Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Greba in the house

2026ko irailaren 4a - 05:30
Amaia Oleaga

Uda amaitzen ari zaigu. Ohiko egunerokotasunera eta erritmo zirkadiarretara berriro egokitzeko sasoia da. Uda honek, gainera, urtaroak berezkoa duen kaos txikia baino askoz ere haratagoko nahasmena eragin du: “aura farmeoa” Euskal Herrira heldu da eta zer den ikasi behar izan dugu; jada bero-olatuak normaltasun berria bilakatuko direla onartzen hasi gara; ogitartekoak ordena publikorako mehatxua direla ikasi dugu; armarik eta ejerzitorik gabe, igerian eta soilik beharra soinean eramanda inbasioak egin daitezkeela esan digute, horrela: “hibrido”.

 

Alegia, lekuz kanpo harrapatu gaituzten gauza berri asko gertatu direla eta ikusi ditugun erantzunak ez direla beti egoerak eskatzen zuen neurrian egon. Hainbeste, ezen berriak ez diren zenbait gauzaren aurrean ere desorientazio kasu larriak gertatu baitira; kasurako, greben aurrean. Horrexegatik, hemen doaz greba egoeretan dotoreziaz eta jakinduriaz jokatzeko tip eta highlight batzuk, estilorik influentzer udatiarrenean:

1 - Grebak: 3.000 urte modaz pasa gabe

 

Ba al zenekien historian erregistratutako lehen greba Kristo Aurreko 1166. urtekoa dela? Urte hartan Egiptoko piramideetan lanean ari ziren artisauek lan egiteari uko egin zioten, eraikuntza lanak geldiaraziz, haien ordainketa eskakizunak entzun zitzaten.

Industrializazioak eragindako ekoizpen sistema eta lan harremanen paradigma berrian, greba lan eta gizarte eskubideak lortzeko tresna eraginkorra bilakatu zen langileentzat.

Ekoizpena geratzeak gainerako negoziazio bideek kale egiten zutenean patronala negoziatzera eserarazteko edota eskariak onartzeko balio zuen. Hori gertatzen zen ohiko jarduera ekonomikoak eteten zirelako (AKA bertan behera geratuz) eta ondorioz ordena desnormalizatuz. Izatez, zortzi orduko lanaldia baduzu, langile askok jende askori denbora luzez eragozpen handiak sortu zizkion greba bat egin zelako da.

2 - Eskubide bat da!

Greba eskubide bat da, Nazioarteko Lanaren Erakundearen 87. hitzarmenak babestua eta 2026ko maiatzean Nazioarteko Justizia Epaitegiak iritzi kontsultibo gisa berretsia. Espainiar Estatuko Konstituzioak ere hala jasotzen du 28.2 artikuluan. Legedian sakonago joanda, zehazten da greba langile guztientzako tresna dela eta langileek grebaren berri emateko eskubidea dutela. Era berean, enpresek ezin dute greba deituta dagoen denbora-tarterako ordezko langilerik kontratatu, ezta greba publiko egiten den unetik aurrera kontratatutako langileekin greban diren langileak ordezkatu ere.

3 - Baina… eta ni? Eta nire… (sartu hemen hain berebizikoa zaizun hori: bilbainadak, pop tronpeteroa, arratsaldeko txikitoa, zunba klasea)?

Oinarrizkoak diren jardueretan zerbitzu minimoak eskaintzeko derrigortasuna ezartzen du legeak, espreski adieraziz grebak bilatzen duen desnormalizazioan ahalik eta gutxien eragiteko neurrikoak izan behar direla. Hau egiten da gainerako pertsonen eskubideen gutxienekoak errespetatzeko helburuz. Horrexegatik, oinarrizko jarduerak dira: osasuna, garraioak, telekomunikazioak, segurtasuna eta larrialdiak, asistentzia zerbitzuak, energia eta hornidurak, administrazioa eta justizia, besteak beste.

Alegia, parentesian sartu duzuna eskubide batek babestuta badago, osasuna kasu, beste une batean edo era batera bermatuko zaizu ziurrenik, edota ahalik eta kalterik txikiena eragiteko moduan. Baina baliteke, akaso, parentesian jarri duzun hori eskubide bat ez izatea.

 4 - Bai, baina…

Langileek greba egitea ongi iruditzen zaizu, baina greba horrek zuri eragitea ez?

Bai, grebak deserosoak dira mundu guztiarentzat. Are gehiago, frustrazioa eragin dezake parte inplikatua garela uste ez izanik, erabiltzaileok edo hartzaileok ondorioak jasan behar ditugula sentitzen dugunean. Haien artean konpondu beharko lukete, ezta? Zuri edo beste inori eragin gabe.

Ziurrenik,  gehienok eragozpenarekin topo egin dugun arte ez dugu gatazkaren berri izan. Gatazka zertan den jakin nahi izanez gero, aurrean duzun piketeko kideek azalduko dizute zenbat denboran aritu diren arazoa haien artean konpontzen ahalegintzen, zuri inolako kalterik eragin gabe. Hain zuzen ere, grebara heldu badira, arazoa horrela konpontzerik egon ez dela esan nahi du.

Bonus: zaindu maite duzun hori

Ukatu zaizun jarduera galtzeak onargarria ez den zerbait egitera bazaramatza, protestan ari diren langileei txistua botatzeraino edo espazio publiko batera horretarako eskumen politiko eta legalik gabe sarrera ukatzeraino, inplikazio etikoez haratago, esan nahi du jarduera hori zuretzako biziki garrantzitsua zela. Eta hain zuzen ere eskaintzen dizunak langileentzako baldintza egoki eta jasangarrietan eskaini nahi dizula.

Hortaz, hain berebizikoa bada zuretzat, akaso jarduera edo zerbitzua orain jasotzeari dotoreziaz uko egitea aukera interesgarria izan daiteke, jarduera edo zerbitzu hori etorkizunean ere modu iraunkorrean, bidezkoan eta kalitatez jaso ahal izateko.

Eta zuk zer diozu? Zer ezin daiteke falta zure bizitzan greba baten aurrean dotoreziari eusteko?

Baliagarria izan bazaizu eman like, aktibatu kanpaia, harpidetu eta eman hype. Edo lehen esaten genuen bezala, ongi esanak gogoan hartu eta gaizki esanak barkatu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain