Gerezitara

Gabon egun hauetan ekonomilariok hortxe aritu gara mahai eta otorduen bueltan politika ekonomikoen tripak azaldu nahian. Batzuetan ofizioz eta besteetan senitarteko despistaturen batek eskatuta. Azken hori izan bada zuen kasua, errugabeek ekonomia-mezatan eta errudunek gorrotoz betetako begiradatan ordaindu dute galdetu izana.

Ez dakit inork ezer ulertzea lortu ote dugun, baina zuen hurbilekoak zuek bezain grinatsuak izan badira, orduan meza ekonomikoa eztabaida bilakatuko zen akaso. Ziur-ziur erdietsi duguna izan da gure astun ospea kontsolidatzea eta azpimarratu nahi genituen ñabardura guztien atzetik mahaikideak ideia bakarrarekin geratzea: bihurguneak datoz eta inork ez dauka guztiz argi nola aterako garen ataka honetatik. Zaharrak berri, bide batez.

Hara, bakoitzak badu eztabaidetan sutan jartzen duen printza bat. Bai, mindfulness egiten duzuenok ere bai. Nire gurutzada pertsonala cherry-picking deritzonari gerra totala egitea izaten ari da azken urteotan; ikasgelan, etxean, kafetegian nahiz okindegian.

Cherry pickingean edo gerezi-bilketan aritzea, frogak hautatzearen falazia erabiltzea da. Hau da, aldagai zehatz bat edo gutxi batzuk era isolatuan eztabaidara ekartzea, analisi oso bat egiteko beharrezkoak liratekeen beste aspektu batzuk eztabaidatik kanpo utziz. Edo gure amonak esango zukeen bezala, “komeni zaizuna bakarrik kontatzen duzu”. Ekonomiaz ari garela, ingurune informaletan maiz nahigabe egiten den praktika izan ohi da. Gaiztakeria apur batekin esango nuke, bestelako ingurunetan (hainbat komunikabidetan, instituzio publikoek igorritako mezuetan, hainbat publikazio akademikotan…) ere usu gertatzen dela gerezi-bilketan aritzea, baina tristeki ez nahigabe.

Hala, egun hauetan poztu gintezke ez dakit zein sektoretan hainbat lanpostu sortu direlako, edo azken urteetan langabeziak behera egin duelako, edo etxebizitzaren eskasiarekin amaitzeko X eraikin berri eraikitzen ari direlako. Kontrara ere, gerrikoa estutu beharraz konbentzitu ahalko gaituzte, inflazioa denontzako berdin igotzen ari dela esanda. Nola ausar gintezke KPIaren adinako soldata igoerak eskatzera kostu igoerekin itotzen ari den enpresatan?

Alta, titular horiek esaten ez dutena, esaten dutena baino askoz ere gehiago izan liteke: langabeziak behera egin arren pobreziak gora egiten jarraitzeko gaitasuna erakutsi duela, etxebizitza parkearen gero eta zati handiagoa Airbnb edo bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dela, zenbait enpresak inflazioaren estualdia pairatzen duten bitartean beste batzuk irabaziak handitzen ari direla…

Bigarren hezkuntzako ekonomiako irakasle gisa nire lana da ikasleak halako falazietan ez erortzeko prestatzea. Baina zaila da, oso, argudio oso bat eraikitzeko beta hartzea. Gero eta bakanagoak dira txio, zaska eta titularretatik haratago joatea lortzen duten elkarrizketak. Halakoak entzuteko beta izango zuten nire ikasleek gabon hauetan. Tonaka. Errealitate bat ordezkatzen ez duten gerezikadak tirokatzen etorriko zaizkit.

Gure gizarte miopeak egingo zuen bere lana. Orain niri dagokit entzun dituzten anabasak banaka-banaka harilkatzen, elkarren ondoan jartzen eta horiekin taxuzko zerbait irun dezaten tresnak ematea. Haiek botako dizkidaten gerezikadak goxo-goxo jorratzen ahaleginduko naiz. Ahalegina bermatu dezaket. Goxotasuna aldiz ez. Baina betiere helburua argi izanik aritu beharko naiz: nire ikasleak etorkizunean gerezitara hurbilduko zaizkienak elkarrizketa osasuntsura eramatea. Eta hori ezinezkoa den kasuetan (zeren izan badaude izaki entzungorrak), gerezitatik pikutara bidaltzeko gai izan daitezela. Ahal dela, hori ere goxotasunetik, zaskatik baino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK