Heriotzen ekaitzan eta jaiotzen olatuan murgilduta izan gara hainbat urtez geure familian. Horrelakoa da bizitza. Zorionez, gehiagotan esan diogu kaixo belaunaldi berriari, aiton-amonei zein guraso eta osaba-izebei agur esan baino. Eta horrekin guztiarekin, gabonetako otorduak zertxobait aldatu dira azken hamarkadan: familiaren batezbesteko adinak behera egiteaz gain, lehen helduok egiten genuen zaratari haurrena gehitu behar diogu orain, eta janariaren borrokan adiago izan behar zara, zeure ondoko bost urtekoak zure plater gogokoena osorik jaterik nahi ez baduzu. Nolako zura, halako ezpala, dio esaera zaharrak.
Bazkalondoan, helduak kultura orokorrari loturiko joko baten jolasean ari garela, talentuaz eta etorkizunaz hausnartzen ikusi dut nire burua, Elaiak aitortu baitit ez duela argi ile-apaintzaile, zerbitzari ala margolari izan nahi duen, hiruak ala hiruak baititu gustuko. Zortzi urte bete berri ditu. Alboan du lau urteko Iker, Martera joan den Roverraren itxura duen jostailuaren elektronika lotzen saiatzen. Inguruan, bi urteko Ander dago bale forma duen puzzlea behin eta berriro egiten eta desegiten, eta adin bereko Mikel Lego modukoekin zerbait eraikitzen. Bost urteko Aitorrek pilota bat indarrez jaurti berri du, hiru urteko Ion han-hemenka saltoka dabilen bitartean, ondo erortzeko gaitasun izugarriarekin. Gogora datozkit egun horretan etorri ez diren bost urteko Leire eta Eder, lehena antzerkian ibiltzen dela kontatzen, eta bigarrena, poz-pozik, gauzak berak nahi bezala antolatzen. Eta gogora datorkit, halaber, hamar urteko Lisaren idazteko gaitasuna.
Aurreko paragrafoan aipatutako umeek oraindik haurtzaroaz gozatzeko bide luzea dute aurretik, baita jakin-minetik ikasteko eta ikusitakoa xurgatzeko denbora ugari ere. Baina ikusitako irudiak pentsatzera narama Lisak idatziko duen etorkizuna margotu eta apainduko duela Elaiak. Etorkizun hori Ederrek antolatuko duela. Puzzlea konplexu bihurtzen denean hor izango direla Ander eta Mikel, egiteko eta desegiteko, eta Iker elektronika muntatzeko. Jasoko dituzten kolpeetan ahalik eta ondoen erortzen eta berriro altxatzen ikasiko dutela Ionengandik, eta Aitorren indarrez egingo diotela aurre etorkizunari. Eta, gainera, euren bizitzako protagonista izaten ikasiko dutela Leireri esker.
Enpleguak betetzeko orain falta den eta etorkizunean faltako den talentuaz ari garenean, hezur-haragizko pertsonez ari gara, egun haur diren askori buruz. Etorkizunak ekarriko diguna nork kudeatuko duen zalantzak sortzen zaizkigunean, hezur-haragizko pertsonez ari gara. Nik behintzat, arestian aipaturiko argazkiarekin, aurretik etorkizun oparoa dugula besterik ezin dut pentsatu. Eta bien bitartean, ikas dezagun haiengandik 2025ean etor daitekeenari aurre egiteko.