• IRITZIA
  • Gure lana da, baina ez bakarrik geurea

Gure lana da, baina ez bakarrik geurea

2026ko apirilaren 24a - 05:30
Eg. 2026ko apirilaren 24a - 08:45
EnpresaBIDEAko taldea

“Argitaratu" botoia sakatzen dugun aldiro, mirari txiki-handi bat gertatzen da. Pantailan ageri den horrek erakusten digu euskararen komunitatea bizi-bizi dabilela hizkuntza bera biziberritzen ari bada ere. Duela lau urte hasi ginen goizeroko balentriarekin, eta hutsik egin gabe hona irten gara egunero-egunero.

 

Keinu sinplea iruditu zitzaigun, gure inguruan ia oharkabean pasatzeko modukoa. Baina atzean apustu handi bat zetzan —barkatu atrebentzia, irakurle— guri ausarta iruditu zitzaiguna: eguneroko prentsa espezializatua urria da euskarazko hedabideen unibertsoan, eta guk ekonomia eta enpresa aukeratu genituen euskaraz —eta soilik euskaraz— egunkari bat argitaratzeko. 1.461 aldiz egin dugu geroztik eta euskaraz egunero argitaratzen den egunkari bakarra gara.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hasieratik argi izan dugu EnpresaBIDEA ez dela soilik komunikabide bat. Azpiegitura kulturala sortzen laguntzeko apustua ere bada, hain zuzen ere, euskarentzat hil ala bizikoa den eremuan, geure bizitza gero eta gehiago baldintzatzen duen arren, euskararentzat oraindik aski arrotza den horretan. Euskararen erabilera normalizatzeko urratsak leku guztietan behar dira, baina lanaren munduan, enpresetan, erabaki ekonomiko eta sozialak hartzen diren tokietan eragitea ezinbestekoa da.

 

Bide horretan ez gaude bakarrik, eta urte hauetan guztietan garbi ikusi dugu. Nekez iritsiko ginen hona bidaide izan ditugun lagunik gabe. Irakurleak, enpresa edo erakunde-arduradunak, idazle-kolaboratzaileak, ondoan izan ditugunak laguntzeko, aukera berriak gurekin batera lantzeko, eta baita, nola ez, okerrak zuzendu beharraz ohartzeko. EnpresaBIDEA ahalegin kolektiboa da, elkarrekin egin duguna, egiten duguna: batzuek sinetsi zenuten posible zela, beste askok zuen ezagutza gurekin partekatzen duzue, milaka zarete egunero irakurtzen gaituzuenak. Sare bat gara. Lerro hauetan ez da kabitzen zor dizuegun guztia. Mila-mila esker, bihotzez.

Biderik zailena aukeratu genuen, eta ez zaigu damutu. Baina ez gaude konforme, beste hark zioen bezala.

Euskarazko hedabideek —eta bereziki eremu espezializatuetan dihardugunok— ahultasun estruktural batean egiten dugu lan. Baliabide mugatuekin, audientzia atomizatuekin, eta askotan, epe laburreko logiken menpe. Paradoxa bat da: gizarte gisa behar dugun tresna bat garela sinisten dugu, baina apustuaren neurriko sostengua ez da egundo egituratu.

Euskarak jauzi egin behar du eremu sozioekonomikoan, baina hori ez da berez gertatuko. Gure txikian, eragiteko sortu ginen, eta horri eutsi ahal izateko, hitzezko babesa ez ezik, urrats sendoak egiteko determinazio handiagoa behar da.

Historiak erakutsi digu sarritan eraldaketak ez direla berez gertatzen: elkarlana aldarrikatzeaz gain, gauzatu ere egin behar da erabaki irmoak hartuz, hitzetik harago doan komunitate-ardura aktibatuz. Eta bide horretan oraindik urrats kementsuagoak falta dira. Ez dugu uste konpromisoa falta denik, baina hitzetatik harago doan sostengu sendoagoa errealitate egin behar da: bidea hamaika oztopoetatik soiltzen lagunduko duen herri-itun ausartagoa ezinbestekoa da. Hori gabe, egunero botoia sakatzea keinu hutsalean geratzeko arrisku handia dago.

Duela lau urte, botoia sakatuz martxan jarri ginen. Beharrezkoa izan zen, baina ez da nahikoa. Existitze hutsa ez da sekula helburua izan. Egunero sakatu behar da, egunero berriro sinetsi, egunero berriro eraiki. Hedabideen sektorearen krisi sistemikoaren zurrunbiloan, bide berriak jorratu behar ditugu egiturazko ahuleziatik irten eta apustu indartsu, bideragarri eta denboran iraungo dutenak eskaini ahal izateko. Mundua gero eta ulergaitzago bilakatu den honetan, gure errealitatea barru-barrutik ezagutu, bizi eta sostengatzen duen ahots propioaz interpretatzeko gaitasuna behar dugu, gure buruari gure hizkuntzaz hitz egiteko.

Gu prest gaude, eta bide horretan aurrera egiten jarraitu nahi duen komunitatea ere prest dagoela sinisten dugu. Ez da fede kontua: beharra da, are gehiago, urgentzia.

Horretan jarraitu nahi dugu, kontatzen duen herri baten parte izaten: euskaraz, ekonomiaz eta etorkizunaz. Inoiz baino gehiago, inoiz baino beharrezkoago.

Gure lana da, baina ez da soilik geurea: guztiona da.