Gora eta behera

Ez du zertan hala izanik, baina “aurrera egin” esaten dugunean hobera egiten ari garela iradokitzen dugu. Metafora espaziala da, mundua ulertzeko modua sinplifikatu egiten duena. Aurrerago dakusagunak atzean utzitakoa hobetu egiten dueneko irudia kontsensuz-edo sortua da, ez baitago inolako arrazoibide zientifikorik horren oinarrian. Logika beretik, “atzean geratzen ari garela” esaten dugunean posizio desiragarria galtzen ari garela aditzera ematen dugu. Familia bereko metafora da “gora-behera” bikotearena, beste askoren artean. Lakoff maisuak dioen bezala, “metaforetan bizi gara”.

Emakumeak Gora! leloa dakar aurten Martxoaren 8an euskal erakundeek abian jarri duten kanpainak. Ardura-postuetan eta lidergoan (“goian”) emakumeok falta garela esaten du. Begien bistakoa da, tamalez, baina ezaguna izanagatik ere, huts nabarmena den horretan hatza sartu beharra dago oraindik, piku egin, zornatuta baitago zauria. Gora egin behar dugu emakumeok, ez gizonak baino gorago iristea merezi dugulako berez, beheari itsatsita eusten gaituzten trabak soilik geuri eragiten digutelako baizik.

Goi-goian, gerentzia-ardurak kokatu ohi ditugu, erakunde, giza-talde, proiektu edo egitasmo baten nondik norakoak bideratzen dituzten askotariko zeregin horiek. Prestigioaren gailurra dira, maila publikoan zein pribatuan, jarduera-esparru guztietan. Bada, Martxoaren 8ko kanpainaren kariaz emandako datuetan esaten denez, ardura-postu horien % 6an baino ez gaude emakumeak. Kopuru urria da, eta halakoxeak dira, zenbaki ia ezdeusak, jarduera profesionalaren dimentsio ia guztietan ageri direnak. Gutxiago gara promozionatzen dugun emakumeak, txikiagoak dira gure batezbesteko soldatak eta beraz, txikiago izango da noizbait (zorte pittin batez) eskuratuko dugun erretiro-ordainsaria.

Zerrenda horietan guztietan oso behean gaude, baina beste arlo batzuetan, gaina jo dugu: emakumeak askoz gehiago gara zaintza-eszedentziaren zerrendatan, hamarretik 7,3, hain justu. Berdin-berdin lanaldi partzialen txapelketan: areriorik ez dugu karrera profesionala sakrifikatu behar den egoeratan.

Aurtengo kanpainak argi dioen bezala, gertatzen zaigunaren sintoma argia dira goiko ardura eta lidergo-posizioak gizonen esku soiletan daudela erakusten duten datu horiek. Halaber, arazo beraren sintoma dira bizitzarako ezinbestekoak diren zereginetan, ospe eta prestigio sozialaren eraikuntzaren zimenduetan, emakumeak nagusi garela adierazten dutenak. Gaitz kroniko eta sakonaren bi sintoma dira horiek.

Emakumeak gora iritsi ahal izango bagara noizbait, ez da izango aldarrikatze hutsaren bidez. Gu gora iristeko, beste batzuek behera sartu-irtena baino gehiago egin behar dute, eta denon artean ikusten ez diren lanak ikusarazi behar ditugu, prestigiorik ez duten zereginei duten aitortza eman, eta hor egiazko banaketa bermatu. Gu noizbait gora iritsi eta han jarraitzeko oinarrizko langak gaindituko baditugu, beste batzuek egin behar dute kontrako bidea, zaintza, bere luze-zabalean ulertuta, beti izango baita bizitzarako ezinbestekoa. Gora eta behera begiratu behar da aldi berean, eta bi arloetan eragin. Nola iritsi gora zimenduetan datzan zeregin funtsezkoenaren ardura soilik gure bizkar gainean badago?

Bihar “gora emakumeak” (edo “emakumeak gora”) oihukatuko duzuen gizon aliatuontzako mezua da hau: behera jaisteko prest zaudete?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK