Gira eta 'Vuelta' Pirinioetan!

Ttur-ttur-ttur igotzen ginen egunero otsailean Abodira bortuan gora, errepide malkartsu bezain ederretik, eski eskolak ematera. Errepideko zoruan hamaika zulo txiki, autoarekin ezker-eskuin ibili behar izatekoak, bidearen zabalerak uzten duen estutasunak mugaturik. Jakina da Nafarroak errepide sare eder eta zaindua duela, Mendialdean zein Erriberan, Aragoira igaritzea* besterik ez dago aldea estimatu ahal izateko; guk deitzen diogun Huescalerrian bederen, autoan baino zaldi-gurdiaren gainean zoazela dirudi Ansorako bidea hartuz gero, edota Sigozeko Arroila igarita.

Hori dela eta, Nafar Pirinioetan gutxitan eskatzen diogu Gobernuari errepideren bat edo beste hobetzeko, fite ibiltzen baitira sarearen mantentze egokia bermatzeko. Baina, zer nahi gisaz, eta erran ohi den moduan, beti bada zer hobetua, eta hala demostratu digu guretik igari den La Vuelta Españak. Izan ere, egun batetik bestera Abodiko mendatea zeta bezain leuna utzi dute makinek, baita Lazakoa eta Belaguakoa ere, txirrindulariek hartxintxar eta zulotxorik gabeko xeitsiera azkarrak egin zitzaten zolagain berriaren gainean. Oren bateko erabilerarendako milaka euro kostatu duen lana egin dute, harrigarria! Baina, ezin kexa. La Vueltak gure ibarretatik alde egin du jada, eta errepidea guretako gelditu da, gaitz erdi!

Vueltak ekarri digun beste oparia Larraineko mugaren irekiera izan da. Bi egunez libro igari ahal izan gara Xiberoarat, Niko Etxartek kantatzen duen bezala: Müga gainetik, Euskal Herria!

Eta zer erranik ez Zaraitzu eta Erronkaribarrera hurbildu diren zaleek eta antolatzaile mordoek gurean egindako gastua eta utzitako sosaz! 17.000 litro gasolina hartu omen dira asteburuan zehar eta beste zientoka litro Ambar garagardoa edan ere. Petronor eta Zaragozako garagardogile handiak poz-pozik La Vueltarekin euskal Pirinioetan…

Edozein modutan ere, irudi ederrak eskaini dizkigu helikopterotik harturiko filmaketak. Zeinen ederrak diren gure bortuak eta gure bazterrak! Euskal Herria zeharkatzen ari zirela bistan gelditu da, gure ikurrak nagusitu baitira errepide bazterretan nonahi, ikurrinak eta nafar ikurrak nonahi ikusteko aukera izan dugu. Euskal Herria bat dela eta mugak ez dituela nahi aldarrikatu dugu, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dugu Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa ekimenen bitartez.

Borta joka dugun neguan, zeinen goxo igoko ditugun bortuak lanera xoateko Pirinioetan utzi dizkiguten autopistetatik… Eskerrik anitx, La Vuelta! Ea datorren urtean Igari-Bidankoze edota Matamatxos mendateen etapa hautatzen duten, horrela guk behar bezalako errepideak izateko.

*igari: pasatu, igaro Erronkariko uskaraz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK