Gelak alokairuan

Airbnb Rooms iragarri berri du joan den astean etxeen alokairu errazerako aplikazioak. Orain arte etxeak, apartamentuak eta pisuak eskaini ditu Airbnb enpresak, baina “aplikazioaren jatorrira itzultzea erabaki dute”, eta etxebizitzetako maizterrei etxeetan logelak eskaintzeko aukera emango die ohiko ostatuen aldean esperientzia “merkeagoa eta benetakoagoa” nahi duten hartzaileei. Etxe osoen alokairuetan ez bezala, Airbnb Roomsen logela bat erreserbatzen duten bezeroek eremu komunak partekatzen dituzte, hala nola sukaldea, bainugela edota egongela. Funtzionalitate teknologiko —eta negozio iturri— berri horrek izugarrizko iraultza eragin dezake merkatuan, eta oraindik goiz bada ere, ekar ditzakeen eraginak aztertuko ditugu.

Bere operazioetan hainbeste eragin zuen pandemiaren ondoren negozioaren indarra berritzeko ahalegin gisa, Airbnbek 50 ezaugarri berri aurkeztu zituen, Rooms zerbitzu berriarekin batera. Gela edo etxebizitza norekin partekatuko den ezagun dadin, gelak “anfitrioiaren pasaportea” izeneko atal bat izango du, eta, horri esker, bezeroek jabeari buruzko informazio gehiago lor dezakete beren egonaldia erreserbatu aurretik.

Airbnben hitzetan, Rooms erabiltzea modu ezin hobea da “jende berria ezagutzeko, eta hiria bertatik bertara esperimentatzeko balioko du, pandemiaren ondoren pertsonekin berriro konektatzeko modu bikaina dela” aitortuz. Bidaiariaren poltsikorako ere “aukera errazagoa dela” diote etxebizitza osoa alokatzea baino; izan ere, konpainiaren arabera, gela pribatuen %80 baino gehiagok 100 dolar baino gutxiago balioko du gau batengatik, eta batez besteko prezioa gau bakotzeko 67 dolarrekoa da.

Gelen alokairua sustatzera itzultzeak ere mundu osoko hiri eta eremu turistikoetan duen eragin zabalenari buruzko kritikak handitu ditzake. Izan ere, etxe osoen alokairuak handitu ahala, gentrifikazioaren, gehiegizko turismoaren eta etxebizitza-eskasiaren inguruko liskarren erdian egon ohi da enpresa ezaguna. Oporleku tipikoetan alokatu izan du turistak —hirien zentroan edota bisitatu beharreko leku ikusgarrien ondoan— eta jabeek alokairu-merkatutik etxeak kendu dituztela salatu dute beti bertakoek. Orain horri erantzun nahian atera dute gela pribatuena, ustez etxebizitzen alokairu-merkatua baretuko duen aukera berri bat sortu baitute.

Txanponaren beste aldean, ordea, oraindik eragina ezagutzeko goiz den arren, hona hemen gerta daitekeenaren aurreikuspen bat: Rooms turismo merkeago bat eskaintzera etorri da, beste turista profil batzuk erakarriko ditu, eta horrek tentsioak eragin ditzake turisten eta bertako bizilagunen artean, bizi-kalitatea murriztuz. Etxebizitza komunitateak are aldakorrago eta ezegonkorragoak bilaka ditzake funtzio horrek, eta auzoaren edo komunitatearen izaera arriskuan jarri.
Zenbait herrialde eta hiritan erregulaziorik ez izateak aukera eman diezaieke Airbnb Roomseko maizterrei eta beste ostatu-zerbitzu batzuei lege- eta zerga-baldintzak bete gabe jarduteko. Horrek lehia desleiala eragin dezake, eta ostatuek segurtasuna eta fidagarritasuna gal dezakete bezeroentzat hemendik aurrera. Maiatza hasi berritan Airbnbek iragarritako funtzionalitate berriaren eragin erreala ikusteko dago, baina ekar ditzakeen kontrako ondorioak aldekoak baino gehiago direla garbi dut. Ikusiko dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK