• IRITZIA
  • Genero-berdintasuna lortzeko 171 urte beharko dira oraindik
Arantzazulabeko zuzendari nagusia

Genero-berdintasuna lortzeko 171 urte beharko dira oraindik

2026ko irailaren 30a - 05:30
Naiara Goia Arantzazulab

Hala dio Nazio Batuen Erakundeak irailean argitaratutako Gender Snapshot 2026 txostenak: egungo erritmoari eutsiz gero, 171 urte beharko dira genero-berdintasunerako Garapen Jasangarriko Helburua lortzeko. Mende eta hiru laurden inguru.

 

Datu kezkagarriak daude txosteneko atal askotan. Enpresa-lidergoari erreparatzea besterik ez dago: burtsan kotizatzen duten aztertutako enpresetan, emakumeak zuzendari nagusien %5,8 baino ez dira, eta administrazio-kontseiluetako eserlekuen %25,1 betetzen dituzte. Kontseiluetan sartzea lortzen dutenean ere, oso gutxitan izaten dute erakundearen norabidea erabakitzeko boterea. Gainera, kontseiluetako emakumeen ordainsaria, batez beste, gizonena baino %67,6 baxuagoa da. "Kristalezko sabai bikoitza" deitzen dio txostenak horri. Ez da prestakuntza falta. Kontseiluetako emakume gehiagok dituzte goi-mailako tituluak: %40,5ek, gizonen %33,5en aldean.

Duela gutxi, Leadership and Change izeneko zuzendarientzako prestakuntza exekutiboa amaitu dut London School of Economics and Political Science unibertsitatean. Bitxiki, han gehiengoa emakumeak ginen: egungo enpresa eta gizarte konplexuen testuinguruan hobeto lideratzeko gaitasun berriak lantzen. Aspalditik sentitzen dut lidergoaren paradigma berrien eraikuntzan ekarpen aktiboagoa egiteko konpromisoa, eta nire esparruan ahalegin horretan alea jarri nahiak eraman ninduen baita formakuntza hau egitera. Eraldaketa sozial, teknologiko eta ekonomiko sakoneko garai honetan, ezinbestekoa iruditzen zait erreferente berriak sortzea, egiturazko aldaketak bultzatzea eta lidergo-eredu berriek eragin positiboa izateko ahalmena dutela argudiatu ez ezik, erakundeentzat abantaila lehiakorra ere badirela frogatzea. Testuinguru horretan, bereziki interesatzen zait aztertzea nola lagun diezaguketen lidergoaren ikuspegi kolektiboek eta, bereziki, lidergo feministaren ikuspegiek, adibidez, boterea, zaintza eta lankidetza berrirudikatzen, gaur egungo erronka konplexuei erantzuteko. Sakonago ulertu nahi dut, halaber, nola lagun dezaketen genero-berdintasunak eta lidergo feministak gobernantza sendotzen eta erakundeen lehiakortasuna hobetzen.

 

Enpresetatik harago, botere politikoari buruzko datuak ere jasotzen ditu txostenak: munduan zazpi herrialdetatik sei gizonek zuzentzen dituzte. Defentsa-ministroen ia hamarretik bederatzi eta finantza-ministroen hamarretik zortzi baino gehiago gizonak dira. "Botererik gabeko berdintasuna ez da berdintasuna", boterea emakumeak baztertzen dituzten erakundeetan kontzentratuta egoteak gizarte osoaren garapena mugatzen du. Beste eraldaketa sakon baten premia begi-bistakoa da.

Horregatik, txostena irakurtzeak lanean jarraitzeko adorea ematen du, batetik. Baina, bestetik, datuak hor daude: 171 urte. Horrek ez du motibaziorako aldartea elikatzen.

Londresen, genero berdintasunari buruzko erakusketa batean horma batean idatzita ikusi nuen esaldi bat datorkit gogora: “I can’t believe I still have to protest this shit” ("Ezin dut sinetsi oraindik honen aurka protesta egin behar izatea"). Ba horixe. A ze nekea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain