Tamalez, ez da ohikoa administrazio kontseilu baten ostean zuzendari nagusiaren deia jasotzea bilera zorrotza, baina berritzailea eta aberatsa izan dela partekatzeko. Nabarmentzekoa da benetan, eta pentsatzeko ematen du.
Dei hori kontseilua bere lana betetzen ari denaren ondorio da: ikuspegi estrategikoz, gaitasun kritikoz eta gehitzeko borondatez lan egiten ari denaren adierazle, ohiko gainbegiratze lan hutsa albo batera utzita. Ezagutza, esperientzia eta luzerako begirada dira ekarpena egin nahi duen administrazio kontseilu baten ezaugarriak. Enpresa elkarrizketa maila gorenera eramateko gai da, aukera anitzak sortzen ditu, arriskuak aurreikusi eta zuzendari nagusiarentzat bidelaguna da, momentu konplexuetan bereziki. Kontseiluak horrela lan egitea lortzen duenean konpainiaren hazkundea eta profesionalizazioa bizkortzen direla argi eta garbi erakutsi dit nire egunerokoak.
Kontrakoa ere ikusi dut, uste baino sarriagotan. Ugariak dira bere lana gainbegiratze huts gisa ulertzen duten kontseiluak eta, azkenean, enpresarentzat lasta bihurtzen direnak. Errealitatetik at bizi dira, kontenta ezinak dira. Ohikoa da, baita ere, kontseiluak erantsi dezakeen balioa ulertzen ez duten zuzendaritza-taldeekin topo egitea, edota beren independentzia eta erresuma txikia babesteko, informaziorik partekatzen ez duten zuzendariekin. Gezurra dirudien arren, ez da izango lehen aldia administrazio kontseilu batek prentsa bidez ezagutzen duela konpainiaren inguruko albiste garrantzitsu bat.
Ziurgabetasuna nagusitu eta, ondorioz, enpresen norabidea etengabe egokitu beharren gauden garai hauek kontseilu aktiboak, konprometituak eta prestatuak eskatzen dituzte, irizpide estrategikoa eta taktikoa emateko gai diren profesionalez osatuak. Inpaktu handiko kontseiluak eskatzen ditu gaur egungo testuinguru sozial eta ekonomikoak, alegia.
Organo anitz, kritiko eta ondo informatuta alboan izatea abantaila konpetitiboa da zuzendari orokorrentzat: epe laburreko eskaeren eta ibilbide luzeko ikuspegiaren arteko oreka mantentzen lagunduko dion goi-mailako pentsamendua duen bidelaguna. Konfiantza eraiki denean, goi-zuzendaritzak informazio sentikorra partekatzen du, jakin badakielako kontseiluak hobeto erabakitzen lagunduko diola.
Eta zuzendaritza-batzordea? Honek ere, ez daki beti zer egiten duen kontseiluak. Harreman horrek funtzionatzeko, batzordeak bere zeregina ulertu behar du, lehentasunak ezagutu eta estrategia lerrokatuta mantendu. Beste norabidean ere, gauza bera: kontseiluak erakundearen benetako pultsua ezagutzen ez badu, ezingo du bere zeregina modu egokian bete. Bi taldeen arteko lankidetza eta gardentasuna funtsezkoak dira. Horren mende dago, baita ere, erabakien arteko kontraesanik ez egotea, mezuak koherenteak izatea eta erakundeak norabide eta asmo bakarrarekin aurrera egitea.
Finean, administrazio-kontseilua, zuzendari nagusia eta zuzendaritza-batzordeak enpresa puzzlearen oinarrizko hiru pieza desberdin eta elkarren mendekoak dira. Talde gisa lan egiteko gai direnean, enpresak foku, koherentzia eta asmo partekatuarekin aurrera egingo du.
Eta ziurgabetasun garaian, ez dago abantaila baliotsuagorik.