakitzen ari gara ala elkarrekin pentsatzen?". Horrek tarte handi bat itxi dezake.
Izan ere, galdera ez baita "nork du arrazoia?", "zer ikusten du besteak nik ikusten ez dudana?" baizik. Arrakala hori, begiratzen badugu, leihoa da, eta talde lan emankorrerako altxorra.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta