Google sukalderaino sartu da

Gertatu da. Bistakoa zen bazetorrela, baina gertatu da. Batxilergoko 2. mailako curriculumean Google Trends tresna agertzen da eskuratu beharreko oinarrizko ezagutzen artean. Merkatuen azterketarako ikasleek ezagutu beharreko edukien artean lorratza uztea lortu du Googlek. Aspaldi ereindako hazia loratu da.

Urteak dira erraldoi teknologikoak hezkuntzan sartzeko bidea hasi zuela, eta bere ibilbidea ezin oparoagoa izan da. Sukalderaino sartu zaigu. Horren erakusle argiak dira Chromecast gailuak. Ordenagailuok ez dute sistema eragilerik, nolabait esatearren; Google erabiltzaile batekin saioa hasten den unetik (bestela ezin dira erabili) Googlen tresnak baizik ezin dira erabili: testu prozesatzailea, kalkulu orriak, dokumentuak gordetzeko sistemak, arbela digitalak... ez baitago bestelako programak instalatzeko aukerarik.

Gailu horiek erosoak dira ikastetxeentzako. Merkeak dira, erabiltzaileen sarbide eta baimenak mugatzeko nolabaiiteko aukera ematen dute, eta soluzio asko jartzen dizkigute aldi berean eskura ikasle eta irakasleoi. Ados. Ez nau nire Googlefobiak itsutzen, hainbeste datu oparitzearen eta segurtasunaren aferak alde batera utziz. Baina honetan guztian bada errealitate beldurgarri bat, sobera Googlefobikoa izan gabe ere aski bistakoa dena: ikasleek ordenagailuekin duten kontaktu bakarra enpresa horren produktuen bitartez soilik egiten dute. Hau da, digitalki eta teknologikoki trebatutako erabiltzaile kritikoak baino, haien bezeroak sortzen ari gara. Nola hautatuko dute hainbat alternatiben artean ez badituzte ezagutzen? Haien gaiilu fisikoetan ez bada posible? Googlek erosotasuna landatu digu, eta guk monopolioaren uzta oparoa eman diogu.

Inork uste al du Iberdrolaren kontadore bat irakurtzen eta manipulatzen ikasteak elektrizitatea eta bere funtzionamendua irakatsiko dizkigula? Edo energia iturrien arteko ezberdintasuna ulertzen? Edo erabilera edo kontsumo kritiko bat egiten? Sukaldaritza eskola batean Nestleren produktuekin soilik egindako jakiak prestatzen irakatsiko balute, besterik existituko ez balitz bezala, benetan ariko lirateke sukaldaritza irakasten?

Google Trends curriculumean agertzea anekdota bat izan liteke ia, baina sinbolikoki bere karga du. Horretan ere ezin dugu hautatu: Google da joko zelai posiblea, curriculumean izen-abizenez idatzita datorren bakarra. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK