Geltokiak

Irakasleak behin eta berriro esan eta gero, azkenean ikasi nuen bi punturen arteko biderik laburrena marra zuzena dela. Laburra bada, irtenbiderik eraginkorrena ere badela ondorioztatu nuen, logikoa baitzirudien, eta begi hutsez egiaztatzeko modukoa, gainera. Eskolan funtzionatzen duenak, ordea, ez du zertan bere horretan zuzena izan kasu guztietan, bizitza beste upel bateko sagardoa baita. Geometriak ez zidan irakaspen garrantzitsu hori eman; bai, ordea, eskarmentuak. Mendi-osteratxoa egin duen edonork ongi baino hobeto daki, esate baterako, zirri-zarra aurrera egitea ezinbestekoa dela zeharo agorturik amaitu nahi ez baduzu: bide zuzena, laburragoa izanik ere, askoz nekezagoa izan ohi da, ezinezkoa askotan.

Hurrengo domekan Espainiako Kongresura eta Senatura zein ordezkari joatea nahi dugun erabakiko dugu. Ez dugu aukeratuko nor izango den Espainiako presidentea, hori parlamentuan gehiengoak osatzeko abileziaren baitan geratuko baita. Alderdiren batek hitz eman badu ere, ez dugu aukeratuko zerga guztiak automatikoki jaistea, erabaki hori nekez har baitaiteke alderdi bakar baten erabakimenez, are gutxiago, gurean, EAEn eta Nafarroan kontzertatuta baitaude zerga bilketa eta banaketa. Industria-politika (halakorik balego, behintzat) ez da egun batetik bestera itxuraldatuko gobernuaren kolorea edo koloreak zeharo aldatuta ere. Biolentzia matxista existitzen dela jakiteko ez da alderdi politiko baten baimena behar, eta klima-aldaketa ukatzen duenak ez ditu haren ondorioak desagerraraziko.

Lerro zuzenik ez dago hauteskunde-kanpainan zehar hitz ematen zaigun eta egiazki egingarria denaren artean. Bizitza publikoa antolatzeko ezinbestekoa izanik ere, gobernu bat ez baita ahalguztiduna, ezta gutxiagorik ere ez. Politika ez da geometria, zorionez.

Hannah Arendtek 1951. urtean idatzi zuen Totalitarismoaren jatorriak bere lanik gogoangarrietakoa, eta bertan ohartarazi zigun lerro zuzenen arriskuez. Bere hitzetan, pentsamendu eta gizarte-ohitura totalitarioak ezin zaizkie leporatu soilik muturreko bideetatik eraman nahi gaituztenei. Horien ardura handia izanik ere, nekez lortuko zuten balio demokratikoak higatzea haien ondoan ez baleude errealitatea fikziotik, ekintzak promesetatik edo egiak gezurretatik bereizten ez dituztenak. Den-dena sinisteko kapaz diren eta aldi berean, ezertan ere sinisten ez dutenak. Askoz ere energia gehiago behar da gezur bat ezeztatzeko, gezur hori sortzeko eta edonora helarazteko baino. Nahikoa da begi-bistakoari adi ez egotea une labur batez, esaten zaigun guztia posible iruditu dakigun.

Kontrakoa esaten badigute ere, alderdi politikoak ez dira taxiak: ezin gaituzte zuzenean eraman gauden tokitik iritsi nahi dugun leku hobe batera. Izatekotan, helburu dugun toki horretara gehien hurbiltzen den geltokian utzi ahal gaituzten garraio publikoko autobusak dira. Egunotan barra-barra esaten ari zaiguna entzunda, desberdintasun hori azpimarratzea egokia izan daitekeela iruditu zait, hain begien bistakoa den zerbait esateak lotsa apur bat ematen badit ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK