Komunikazio eta lidergo aholkularia

Gehiago da dakiguna

2026ko ekainaren 17a - 05:30
Aran Erasun 1

“Ezin dugu %5arekin soilik bizi”, Nagore Legarreta sortzaileari entzun nizkion hitzok Urumea ibaiaren ertz batean. Iltzatuta geratu zitzaidan ideia, elkarrizketa luze eta sakon baten emarian jasoa. Urteotan sormen prozesu pertsonal eta kolektiboak errazten ikusi dut, beti direlako kolektibo talde ikasketa testuinguruan, eta hitzoi zentzu berriak hartzen joan naiz. Gainontzeko %95 hori aktibatzen, elkar sustatzen. Gure sortze ahalmenaren, elkar konexio gaitasunaren eta ulermenaren alde oso mugatu batekin funtzionatzen dute gure egitura askok, eta (elkarrekin) ahal dugunaren begirada leku bila dabil, bereziki ziurgabetasunak ezaugarritzen duen une honetan.

 

“Elkarrekin dakiguna gehiago da”. Mapa mentalak erabili ditugu azken lansaioetan, talde lidergoak lantzeko prestakuntzetan, eta ideia honek lekua hartu du. Ikuspegi berriak elikatzen dira denon elkarrizketatik bisualki ideien arteko lotura irudikatzen dugunean, eta espazio komun horretatik, hitz eta irudi bitartez osaturiko mapa horietatik, ideiak konbinatu, hedatu eta berrinterpretatzeko lurralde dira.

Proiektu, formakuntza edo mintzaldiak ernaltzeko abiapuntu bilakatu dira mapa mentalak nire jardueran, ahalmenaren ertzak hedatzeko baliogarri zait, baina bereziki prozesu osoan kokapena, segurtasuna eta jarioa eskaintzen didate. Joko-zelaia bezala, etengabe konexio berriak norabide ezberdinetan egiteko lanabesa. Prozesuak bizirik baitaude, talde lana diren heinean. Eta taldean pentsatu eta ikasteko kanaletakoa dugu, ikusmira asko pizten eta hedatzen dituena.

 

“Eta nola ez dugu guk halakorik erabiltzen gure proiektuen abiapunturako, edo zailtasunei heltzeko?”, galdetu zidan kultur eremuko lantalde bateko kideak saio batean. Ba ziur aski prozesuak %5 horri soilik begira diseinatuak ditugulako, modu linealean josiak eta zerrenda ikuspegian. Ezinbestekoa dugu logika hau proiektuen kudeaketan, baina honekin soilik ezagutzaren, jakituriaren eta esperientziaren alde handi bati etekin txikia ateratzen diogu.

Izan ere, proiektu eta prozesuen jarraipenerako, koordinaziorako, eta “nola goaz?” horiei erantzuteko bilkura eta euskarriak erraz ezartzen ditugu. Zereginak ikustea agerikoa da, baina agerikoa ez dena ere langai dugu, elkarrekin pentsatzea edota inteligentzia kolektibo horri markoa, esperientzia (mapa mental bat elkarrekin egiten dugunean, esaterako) eta euskarria (geratzen den irudia, denon ideietatik sortua) jartzen dizkiogunean prozesuak eraldatzen ditugulako.

Buru mapen bitartez pertsona guztien ekarpenari lekua egiten diogu, oso komunikatzeko modu ezberdinak izanda ere. Oso urrun suma daitezkeen ideiak hurbildu egiten ditugu, harremanak sortu, ideia berriak konexio horietatik sortu. Arazo edota erronken aurrean hasierako soluzio bakar eta agerikoaz harago joaten laguntzen digu. Proposamen berriak beste pertsona batzuen proposamenetatik abiatuta garatzeko aukera errazten digu. Eta, bereziki, analisian dauden ikuspegi aniztasuna indartzen du. “Gehiago dakigu”.

Edward de Bonok pentsamendu lateralaren inguruko ekarpena egin zuenean, ohiko arrazoitze patroietatik ihes eginez konexio berritzaile, ez aurreikusgarri, alternatibo eta sortzaileak lortzeko bideez hitz egiten zuen, eta horrexetan laguntzen digute mapa mentalek, besteak beste. Mapa mental kolektiboak bide erraz eta biziak izan daitezke horretarako, baina ez bakarrak. Dakigunari lurraldea jartzeko, eta jarioan mantentzeko.

Ziurra den bakarra da aldakorra den garaiotarako lantaldeek hobe pentsatu, azkarrago ikasi eta antolakundeentzat balio handiagoko konponbideak sortzeko azpiegitura kognitiboak behar ditugula. Elkar entzun, ekarpena egin, hitz eta irudi bitartez jaso, eta elkarrekin pentsatzeko galdera ezberdinak egiteko denbora, toki, marko eta baldintzak soilik behar ditugu. Ez da denbora kontua, pentsatzeko modu ezberdinak artikulatzea baizik.

“Dakiguna gehiago da, elkarbanatu dugulako”.

Dakiguna
Dakiguna | Argazkia: Aran Erasun