Komunikazio eta lidergo aholkularia

Harria eta soka

2025eko abenduaren 7a
Aran Erasun Urtzelaieta

“Gelan ez du asko parte hartzen, baina talde txikian lidergoa hartzen duela ikusi dugu”, aipatu dizu semearen tutoreak . Zuk etxean eta kalean ikusi diozun joerekin bat egiten du, ezagunak dituen testuingurutan, pertsonekin, errazago moldatzen da, gehiago hitz egiten du, proposamenak egin, iritzia eman, datorkiona elkarbanatu. Baina non dago lidergoa, patioaren erdialdean ala bazterrean?

 

Lidergoaren inguruko ulermen eta ereduak trantsizio garaian ditugu. Zaharkitua geratu zaigu patioko erdigunetik agintea non zegoen markatzen zuten liderren eredua, maiz bortxakeriatik gailentzea lortzen zuena. Zaharkitua ziur aski lidergo hitza ere, honek jasotzen duena begirada eta praktika aldakorra den heinean. Baina errealitate berriekin janzten ditugu esangurak, oraindik eredu patriarkalen arrastoa barnean badaramagu ere.

Zer ulertzen dugu lidergoaz? Antolakundeetan imajinarioak arakatzen ditugunean pertsonarekin lotzen da nagusiki, lider indibidualarekin, taldearekin baino, eta ezaugarri horiek presentzia handia dute erantzunetan: maskulinoa, gogorra, goian, indarra. Hartu dituzu harria eta makila eskuan, horiekin lotzen dituzu oraindik ere indarrean ikusten duzun lidergoa. Patio garaiak amaitu dira, baina imajinarioetan daramagu jantzita bizipena, eta lan esperientziatan antzekoa gertatu zaizu maiz. Ikusgarritasuna eta eragin zuzen indartsua, erabakimen kontzentratua.

 

Baina lidergo desiragarriez hausnartzean, gure lan jarduera eta ekarpena garatzeko lagungarri egin izan zaizkigun egoerak marrazten ditugunean, agertzen zaizkigu bestelako ezaugarriak ere, harreman gaitasunei lotutako osagaiekin. Hartu dituzu soka eta esponja eskuan, lankideak entzuten, talde lana osatzen, besteen gaitasunez bustitzen den lidergo horren onurez pentsatzean.

Ereduak praktika berri eta osatuekin eraldatzen dira, eta urteotan enpresetako management literaturan aldaketak gertatzen ari dira, norabide horretan. “Lidergo inklusiboa: sei herrialdetatik begirada” 2014ko Catalyst txostenean lau gaitasun nagusitan ardazten zuten langileen inklusioa indartzen zuten liderren jarduera: kolaboratzaileak ahalduntzeko gaitasuna (empowerment); norbere buruarekiko eta lantaldearekiko erantzukizuna; aurreiritziei heldu eta arrisku parekideak hartzeko ausardia, eta kritiketatik  ikasteko umiltasuna zein besteen ekarpena aitortzeko ahalmena.

Lantaldeak parte zein baloratu sentitzeak berrikuntza eta engaiamendua indartzen dituenez, XXI. mendeko antolakundeen erronkei heltzeko lurzoru dira, orain eta etorkizun parekideagoei heltzeko. Iturri bereko ondorengo azterketetan aipaturikoaren arabera, talde lanerako arau inklusiboetan jarduteak taldeetako langileen %88k konpromiso maila oso altuak erakutsi dituzte (inklusiboak ez diren lantaldeekin alderatuta).

Eta hala ere jarraitzen dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko datuei erreparatuta, enpresetako administrazio kontseiluetako emakumeen presentzia %22an mantentzen, eta % 14 soilik dira lehendakari.  Trantsizioan dagoen errealitate baten argiak eta itzalak, zenbakiak ereduekin josten dituzten aldeak. Makila eta harria bai, baina soka eta esponjarekin batera. Osatzea gehitzea da, baina baita sendatzea ere. Min ematen diguten lidergo ereduak desorekan oinarritu dira asko, pertsonak baina ekintzak eta zereginak aintzat hartzean. Eta osatzeko garaia dugu.

Harria eta soka
Harria eta soka | Argazkia: Aran Erasun