Oroimen ona izatea abantaila lehiakorra dela esaten da maiz, baina madarikazioa ere izan daiteke. Izan ere, zer gogoratu eta zer ahantzi erabakitzea ez zaigu emana eta, beraz, oso-osorik hartu behar da, datorren bezala. Gure garunak berak egiten du hautaketa, erabaki egiten du zer gogoratuko duzun eta zer desagertuko den zure bizitzaren mapa ezkutu horretatik. Ezin duzu askorik egin, baina zerbait egin dezakezu. Izan ere, oroitzapenak iraunarazi egiten duena berezko mekanismo bat instalatuta dakarkigu eta debalde da, gainera. Adeitasuna.
Zerbait gogoratzea nahi baduzu, hasi hortik. Ez dago 87 diapositibako azken plan estrategikoa hitzez hitz gogoratuko duen superheroirik. Lan-talde osoari "oso lan ona, ekipo" (hamaika emotikono ergel ondoan) esanez idatzi zenuen mezu horrek bi minutu egin zituen sarrera-buzoian eta berehala ahaztu zuten guztiek; eta (hau mingarria izan daiteke, badakit) atxikirik zihoan PDFa ez zuten ireki ere egin. Gogoangarria izan nahi zenuen, baina ez zen hori bidea.
Aitzitik, denok gogoratzen dugu telefono-deiren bat. Ahotsa atera ere ez zitzaizun egiten, baina nagusiari deitu zenion esanez ezin zinela lanera joan, hautsita zeundelako, eta gogoratzen duzu berak “ez arduratu, mesedez, eta zaindu zaitez” erantzun zizulako. Lau segundoko mezua izan zen, eta berehala sumatu zenuen ez zela protokoloak aginduta, barrutik atera zitzaion zerbait baizik. Hortxe duzu. Eta gogoratuko duzu barruraino hanka sartu zenuen horretan ez zenuela jaso errieta-mezu hotz bat, guztioi noizbait gertatuko zaigula esan zizula lankideak. Hortxe duzu, berriro: horrelakoak ez dira erraz ahazten.
Adeitasuna, zintzotasuna, enpatia, atsegina izatea, gizatiar izatea… nahi duzun bezala esan diezaiokezu. Ez da hiruhilekoari buruzko errendimendu-grafikoetan islatzen, ez da OKR edo 360 ebaluazioetan neurtzen, egia da, baina hor dago eta ez dagoenean, nabari egiten da. Samurtasuna pertsonarteko balio garrantzitsua dela esaten digu intuizioak eta makina bat ikerketek baieztatu dute, gainera. Beste askoaren artean, Harvard eta IESEk ikertu egin dute enpatiaren pisua kultura korporatiboetan eta bat datoz haren eragin positiboaz azpimarratzean.
Ondokoak HRIder eta U.S. Chamber of Commerce Foundation-ek argitara eman dituzten datuak dira. Adeitasuna bultzatzen den inguruetan energia kolektiboa %26 igo egiten da (proiektuetan lortzen den atxikimenduaren bidez neurtuta), emaitzekiko konpromisoa %44 hazten da eta ikasteko motibazioa %30 inguru. Kontrara, ingurunea toxikoa edo neutroa den kasuetan, hirutik bik errendimendua galdu egiten dute eta lanaren kalitatean islatzen da kasuen erdian.
“Atsegina izatea” ez da ahuldadea, super-boterea baizik. Ez omen da hiztegi profesionaleko berba, baina beharko luke. Izan ere, errentagarria da, produktibitatea hobetzen du langileen errotazioa murrizten du eta berrikuntzarako ezinbesteko osagai da. Maiz labana batez moztu litekeen giro txarra samurtzea gure ardura dela ohartzea errentagarria da.
Erakundeak eta enpresak pertsonok osatzen ditugun aldi baterako taldeak baino ez dira eta beraz, gure baitan gertatzen diren fenomenoen mende daude. Hitz atseginek eta portaera enpatikoek serotonina, dopamina eta endorfina askatzen dituzte eta ondo-egotea eragin dute, ia ohartu gabe. Hori ez da aurrekontuetan jasotzen, ez da emaitzen balantzean ikusten, baina ondorioak ditu. Kimika da, kultura da… eta oroimena da, horixe baita funtsean gogoratu egingo duguna.
Kontua ez da besarkada-ordua ezartzea lantokian, edo komunetan mezu inspirazionalak jartzea, eskuak garbitzen dituzun bitartean ispiluan irribarre egiten ikas dezagun. Lidergo errealez ari gara, pertsonei eta pertsonen arteko harremanari dagokien garrantzia ematen dietenez, hitzez ez ezik, baita ekintzez ere. Entzuteko gaitasuna eta koherentzia aldarrikatzen dute, baina ororen gainetik, bizi egiten dituzte ezaugarri horiek. Ingurune horietan “barkatu” edota “ez naiz gai” esan daiteke beldurrik gabe, eta isiltasuna beldurraren isla izan daitekeela jakinda, hitz egitea bultzatzen da. Gatazkak ulertzeko borondatetik konpontzen dira bertan, ez zigorretik.
Liderra hitzak ez gaitzala itsutu: denok dugu zereginen bat kultura horiek sortzeko. Begiratu, adibidez, noraino arduratzen zaitu zure lankideak ongi daudela jakiteak, pentsatu nola lagunduko diozun oraindik papereko curriculum soil bat baino ez den lankide berri horri. Galdetu egiozu zure buruari zer egingo duzu koraza jantzi beharrik izan ez dezagun.
Zure kargua ahaztu egingo dute, baina karguaren atzean zetzan pertsona gogoangarri izan daiteke norbaitzuentzat: lagungarria are maitagarria. Norbaiten hodeitzan ostadarra izatea aukeratu dezakezu, Maya Angelou handiak zioen bezala. Zer gogoratu ez, baina nola gogoratzea nahi duzun, zure esku dago.