Harro

Gaur LGTBI+ kolektiboetako pertsonek Harrotasunaren Eguna ospatzen dute. Munduko txoko honetan, behintzat, neurri handian ospakizuna dela esan dezakegu: maila formalean, behinik behin, bazterkeriarik gabea. Bai? Euskaraz azala eta mamia bereizten ditugu eta beraz, ongi dakigu oro ez dela urre.

Hartu, adibidez, LGBTI Diversity. Show me the Business Case izeneko txostena, NowOut etxeak egiten duena hainbat herrietako LGTBI+ kideek enpresa-inguruetan bizi duten egoera analizatuz. Kristalezko armairuetatik enpresa nola ikusten den erakusten du zehaztasun handiz. Normatiboak ez diren langileen erdiak baino gehiagok aitortzen du ez dela ausartzen lan-tokian bere sexu-orientazio edo genero-identitatea aitortzera. Beldur diote agertze horrek berekin batera ekar lezakeen ondorioen kateari, uste baitute arauetan ez kabitzeak ondorioak izango dituela beren karrera profesionalean. Bazterketa formala borrokatu daiteke, baina askoz sorragoa den beldur horri ezin izan zaio, oraingoz, muga jarri.

Horretan, enpresak ez dira gizarteko beste erakunde edo taldeetatik batere bereizten, agertze hutsa bazterketa-arriskua areagotu egiten du. Sorgin-gurpila da: ikusgarritasuna ezinbestekoa da LGTBI+ komunitateen eskubideen defentsan aurrera egin ahal izateko, baina ikusarazteak prezio handiegia du oraindik.

Gauzak asko aldatu dira, hoberantz, baina bistakoa da zein luzea den oraindik egiteko dagoen bidea esparru guztietan, baita enpresaren munduan ere. Aniztasuna eta inklusioa balio lehiakorrak dira gaur egungo enpresetan, eta ikerketek behin eta berriro erakutsi dute berariazko estrategia eta enpresa-politikak garatu dizuten erakundeek emaitza hobeak lortzen dituztela, merkatuari begira zein beren lan-taldeen motibazio eta eraginkortasuna emendatzeari dagokionez. Hala ere, datuak eta errealitatea egoskorrak dira: oraindik beldur diogu garen bezalakoak agertzeari arauak beste era batera izatera behartzen gaituelako.

Arauetan kabitzen ez den aberastasun eta aniztasuna izendatzeko modua da LGTBI+ akronimo hori, eta siglarekin sinplifikatu egiten dugu aniztasuna. Fikzio bat da sigla hori: LGTBI+ pertsonarik ez dago, askotariko pertsonak baizik. Denak izatez desberdinak, eta eskubideez berdinak. Pertsona horien guztien ezaugarri komun ia bakarra da partekatzen duten diskriminazioa: guztiek antzeko giza eskubideen eta herritartasunaren urraketak jasaten dituzte, beren identitate, orientazio edo adierazpen ez-normatiboaren ondorioz.

Foucaultek esan zuen ukazioa dela diskriminazio modurik ankerrena, zarena izateagatik onartua ez izateak ez baitu bazterketa hortik ateratzeko zirrikiturik uzten: zarena izateari ezin zaio utzi. Sexu-orientazioa edo identitatea arlo pribatura kondenatuta geratzen da oraindik enpresa askotan, eta hori baino bazterkeria handiagorik ez dago. “Nahi duzuna egin, baina ez erakutsi” modukoak entzuten ditudan bakoitzean lotsatu egiten naiz (“auzo-lotsatu” egiten naiz, zehatzago esanda).

Euskaraz harrotasuna eta harrokeria erraz bereizten dira eta beraz, bi hitz horiek (eta berekin dakartena) nahasi egiten dituenak hala egin nahi duelako izango da.

Harrokeriarik gabe, harro. Berdindu beharrik gabe, berdin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK