Gertatzen ari da

Duela egun batzuk bolo-bolo ibili zen Irautea iraultzea denean izeneko artikulua. Bertan aleka-aleka kontatzen dizkigute komunikabideetan aritu ohi diren profil ezberdinetako hainbat emakumek haien esperientziak. Haien egunerokotasunean jasaten dituzten gauza handi eta txikiak. Horietako askotan ikusi dugu islatuta gure bura emakume askok, nahiz eta gure jarduera profesionalak beste esparruetan garatu.

Aipatutako zenbait bistakoak eta ukaezinak dira: behin eta berriz emakume bakarra izatea espazio batean, lan estatusa, kontratu moten arteko aldea. Baina gehien mintzen gaituztenak kontu sotilagoak izaten dira maiz. Kuantifikatzen zailak direnak. Hain barneratuta ditugulako ikusi ere egiten ez ditugunak.

Ekonomia eta finantzen mundua ez da salbuespena, jakina. Espazio maskulinizatu asko daude, nahiz eta arlo horietako ikasketak egiten dituzten gizon eta emakumeen ehunekoak oso antzerakoak izan. Baina nola ez dira izango? Nola ez dugu arnasezinak zaizkigun aire horietatik alde egingo? “Hau ez da zure lekua” esateko modu asko daude, eta emakumeoi kolore, forma eta zapore gama guztiarekin esaten zaigu gauza bera egunero.

Niretzako mingarrienetako bat izaten zena intentzio onenetik abiatu ohi zen, tristeki. “Ez bazara zu etortzen ez da emakumerik egongo”. Edo “emakume bat behar dugu X egiteko, aurkezteko, hitzaldia emateko...” esatea, konplizitate pozoitsu batetik. Nik une hartan entzuten nuena zera baitzen, ez nindutela egin nezakeen ekarpenagatik deitzen, edo nire ideiek haientzat inolako interesik zutelako. Entzun nahi zituzten gizonez osatua zuten dagoeneko mahaia, eta haiei ere itxura txarra hartzen zienean, orduan niri deitzen zidaten, gizon haiei zilegitasuna emateko. Hau da, “hau ez da zure lekua, baina egingo dizugu, gure lekua izaten jarrai dezan”.

“Oso zaila da X egiteko emakumeak lortzea” etsipen konplizez esatea da beste esaldi labainkor horietako bat. Egia da, jakina, baina ez da zintzoa ez bagaramatza arrazoiak arakatzera eta horien aurrean neurriak hartzera. Ez baita bi egunetan aldatuko. Ez baita antolatu nahi den kongresuko, hitzaldiko, ekitaldiko kartela osatu arteko denboran konponduko. Eta behin kartela osatuta, hurrengora arte ahaztu egingo dugu zein zaila zen emakumeak topatzea.

Arrazoi asko daude emakumeok zenbait espaziotan ez egoteko. Ez gaude zenbait lekutan gure lana hartu eta haiena bezala aurkeztu dutelako. Edo guk geuk egindako txosten finantzarioak bi urteko haur bati bezala azaldu dizkigutelako bileretan. “Eta ratio honek esan nahi du... Eta beste honek esan nahi duena da...” Edo guri zegozkigun erabakiak, dagoeneko hartuak eta adostuak, gizonen arteko espazio informaletan desegin direlako. Tabernan, asteburuan futboleko patxangan. Edo beste hautagai guztiek baino titulazio eta eskarmentu gehiago izanda ere, “ez dakit zer den, baina zerbait falta zaio” bezalako komentarioekin gutxiesten gaituztelako. Edo infantilizatu egiten gaituztelako. Edo doktoratu bat eta 10 urteko esperientzia ikertzailea duen emakume bat ez delako aditua kontsideratzen. Edo bilera hertsiki profesionalak azken orduan lekuz aldatu eta “etorri nire etxera” bezalako lekuz kanpoko gonbiteak jasotzen ditugulako gizon ezezagunengandik. Edo ez dugulako bulegoan Xekin bakarrik geratu nahi, hotzikarak ematen dizkigulako begiratzen digun moduak.

Denbora asko galdu dut halakoak gertatu izan zaizkidanean nire burua zalantzan jartzen. Benetan hau edo bestea esan ote duten galdetzen. Izan ere, zure kideek halakoak egiten dizkizutela onartzea izugarri mingarria da. Are gehiago gaia mahai gainera ekartzera ausartuz gero halakorik egin izana ukatu egingo dutela dakizunean. “Zer diozu? Nik ez dut inoiz egin.” Eta ze lasaitua begirada konplize bat topatzen duzunean. “Bai neska, egin dizu”. Kideren baten burua alarmaz altxatzen ikusten duzunean. Erotuta ez zaudela konfirmatzen dizuten keinu horiek etxea dira. Horiek eusten gaituzte.

Hamaika arrazoi daude emakumeok zenbait espaziotan ez egoteko. Gure gorputzak ezin dira beti gudu-zelaia izan. Halako erretiratzeko erabakiak hartu izan ditudanean, zoritxarrez, ni neu izan naiz errudun sentitu izan dena gainera. Ez zelako Amaia, edo Jone, edo Garazi izan espazio horretatik alde egiten zuena, espazio horretan zegoen emakume bakarra neramalako. Hurrengo etorriko zenak ez zuelako topatuko, nik topatu ez nuen bezala, begirada konplize hori. “Ez zaude erotuta. Bai, gertatzen ari da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK