• IRITZIA
  • Gobernatzea, mundu-ikuskerak eta hizkuntza
Arantzazulabeko zuzendari nagusia

Gobernatzea, mundu-ikuskerak eta hizkuntza

2026ko ekainaren 19a - 05:30
Naiara Goia Arantzazulab

Duela gutxi Arantzazulaben publikazio batean argudiatzen genuen hobeto gobernatzea ez dela soilik kontu tekniko bat, baizik eta horretarako aintzat hartu behar dugula elkarrekin nola harremantzen garen, erabaki kolektiboak nola hartzen ditugun, eta aurrea nola hartzen diogun datorkigunari. Egungo konplexutasunak, ziurgabetasunak eta elkarren mendekotasunak behartzen gaituzte sakonki birplanteatzera lurraldeko estrategiak eraikitzeko ikuspegiak, gobernatzeko moduak eta gaitasunak.

 

Zentzu horretan, urte askotan erakundeen gaitasunaz hitz egin dugunean, batez ere eraginkortasunaz, kudeaketaz edo politika publikoak ezartzeko ahalmenaz aritu izan gara. Eta, jakina, gaitasun horiek funtsezkoak izaten jarraitzen dute.

Baina gaur egun aurrean ditugun erronkak beste maila batekoak dira: klima-aldaketa. Trantsizio demografikoa. Segurtasuna. Adimen Artifiziala. Demokraziaren higadura. Erronka horiek ez ditu erakunde bakar batek konponduko. Ez dira arazo konplexuak soilik, erronka sistemikoak dira. Eta horregatik, nire ustez, gaur egun Estatuaren gaitasunaz hitz egitean egin beharreko galdera ez da "nola bihurtzen ditugu gobernuak eraginkorrago?", bazik eta "nola bihurtzen ditugu gizarteak gaituago erronka sistemikoei elkarrekin aurre egiteko?".

 

Historikoki, gobernuak irtenbideak emateko diseinatu ziren. Gaur egun, gero eta gehiago, gizarteko beste eragileekin batera irtenbideak sortzeko baldintzak eraiki behar dituzte. Horrek erakundeen eraldaketa bat eskatzen du. Erakundeak eraldatzeaz hitz egiten dugunean, ordea, bada gutxiago aipatzen den beste aldaketa bat: mundua ulertzeko moduarena. Izan ere, gobernatzeko modu bakoitzaren atzean errealitatea interpretatzeko modu bat dago.

James Plunkett ezagutzeko aukera eta ohorea izan dut berriki, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren aholkulari izandakoa; bere ibilbide profesionala herritarren eta Estatuaren arteko harreman konplexuei buruz hausnartzean oinarritu da. The Guardian egunkariak bere End State saiakera (euskaraz Azken Estatua gisa itzuli daitekeena) 2021ean ingelesez argitaratutako liburu politikorik onena bezala sailkatu zuen. Artikulu interesgarri batean, Plunkettek alderatu egiten ditu erakundeak eraldatzerako orduan gobernuaren "zentroan" lanean ari diren pertsonen edo aktoreen hizkuntza eta soluzio berriak "ertzetatik" sustatzen dituzten berrikuntza eragileena. Ondorioa deigarria da: kontzeptu guztiz ezberdinak erabiltzen dituzte. Ez dira gauza bera esateko modu desberdinak. Mundua ulertzeko modu desberdinak dira.

Zentroak "zerbitzu prestazioa", "helburuak", "inplementazioa" edo "arau-betetzea" bezalako kontzeptuak erabiltzen ditu. Ertzetan, aldiz, "komunitatea", "harremanak", “ekosistema", "botere-banaketa" edo "deliberazioa" agertzen dira. Lehen begiratuan hiztegi-kontua dirudi, baina sakonean askoz gehiago da, kontzeptu horien atzean gobernatzearen esanahiari buruzko ikuspegi desberdinak baitaude.

Mundu-ikuskera batean, erakundeak “makina” gisa ulertzen dira: helburuak definitu, baliabideak antolatu eta emaitzak neurtu behar dira. Bestean, berriz, erakundeak eta komunitateak sistema bizi gisa ulertzen dira: harremanak zaindu, ikaskuntza kolektiboa sustatu eta gaitasun partekatuak eraiki behar dira. Lehenak kontrola eta aurreikuspena bilatzen ditu. Bigarrenak egokitzapena, elkarlana eta erantzunkidetasuna.

Agian, horregatik ez da nahikoa gobernantza berriez hitz egitean egitura edo tresna berriak proposatzea. Galdetu behar dugu gobernatzen dugun errealitatea nola ulertzen dugun. Zein kontzepturekin pentsatzen dugu? Zein metaforarekin? Zein mundu-ikuskeratik?

Eta hemen dator amaierako galdera. Mundu-ikuskera horiek hizkuntzaren bidez ere transmititzen badira, zein hizkuntza hitz egiten dute erakundeen “zentroan” erabakiak hartzen ari direnek? Zein kontzeptu erabiltzen dituzte etorkizunaz, komunitateaz edo botereaz ari direnean? Eta zein rol izan dezake hor euskara bezalako hizkuntza gutxitu batek inklusiboagoa, pluralagoa, komunitarioagoa eta lankidetza handiagoko den mundu bat irudikatzeko? Hizkuntza-aniztasunaren balioaz ari gara, etorkizuna pentsatzeko modu gehiago (eta gurea) bizirik mantentzeaz, zalantzarik gabe.