Aldatzen doa gure ingurua, gure gizartea, eta nola ez, gu geu ere aldatzen goaz. Duela hogei urteko bizitza estiloak ez du zerikusirik gaur egungoarekin, eta hori ere aski nabaria da lan-munduan. Kalitatezko talentua erakartzeko hainbeste zailtasun dauden garai honetan, ez dago besoak gurutzatuta geratzerik, izan ere, benetan balio duen langilea zaindu ezean, guk sortutako habi goxo hori uztea tentagarriegia suertatu liezaioke.
Moldatzea besterik ez zaigu geratzen, entzutea zeintzuk diren belaunaldi berrien beharrak, betiere eskua eman eta besoa hartzen ez badigute, behintzat. Gazteen ahotsek argi diote: aitzineko lan-ereduek ez dute tokirik egungo errealitate soziolaboralean, aurrerapausoak eman behar dira, eta enpresak derrigortuta daude egungo behar errealetara egokitzera.
The Times Generation Z Survey 2025 txostenak jasotakoaren arabera, telelanerako aukera, edota behintzat noizbehinka urrunetik lan egiteko abagunea izatea giltzarri bihurtu da lanpostu bat hautatzerako orduan. Izan ere, gaurko gazteek lan-eremuan askatasuna edota erosotasuna izatea baloratzen dute, hainbat kasutan soldata erakargarriago baten aurretik. Beraz, nolabait ere XXI. mendeko enpresei egokituko zaie eredu tradizionalek eskaintzen ez dituzten malgutasun, erabakitzeko ahalmen edota bizitza pertsonala uztartzeko aukerak eskaintzea.
Hori gutxi balitz, hainbaten eta hainbaten iritziz, etxetik lan egiteko aukera ez litzateke nolabaiteko onura gehigarri gisa saldu behar, lan-eskaintza orok izan beharreko ezinbesteko ezaugarritzat baizik. Are gehiago, lan-merkatuan sartzen ari diren profesional berriek lan-giro malgua eta beraien behar pertsonaletara egokitzeko premia adierazten dute, eta hori bete ezean ez dute lan-eskaintza ukatzeko inongo erreparorik.
Ezinbestekoa deritzot enplegatuen nahiak lehen lerrora ekartzea, aldiz, ezin utzi enpresen beharrak ahanzturan erortzen. Horiek, kasurik gehienetan, beraien balioekin bat egiten ez duten talde-giro falta, gertutasunik eza eta indibidualismoa salatzen dituzte. Lan egitea ez da emaitzak lortzea soilik, lantokia harremantzeko txokoa ere bada, beraz, pentsamolde horrek talka egiten du gaur egun dugunarekin, lana dirua lortzeko tresnatzat besterik ez baitute gehienek, eta ez beste ezertarako.
Argi dago, datozen urteak aldaketa handiko garaiak izango direla; teknologiak aurrerapen itzelak ekarri arren, gizatasunean atzera egingo ote dugun kezka ezin dut burutik kendu. Bakardaderako joera gero eta nabariagoa da, bai eremu pertsonalean, bai profesionalean; edonola ere, ez gaitezen errealitatetik aldendu, izaki sozialak garen heinean aurrez aurreko hartu-emana behar baitugu, eta hori ezin du inongo makinak ordezkatu. Egin dezagun aurrera, ahaztu barik nor izan garen, eta nola ez, nor izan nahi dugun.