Iraila oporren amaierarekin eta errutinara itzultzearekin lotzen dugu maiz, baina berritasunen hilabetea ere bada. Egun hauetan hasten dira ikasturte berriak, lan-erronka berriak eta bizitzako bestelako aldaketak. Urtearen benetako hasiera dirudi askorentzat; azken batean, milaka pertsonak zeharkatzen dute ate ezezagun bat lehen aldiz, ilusioz eta zalantzaz beterik.
Enpresa berri batean lanean hasten diren pertsonentzat, ikastetxe batera lehen aldiz iristen diren ikasle zein irakasleentzat, aisialdiko jarduera antolatu batean hasten direnentzat, edo bizitoki berri batera iristen diren familientzat, lehen urrats horiek ez dira beti errazak izaten. Harreman sare berriak eraikitzen hasten dira eta arau, ohitura, hizkuntza eta funtzionatzeko modu ezezagunekin topo egiten dute. Hasiera guztiek dakarte ziurgabetasun puntu bat, ez baitakigu zer topatuko dugun, nola hartuko gaituzten edo gure lekua aurkituko ote dugun. Horregatik, harrera ez da keinu edo protokolozko formalitate huts bat. Ez da aurkezpen labur bat, bisita gidatu bat edo bostekoa emateko keinu adeitsu bat bakarrik. Benetako harrera denboran zehar eraiki behar da, eguneroko xehetasun txikien bidez.
Azken hamarkadetan gero eta garrantzi handiagoa hartu dute harrera planek. Hasiera batean, enpresetan langile berrien integrazioa errazteko garatu baziren ere, gaur egun esparru askotara zabaldu dira: hezkuntzan ikasle berriei laguntzeko, administrazio publikoetan herritarren arreta hobetzeko edo gizarte zerbitzuetan etorri berrien egokitzapena sustatzeko. Eta askotan, lehen egunetako esperientzia horrek baldintzatuko ditu gerora komunitate horrekin izango den lotura, konfiantza eta parte-hartzea.
Gainera, harrerak ez dio soilik on egiten iritsi berri denari, harrera ez da norabide bakarreko ekintza; elkarrekiko ikaskuntza prozesua da. Izan ere, guztiok bizi izan dugu noizbait iritsi berriaren egoera. Denok izan gara inoiz geure burua kokatu nahian ibili den ikasle hura, lehen eguneko urduritasuna sentitu duen langilea edo inguruko kode sozialak eta hizkuntza ohiturak ulertu nahian ibili den herritarra. Esperientzia horrek gogorarazten digu zeinen garrantzitsua den besteen tokian jartzea.
Hala ere, harrera prozesu guztietan badago sarritan ahazten den edo behar adinako garrantzirik ematen ez zaion elementuren bat. Gure kasuan, euskaraz bizi eta lan egin nahi duen komunitatearentzat bereziki garrantzitsua da hizkuntzaren ikuspegia jasotzea eta horri buruzko mezua modu argian adieraztea. Lehen egunetako hizkuntza erabilerak eta hizkuntzei ematen zaien tratamenduak eragin handia izaten dute ondoren finkatuko diren ohituretan. Zoritxarrez, hizkuntzak ez du izan beharko lukeen tokia administrazio askotako eta enpresa gehienetako harrera prozesuetan. Horretarako, ezinbestekoa da enpresetako arduradunek, administrazio publikoetako ordezkariek eta bertako bizilagunek ere euskararen harrera-dimentsioa beren gain hartzea.
Azken urteotan, hainbat eskualdetan aurkeztu izan dira euskarara gerturatzeko kanpainak, bereziki gurera etorri diren herritar berriei zuzendutakoak, harrera prozesuetan euskararanzko urratsa egin dezaten. Eskualde gehienetan, ordea, horrelako informazioaren berri ez da ematen. Kanpaina horietan, euskara erdara nagusi den gizartean integratzeko eta aukera berriak eskuratzeko tresna gisa aurkezten da.
Euskara baliatuko da baldin eta ikusarazten bada harreman sareak eraikitzeko, aukerak zabaltzeko eta bizimodua garatzeko baliagarria dela. Horretan, ordea, enpresek eta administrazio publikoek ezinbesteko erantzukizuna dute. Enpresek eta administrazioek euskararen balioa aitortu eta lan-esparruan presentzia ematen diotenean, mezu argia helaraziko dute. Aitzitik, hizkuntza erabat ikusezin bihurtzen denean, zaila da bertakook zein etorri berriek haren ikaskuntzan denbora eta ahalegina inbertitzeko motibaziorik aurkitzea. Harrera egokia ez da soilik ateak irekitzea; komunitatearen giltzak partekatzea ere bada. Eta gurean, giltza horietako bat euskara da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta