'Gertutasune'

80.364 ikustaldi dauzka hau idazterakoan Aretxabaletako merkatarien Gabonetako spotak. Ez baduzu ikusi, hemen bitxitxoa. Zinema epikoan armadak adoretzeko tonu onenarekin, herriko merkatariek daukaten balio nagusiaren aldarri egiten du: gertutasune, Aretxabaletako euskalkian esanda, gertutasuna interneteko salmenten eta merkatalguneetako erosketen aurrean. Herriko merkatarien spota da, baina gertutasuna lelo, beste edozein enpresak egindakoa ere izan zitekeen. Baita Amazonek berak ere. Marketin eta negozio eskola milaka izango dira, ziur asko, nik baino hobeto azalduko dutenak zein garrantzitsua den enpresentzat produktu bat edo zerbitzu bat ematerakoan bezeroarengandik gertu egotea.

Gertutasuna baloratzen du bezeroak, eta, adibidez, euskal enpresek bertatik eta bertakoentzako egindako egunkari honi balioa ematen diote. Tokiko informazioa kontsumitzen dugu, gertukoa delako.

Belarritik xuxurlaka sartzen den produktu baten 79. atala entzun dut egun hauetan. Barruan gaude podcastak, modu xume eta dotorean, euskal gizartearentzako hurbilekoa den pertsona bati elkarrizketa egiten dio Oier Aranzabal kazetariak, haren etxe barruan sartuta, zer hori baino gertuago. Elkarrizketa pausatuan, galdetzaile eta galdetuaren ahotsak hurre sartzen dira belarritik, gertukoak diren hainbat konturen berri emanez eta hainbat mutur hautsita hausnarrerako.

Orain arte azkenengoa den atalean, Kaki Arkarazo musikariak bere bizitzaren errepasoa egiten du. M-ak, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan izandako bizipenak eta abenturak kontatzen ditu, eta benetan entzuten ondo pasatzen den elkarrizketa horietakoa da. Bukaera aldera, musikari moduan izandako ibilbidearen ostean, bere oraingo lanbideaz dihardu, Garate estudioetan egiten duen jardunaz. Dio bere estudioa bizitzeko modu bat dela, kontzeptu bat, ez estudio soil bat. Esperientziak erakutsi egin diola, eta estudioan daukaten eskaintza orokorra dela, ez dela soinu grabaketa sistema bat soilik, giza tratua eta produktorearen papera ezinbestekoa dela musikariek bere estudioa aukeratzeko orduan. Eta hara, belarritik gertu xuxurlatzen dizuten elkarrizketa honetan, hara non agertzen den, hemen ere, gertutasuna, nolako pisua daukan bere negozioan gertutasunak eta produktoreak ematen duen giza tratuak.

Gabonetako aldarri hutsaletatik haratago, gertutasuna balore bat da, enpresan zein bizitzan. Zerbitzu edo produktu emaile garenez oso kontutan izan beharko duguna, eta bezero garenez, hautu kontziente eta arduratsuak egiten gauzatu beharko duguna.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK