Hautazkotasunaren bueltan

Egokiena aukeratu ahal izateko aukerak sortzeari deitzen zaio hautazkotasuna. Zenbat aukera, hainbat erabaki posible. Bizitzako erabaki garrantzitsu bat hartu dugunean, zenbat denbora izan duzu aukerak probatu eta gustukoenaren baitan hautatzeko? Esaterako, batxilergoa amaitzean, izan al zenuen aukera berriak ikusi, probatu eta trebatzeko parada? Karrera edo ogibidea aukeratzeko presaren presaz ez diogu ikasleari inongo hautazkotasunik eskaintzen. Bizitza programatuta bagenu bezala hartzen ditugu erabakiak. Bide zurrun eta hesituetan aurrera darraigu, hausnartzeko denborarik hartu gabeko erabakietan aurrera. Agenda bat gara, gidoi itxi bat.

Karrera bat edo bestea aukeratzeko erabakia modu eraginkorragoan hartuko da, baldin eta hautazkotasuna ondo lantzen badugu. Gure bizitzan garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko lehenik eta behin esperimentatu beharra dugu, esperientzian oinarritutako aukera izan behar du. Praktika asko egiten ditugu, Erasmus ere bai. Baina esperientzia horietaz haratago, ikasleek esperimentatu egin behar dute, egoera profesionalak bizi, erabakia benetako bizipenetan edo esperientzietan oinarritutakoa izan dadin.

Biribilguneak, argiak eta eserlekuak ezarri behar ditugu bideetan, ibilbide atsegin eta lagunkoiak egin. Noizbehinkako esperientziak bizitzeko aukera proposatu beharko litzateke eskola eta institutuetan, “igeltseroa edo ekonomista egun batez” dioen karta bat. Hainbat sektoretako profesionalek ikasleak egun batez hartu eta beren lanbidea partekatzea, apilo eta maisu harremanak eraikiz. Hezkuntza esperimentalagoa behar dugu, egungo lan eta bizitzarekin harreman zuzena izan dezagun eta hautazkotasuna txiki-txikitatik eskaini daigun.

Gerora ere, ogibide bat edo bestea ikasteko aukera egin dugunean eta urte mordo bat ikasten aritu ostean, lan-mundura egiten dugu salto. Urik badagoen edo ez begiratu gabe askotan. Hainbeste diru eta denbora-inbertsio egin ostean lana bilatzeari ekiten diogu, datozen berrogei urteetan ustez gustuko dugun lanpostu batean aritzeko. Zer zentzu du horrek guztiak? Zenbatek egiten dute lan gustuko ez duten leku batean? Zenbatek utzi dute erdibidean unibertsitateko karrera bat? Zenbat erreprimituko ziren hainbat lanpostuetan? Eta gurasoak haserretuko direnaren beldur ezer esan ez duten seme-alabak? Egoera horien guztien sorrera —eta sentitzen dut horrelako egoeraren bat bizi izan baduzu, irakurle—, hautazkotasun gabezian dago.

Presa al dugu norabait iristeko? Bizitza bakarra dugu, eta bertan bizi nahi duguna erabakitzeko hartu beharreko denborak sakratua behar luke, inoiz eta inon ondoen inbertitutako denbora gisa. Gazte zein heldu askoren arazo mentalen iturri nagusia izaten da presa eta antsietatea. Gero eta azkarrago doan mundu batean bizi gara, eta gero eta garestiagoa da norberaren denbora. Dagoeneko denborak diruak baino balio handiagoa du, hain azkar doan mundu honek denboraren kudeatzaile hobeak egin gaitu eta teknologiaren garapen azkarrak ezagutzaren espezializaziorantzat garamatza. Ondorioz, inoiz gure bizitzetan gako diren erabakiek inoiz baino pisu handiagoa hartu dute, eta orain arte “gustuko ez baduzu utzi eta beste zerbait aukeratu” zena, “hartu denbora eta ondo erabaki” bihurtzen ari da. Baina, lagun, denbora asko hartuta ere ez badugu hautazkotasunik lantzen, denbora hutsak ez digu ezertarako balio izango.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK