Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Gazte zaharrak

2022eko irailaren 27a
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Roger Federer tenislari suitzarrak erretiroa hartu zuen joan den astean. Ikusgarria da atzean utzi duen ibilbidean lortutakoa: 20 urte pasa eman ditu goi-mailan jokatzen eta irabaz daitekeen guztia irabazi du, behin baino gehiagotan, gainera. Karrera ikusgarria eteteko erabakiaz galdetuta esan du hauxe zela momentua, bere adinarekin “zaharregia delako” lanbidearen eskakizunei behar bezala eusteko. 41 urte ditu.

 

Lanaren merkatua arrazoi askorengatik aldatu da azken bolada luzean eta faktore horietako bat da, hain zuzen, gizarte-egituran gertatu diren aldaketa sakonak, adinak ingurumaria horretan jokatzen duen papera barne.

Txanponaren alde baten, adibidez, talentuaren eskasiak sektore asko kinka larrian utzi ditu eta nola edo hala, jende gaztearentzat erakargarriagoa den ingurunea nola sortu dute buruhausterik handienetakoa. Lan egiteko modu berriek eskakizun gehigarriak ekarri dituzte, eskaria eta eskaintza egokitu beharra: nonahitik eta ordutegi-malgutasun gehiagoz, lan-ingurune inklusiboagoan lan egiteko baldintzak eskatzen dituzte belaunaldi berriek eta bistan da lehengo molde zurrenean ez direla egundo kabitzen. Txanponaren beste aldeari ere begira diezaiokegu, gazteak erakarri behar hori areagotu egiten duen beste joera bati, hain zuzen: erretiroa hartzeko adinera sasoi betean eta egundoko eskarmentuarekin iritsi den langile-belaunaldi osoa nola ordezkatu asmatu ezinik dabiltza beste toki askotan. Ez da oso urrutira joan behar, euskal administrazioa baita horren adibide argi. Ez da oso azkarra izan behar aurreikusteko ordezkatze-sistema sendorik ezean ezagutza eta talentu-galera handia gerta daitekeela aurreikusteko.

 

Ni jaio nintzen urtean, EAEn bizitza-itxaropena 71 urtekoa zen batez beste; emakumeok zertxobait gehiago bizi ginen orduan ere, gizonak gutxixeago. Geroztik, hamarkada bakoitzean ia bi urtez hobetu da bizitza-itxaropena gurean, eta gaur egun emakumeok 87 urtetan dugu batezbesteko atalasea (bai, gizonak apur bat beherago geratu zarete). Munduan adin horretara iristeko esperantza askok dute, baina demografikoki hitz eginda, ez dira denak hara iritsiko: bizitza-itxaropena desberdintasunen adierazlerik behinena da. Guri munduko tokirik onenean egotea suertatu zaigu, Historiako unerik onenean, gainera. Eskerrak, jaiotze-tasak bizitza-itxaropenaren kontrako bidetik egingo baitu.

Maiz kontrakoa uste izaten dugun arren, adina ez da kontzeptu absolutua. Gaur egungo bizitza-kalitatearen irizpideetan, Federer gizon gaztea da, baina zaharregia ere bada, gaztetasunari atxiki ohi zaizkion gaitasunak lehenesten dituen lanbidean jardun ahal izateko behintzat.

Kontraesankorra dirudi. Aldeak alde (eta aldeak oso handiak direla aitortzen dut) egoera bertsuan gaude gure inguruko enpresa eta erakunde askotan. Belaunaldien arteko lan-egiturak kudeatzeko zailtasun handiak ditugu. Zaharberritu behar dena ez da soilik piramide demografikoa.