1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari gisa zin egin zuen Gernikako Juntetxean. Historiara pasa diren hitzak esan zituenean, 32 urte zituen. Aste honetan laurogeita hamar urte beteko dira ordutik, eta egun hartako argazkiak begiratzen ditudanean, arrakala handi bat nabari dut: gizonak ageri dira,—gizonak baino ez, esan nahi dut— eta gazteak badira ere, heldutzat hartzen ditugu, halaxe ikusten ditugu. Beren jantziengatik izan litekeela pentsatu dut, edo une horrek duen solemnitateagatik eta seguruenik, zerikusi handia izango du azkarregi haztera behartu zituen garai horren pisuak. Edonola ere, hortxe dago, zutunik: gaur egun gazte asko oraindik familia-etxean bizi diren adinean, Agirrek herri baten eraikuntza hartu zuen bizkar gainera.
Orain ia kontrakoa gertatzen da. Hogeita hamar urteko pertsonak ikusten ditugu eta gazte esaten diegu; askok familia-etxean jarraitzen dute, bien bitartean bizi-proiektuak atzeratuta, edo alokairua ordaindu ahal izateko malabarismoak egiten dituzte. Lehen bizitza helduaren sinonimotzat hartzen genuena orain oso berandu iristen da, iristen den kasuetan: nahikoa izango den enplegua eta ordaindu ahal izango duzun etxebizitza bat.
Argazkiek engainatu egiten dute, baina azaldu ere egiten dute. Duela laurogeita hamar urteko horiek heldu diruditen gazteak dira, egun batetik bestera haztera behartuak. Gaur egungo argazkietan, berriz, izen hoberik ezean oraindik “gaztaroa” deitzen dugun aldi definigaitzan izoztuta geratu diren helduak erakusten hasi dira.
Hori horrela, beste planeta batetik norbait Euskadira iritsiko balitz eta hemen bizitza heldua noiz hasten den galdetuko balu, erantzuna lerro bakar batean kabituko litzateke: bakoitzak ordaindu ahal duenean.
Emantzipatzeko batez besteko adina hogeita hamar urtetik gora dago jada. Bizitza autonomora iristeko eskailera oso bat igo behar da, pausoz pauso: lana aurkitu, lan horrek diru-sarrera nahikoak eta egonkorrak ematea, soldata irentsiko ez duen alokairua aurkitzea edo sarrera ordaintzeko behar den dirua biltzea. Maila piloa da, eta gainera, maila bakarra gainditzea ez da nahikoa: lana izan dezakezu eta etxerik ez aurkitu, edota etxea izan dezakezu, baina nola ordaindurik ez.
Eskailera horretan gora egiten saiatzeak nekatu egiten du, eta hala ere, pribilegio bat ere bada. Emantzipazioaz hitz egiten dugunean, sarritan irudikatzen dugu norbait etxean urte batzuk gehiago geratzea aukeratu duena, aurrezteko edo alokairu aukera hobea izateko. Bada, aukeratu ahal izatea bera asko da.
Familia batzuek luza dezakete aterpe-aldia, ikasketak ordaindu ditzakete, edo fidantza utzi, hipotekaren abala eman edo sarrerarekin lagundu. Familia batzuek sostengua eskaini dezakete enplegu txar bati ezetz esan eta hoberen bat iristen den bitartean, ondasunik garestiena ere opari eman dezaketelako: denbora. Familia batzuek egin dezakete hori guztia, baina ez familia guztiek.
Etxe guztiak ez dira itxaron-gela egokiak. Badira zailtasun ekonomikoak dituzten etxeak, txikiegiak diren pisuak, gatazkek zeharkatutako inguruak. Badira hemezortzi urte betetzean atzean sarerik gabe geratzen diren tutoretzatik ateratako gazteak. Itzultzeko etxerik ez duten migratzaileak. Lehen soldata, teorian utzi beharko luketen etxe hura sostengatzera bideratzen duten neska-mutilak. Eta etxetik irten ezinda igarotzen duten egun bakoitzean bizitza jokoan duten emakumeak ere badira. Horientzat guztientzat, itxaroteak beste zerbait esan nahi du.
Gazteen arteko desberdintasuna soldatan hasten da, baina baita lehenago ere: soldata horren atzean dagoen —edo falta den— sarean. Etxebizitzak, aireratzeko plataforma izan beharrean, belaunaldien arteko transmisore bilakatu da. Handik igarotzen da ondarea, eta ondarearekin batera bidaiatzen dute klase, jatorri eta genero-desberdintasunek.
Gazte bat etxean geratzen denean joan ezin duelako, norbaitek sostengatzen du itxaronaldi hori. Erosi behar da, kozinatu, argia ordaindu, garbitu, antolatu, entzun. Lan horren zati handi batek emakumeen bizkar gainean jarraitzen du, askotan amen gainean.
Etxebizitza eskuragarririk gabe, bizitzaren zati handi bat etenda geratzen da, ez atzera ez aurrera. Lekuz aldatzea gutxienekoa da, benetan jokoan dagoena lana aukeratu ahal izatea, hiriz aldatzea, norbaitekin bizitzera joatea, banantzea, nahi denean seme-alabak izatea eta abar luzea denean. Beste hark zioen bezala, norberaren gela bat izatea ez da metro karratu kontua.
Etxean geratzea erabaki ona izan daiteke beti ere daukazun aukera bakarra ez bada.
Eta honek guztiak, noski enpresekin zerikusi handia du. Alokairu bat ordaintzeko nahikoa ez den soldata batek, sei hilean behin berritzen den kontratu batek edo etxerik ia geratzen ez den hirian lan egin beharrak giltzak urrundu egiten ditu eta hori hala denean, faktura ia beti bueltan etorri ohi da. Gaur egun jende egokia aurkitu ezin duten enpresak, edota formazio-aldia amaitutakoan alde egiten dutelako kexu direnak bere gain hartzen ari dira iristen ez den emantzipazio horren kostuaren zatia. Batzuk dagoeneko ari dira etxebizitzarekin laguntzen edo egonkortasunaren aldeko apustua egiten. Komeni zaileko egiten ari direla esan ohi da eta ongi dago hala izatea: bizitza planifikatu dezakeen gazte batek enpresarekin ere egin ditzake planak.
Gernikako argazkietara itzuliko naiz bukatzeko. Laurogeita hamar urtean aurpegiak aldatu dira, trajeak dezente, eta orobat enkoadraketan kabitzen den guztia desberdina da. Argazki horietan, baina, ez dira ikusten zein diren belaunaldi bakoitzak ireki ahal izan dituen ateak eta hor bai aldea. Gaur heldu gehiegi dago etxeko atearen aurrean, zain. Eta komeni da gogoratzea denek ezin dutela itxaron, eta itxaroteak ez duela denentzat gauza bera esan nahi.
Bizitza heldua ez dator urtebetetzeekin, zuk zeuk giltzak eskuan hartzen dituzunean baizik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta