Gehienok ez gara alfonbra gorritik pasako, baina bagara gu ere gertakizunon aktore. Sartuko gara aldarte batekin zinema aretora, eta aterako gara sabelean egonezin horrekin, edo lilura maitekorra begi-bihotzetan iltzatuta, baita begiak bustita ere. Alkimia emozionalen lapiko ditugu egunotan Donostiako eraikin eta areto hauek, zinemaren bitartez egosten ari gara elkarrekin. Aktore, zuzendari, ikusle, kritikari, pentsalari, sortzaile. Pertsonak.
Zaila baita sartu garen bezala ateratzea. Beste arte eta espresio bideak bezala, filmek eragin egiten digute. Eta ispilu dira, era berean. Arkitektura jakin bat dago elkartze honetan: narratiba hautatu bat, hau hezurtzeko pertsonaiak, eta musika bat, kadentzia bat. Bai literalki musikak egituratzen duena, baina baita erritmoak eta zentzumenen joskera laguntzen duten osagai guztiek ere. Horrek guztiak sortzen du ikusleon bizipena, eta norbere bizitzaren ispilu denez, denongan ez du olatu emozional bera sortzen. Filma etxeko sofan ala alfonbra gorrien lurraldean ikustea ezberdina den bezala.
Antzezpenetan zuzenean ikusita, ala pantailen bitartez behatuta, emozioen artisau gisa sumatzen ditut aktoreak. Eta kutsakorra da emozio oro. Hori topatu zuten Susana Bloch eta ikerketa kide izan zituenek, Alba Emoting deitu zuten metodo horretan. Berlinen jaioa, txikitatik familiarekin Txilera joan zen, eta bertako Unibertsitatean Psikologia saileko Neurofisiologiako katedraduna zen antzerki sailak ikasleentzat psikologia ikastaroa eskaintzera deitu zuenean. Ez zuen ikastaro bat eman; emozioen ikerketarako laborategi esperimentala jarri zuen martxan.
1973ko estatu kolpeak ikerketa eten egin zuen eta Bloch erbestera bidean jarri, baina ordurako jada bereizia zuten oinarrizko emozio bakoitzak (alaitasuna, tristura, amorrua, beldurra, erotismoa eta samurtasuna) gorputz patroi zehatzak zituela, arnasketa, gorputz-jarrera eta aurpegi adierazpen ezberdinen konbinazioak. Alegia, arnasketa jakin batek emozio jakin bat ekartzen duela, haizeak lainoak mugitzen dituen bezala. Alba Emoting izena Parisen jaio zen. “Alba” horretan zuritasuna eta goiztiria ikusten zituzten, hasiera, abiapuntua eta itzultzeko lekua.
“Nola egiten du aktore batek benetan emozionatzeko, emanaldiz emanaldi, bata bestearen ondoren?”. Galdera horri XX. mendean eskola askok memoriatik emoziorako bidetik erantzun zioten, baina Alba Emotingek alderantziz heldu zion: gorputzetik emoziora joaten. Nire arnasketa, nire gorputz postura eta nire aurpegi keinua aldatzen baditut, emozio horretara iristen naiz, nire historia pertsonala hipotekatu behar izan gabe. Eta bereziki, itzulera bidea daukat, leku emozionalki neutroago batera, bareago batera.
Aretotik halako nahigabearekin atera naizen honetan, zuetaz oroitu naiz, “emozioak kontrolatzen” irakastea eskatu didazuen horietaz. Bai, keinuz keinu, arnasketaren erritmoen dantzan behaketatik ikusi, sumatu egiten ditugu. Eta kutsatu ere egiten gaituzte, konturatzeke. Baina badago batzuetan guk pantailan ikusten ez dugun hori ere: emoziotik ateratzeko bidea. Hori ere entrenatu egiten da.
Horregatik kontrolaz baino, erantzukizunaz hitz egiteari hartzen diot zentzu gehiago. Horixe sentitu bainuen Alba Emotingen bitartez autopista emozionaletan hara eta hona ibiltzen ikasten hasi nintzenean: ateratzen ikasi baldin badut, nire ardura ere bada ingurukoek eragiten didatenetik beste nonbaitera joatea. Finean, lanbide guztietan dihardugu-eta pertsonen arteko harremanen eraginean murgilduta. Zer gertatzen da sentitzen dugun horren jatorriari begiratu baino, guk horrekin egin dezakegunari jartzen badiogu arreta? Bai, laneko harremanak elkar erantzukizun dira kasu guztietan.
Antolaketa-kultura bizigarri eta emozionalki arduratsu egiteko moduek zerikusi gehiago baitute gatazkei ihes egitetik baino, sarrera eta irteera bideak izendatu eta erabiltzetik: direla geldialdiak, edota bilkurak ixteko moduak, ala unean ez erantzuteko baimenak.
Arnas luzea egin dut sorbaldak zabalduz, eta ahoarekin irribarre irekia marraztu. Zaila zait jada nahigabe horri eustea. Filmak eragin didan horren bueltan hausnartzen hasi naiz.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta