Irango gerra gori-gori dagoen honetan, urruneko albistetzat jo dugu gehienok. Telebistan mapak, misilak eta diplomazia adierazpenak ikusten ditugu, baina badirudi gure eguneroko bizitzarekin lotura gutxi duela. Geopolitikaz tutik ez dakigunoi zaila egiten zaigu gerrek gure bizitzetan duten harreman zuzena ulertzea, baina gure ekonomiaren, kontsumoaren eta gure erabakien bidez ere elikatzen direla ikasi behar dugu. Gauzak horrela, zer ikasi dezakegu eta zein ohitura aldaketa egin ditzakegu horrelako mundu mailako gerra batean herritar arrunt gisa?
Hezkuntzan, hasteko. Gerrak askotan sinplifikazioen bidez azaltzen dira: alde onak eta alde txarrak, aliatuak eta etsaiak. Baina errealitatea konplexuagoa da. Herritar kritikoak behar ditugu, propaganda eta informazio interesatua bereizteko gai direnak. Gero eta garrantzia handiagoa duen geopolitikaz ezer ez dakigula konturatu beharra dugu, energia politikak aztertu eta ekonomia globalaren mekanismoak ikasi. Hezkuntza kritikoa da demokraziaren lehen defentsa lerroa eta gure buruak mundu globalizatura moldatu behar genituzke lehenbailehen.
Bigarrenik, finantzak. Gure aurrezkiak ez dira neutroak: funts handiek gure dirua inbertitzen dute, eta sarritan armagintzarekin, energia geopolitikarekin edo gatazkekin lotutako sektoreetan amaitzen du. Europako hainbat ikerketek erakutsi dute milaka milioi euro bideratzen ari direla armagintza industriara, baita orain piztu den Irango gerran erabiltzen ari diren “defentsa-teknologia” finantzatzera ere. Herritar bezala, banka etikoak edota sozialki arduratsuak diren funtsak aukeratzea dagokigu orain, edo gutxienez galdetzea —egin daitekeelako, noski— gure aurrezkiak zertan inbertitzen diren. Gure diruak ere boterea ematen du.
Bestalde, energiaren kontsumoan. Gerrak petrolioa, gasa edo baliabide estrategikoak lortzeko sustatzen dira, askotan bestelako motibo politiko edo erlijiosoak aitzakia hartuta. Mendebaldeko herrialdeek hamarkadetan ekonomia erregai fosilen gainean eraiki dute, eta horrek dependentzia geopolitiko arriskutsuak sortu dizkie. Kontsumo ohiturek badute hemen zerikusirik: energia berriztagarrien alde egiteak, tokiko ekoizpena lehenesteak edo kontsumo arduratsuago batek ez du berehala gerra bat geldituko, baina pixkanaka logika ekonomiko bat aldatzen lagun dezake, eta energiaren inportazio-esportazio beharra gutxitu.
Eta, azkenik, dimentsio kultural eta politikoa. Gerren aurrean askotan distantzia emozionala hartzen dugu, baina gerrek agerian uzten dute zein lotuta dagoen gure eguneroko bizimodua mundu mailako egiturekin: energia, merkataritza, segurtasuna edo teknologiaren kontrola, kasu. Horregatik, garrantzitsua da herritar moduan ikuspegi zabal eta arduratsuago bat garatzea. Ez gara soilik kontsumitzaile edo zergadun, komunitate politikoen —pluralean diot— parte gara, eta gure gizarteek hartzen dituzten erabakiek ondorio globalak dituzte. Kulturalki, agian erronka nagusiena kontzientzia garatzea da, plano bikoitza ulertzeko ahalmena: plano lokala eta globala. Munduko gatazkak ez dira kanpo-arazoak, gure eredu ekonomiko eta politikoarekin lotuta dauden gertuko errealitateak baizik.
Guzti honekin ez dut esan nahi munduko gerra baten norabidea alda dezakegunik, baina bai gure erabakiak —non aurrezten dugun, zer kontsumitzen dugun, zer ikasten dugun— sistema handiago baten parte direla, eta eragiteko gaitasuna ere badugula. Bakea eguneroko erabaki txikien arkitektura ere bada, eta arkitektura horretan, herritarrek ere badugu zer eraiki.