Gure amona Maritxu historia liburuetan gerra bezala ikasten den horietako bat pasatakoa zen. Hamaika urte zituela heldu zen frontea Oiartzunera. Handik urtebetera sartu zen, gurasoen jabetzakoa ez zen baserria utzita, euskaldun aberats etxe batera neskame. Ondoren, liburuetan gerra bezala agertu ez diren hamaika borroka ere bizi izan zituen: pobreziarena bera, esan bezala; euskaldun izatearena, bere hizkuntzan aritzea debekatu baitzioten; emakume izatearena, kontu korronte bat irekitzeko ere senarraren baimena behar izan baitzuen… Gerra deitzen ez zaien gerra txiki asko igaro zitzaizkion gorputzetik. Hark erakutsi zigun pobreek hitza baizik ez dutela eta beraz hitzekoak izatea dela duten aberastasun bakarra.
Duela gutxi Arestiren Nire aitaren etxea irakurri nuen aspaldiko partez. Zein arrotz sentitu nituen irakurri nuenean Arestik aitaren etxearekin batera galduko zituela “aziendak, soloak, pinudiak, errentak, korrituak, interesak”. Eta, ezinbestean, amonaz oroitu nintzen. Amonak ez zuelako ez aitaren etxerik, ez aziendarik, ez solorik, ez pinudirik, ez interesik nondik atera. Amonak zituen hitza, eta lan egiteko esku bi. Eta artikulu honetan nik aipa nezan inolako gogorik ez, ziurrenera. Hitza zuen bakarra izan arren, hitz egitea arriskutsua zen mundu batean hazia baitzen. Gurea berriro bilakatzen ari den bezalaxe.
Amonarentzako mundua ez zen leku erraza izan inoiz, baina bai sinplea. Berak errentan hartu behar zituen etxeen jabeak zeuden, berak umea izanik komunak eta izarak garbitu behar zizkien jauntxoak zeuden. Berak aziendarik eta interesik ez, baina horien jabeen hondakinak zituen garbitzeko. Eta horien egileek bai, armak hartu zituzten gerra hartan aitaren etxea, aziendak, soloak eta pinudiak, errentak, korrituak, interesak defendatzeko. Eta aberria. Eta demokrazia. Eta nik ez dakit zein ordenatan.
Gure amonak ez du ikusiko Josu Jon Trumpi eskerrak ematen. Ez du ikusiko armen atzetik, bonben atzetik, munduko ejerzitorik boteretsuenaren atzetik eta dagoeneko erortzen hasi diren akusazio judizialen aitzakiaren atzetik, nazioarteko legeen urraketen atzetik, venezuelarrena zen petrolioa ustiatzeko hitza ematen. Beretzat hainbeste balio zuen hitz hori. Behar izan den inperioaren eskutik behar izan dena erauztera joaten aberastu dira batzuk beti.
Real Compañía Guipuzcoana de Caracasetik Repsolera, lagun zaharrak dira kapitala eta… Euskal Herria ez, Euskal Erdia esango dut. Gure amona ere Euskal Herria zelako.
Bide batez, eta bihotzez, munduko zorterik onena opa diet venezuelarrei. Baita Josu Jonekin eta Trumpekin zerbait irabaziko dutela sinesten duten venezuelar horiei ere. Zintzoki eta bihotzeko min guztiarekin diot hau, gure amonak garbitutako komunzulo berak garbitzen geratuko direla iruditu arren.