Komunikazio eta lidergo aholkularia

Gatazkaren sutondoan

2025eko abenduaren 30a
Aran Erasun Urtzelaieta

Kutxa hutsik ala beteta geratzen zaigu? Noraino hurbildu gara urteko helburuetara? Urte aldaketa enpresa jardueran gabiltzanontzat itxiera eta irekiera ekonomikoetan mugitzen da. Baina balantze batzuen aldagaiak ez dira kuantitatiboak, urteko helburu batzuk ekonomikoak soilik ez diren bezala.

 

Neurgarri bilakatzen ari dira antolakundeetan harreman eta komunikazio adierazleak, lan giroaren kalitatea bereizten dutenak, edota giro emozionalaz, engaiamenduaz edota motibazioaz hitz egiten digutenak. Eta geruza horiek beti dute lotura bat itxiera ekonomikoekin, elkarrizketa honetatik datoz aurrera begirako plangintza eraginkorrak, sistema biziak bezain humanoak gara.

Baina aurtengo amaiera garaiak denbora-lerro jakin bati begira jarri nau bereziki. Gatazkak izan ditugu langai 2025 honetan, lantalde mailakoak, antolakundea ardatz izan dutenak, harreman eremukoak zein barnekoak. Bai, gutako bakoitzaren baitan zenbat gatazka kanpoan ispilu gisa biderkatzen direnak.

 

Eta gatazka-balantzea egingo bagenu urtea ixteko? Urtea lerro bat gisa marraztu, eta bertan markatu sumatu ahal izan ditugunak? (spoiler: beti ditugu gatazkak) Udaberrian lankide harekin izan genuen tentsio hura, ulertzeke geratu zitzaiguna, edo uda sarreran lantaldean blokeoa eragin zuen zera izendaezina? Eta udazkeneko barne egonezin sotil baina iraunkor hura? Gatazkaren seinaleak, sumatu ala ez, hor egoten dira, eta intentsitate jasanezinera iritsi arte ez ditugu begiratzen askotan. Begiratu diot nire urteari. Sei marka egin dizkiot nire marrari, eta erdiak gatazka intrapertsonalak dira, nire baitakoak. Kanpoan isla izan dutenak ordea, hala esan didazue.

Etxetik ikasten ditugu gatazkei begirako estrategiak, eta gure beste familietan (sozialak, enpresarialak, lagunartekoak) goaz hauekin bizitzeko, edo hauei aurre egiteko bideak sakontzen edo zabaltzen. Kanpo gatazkekin oso ongi harremantzen nintzen gaztaroan, irabazi-galdu estrategiatik, galtzaile izatetik irabazle izatera bideak pizten ninduen, erregai zen ingurua aldatzeko. Gero eta gertuagokoa izan gatazka, ordea, hurbileko nuen norbaitekikoa zein nire baitakoa, sugandilaren estrategia nuen lehen eta azken aukera, ihesa.

Gatazkarik badagoenik ere ikusi nahi ez izatea bizitzako garai ezberdinetan izan dut bidelagun, esku artean lehertzeak agerian jarri izan dizkidan arte. Hegoafrikako gatazkan murgilduta egon zen nazioarteko aditu bati win-win aukera lehen aldiz entzun nionean burua lehertu zitzaidan, eta baita arrakala berri bat zabaldu ere, gatazkei begirako ulermenean. Prozesu lanak (process work) sutondoan eseri ninduen arte. Zerbait egosten hasi zen orduan.

Covid pandemiaren aurreko asteetan murgildu nintzen Giza Gatazkaren Eraldaketarako Zentroaren eskutik Arnold Mindellen metodologia eta begirada ulertu eta entrenatzera, bereziki ulertezin zitzaidana ulergarri bihurtzeko. “Lidergoa ez da gatazkari ihes egitean oinarritzen, bere baitan presente irauteko adorean baizik” zioen berak. Suari iskin egin baino, suaren ondoan eseri, norbere egurra erretzeko.

Zer da, ordea, gure egurra erretzea? Gure muga propioak sumatu eta zeharkatzea; zentzua topatu arte gure emozio zail eta ziurgabetasunei eustea, edota gure pribilegio eta botere-zauri propioekin lan egitea. Nahi beste zura, erregai.

Agian ez gara amaitzen den urteko gatazka guztietan eseriko, ez diegu su guztiei egurra botako. Baina zer gertatuko da horietako bat hautatu eta datorren urte honetan geure egurra erretzen hasten bagara, bakoitza berea? Izan ere, komunitateak ez baitira sortu eta elikatzen suari ihes eginez, bertan eseritzen baizik, zerbait berria azaleratu dadin beste.

Eta agian gure lantalde eta antolakundeak kiskaltzea ez da datorren urteko balantzearen parte izango.

Suaren alboan
Suaren alboan | Argazkia: Aran Erasun