Hauteskunde giroa Pirinioetan

Iragan den urtarrilaren 13an, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko sailburuaren bisita jaso genuen nafar Pirinioetan. Iziz eta Burgiko industrialdeak bisitatu zituen, hain zuzen; baita bertako alkateekin argazkia atera ere. Zuntz optikoaren instalazioarekin enpresen digitalizazioa eta inguruko industria-garapena ziurtatuko direla adierazi zuen kontseilariak.

Hurrengo eguneko egunkarien lerroburuetan, honakoa: “Pirinioen garapenerako, konektibitatea ezinbestekoa da”, zuntz-optikoa ezarri den etxolaren argazki batez lagundurik. Azpitituluetan, ez zen alabaina gauza berririk jaso, konektibitatearen hobekuntzak Erronkari eta Zaraitzuko ibarretara jarduera erakartzeko duen garrantzia azpimarratzen baitzen berriz ere.

Berriaren gorputzean, ordea, datu eta zifra batzuk eman ziren, Gobernuaren gardentasunaren izenean: Izizeko industrialdeko etxola eraikitzea eta interkonektatzea 34.553 euroko kostua izan da, eta Burgiko industrialdeko interkonexioa, 35.509 euro. Honenbestez, azkeneko bi inbertsio horiekin amaitutzat eman zuten banda zabalaren proiektua Erronkaribarren eta Zaraitzun. 2019ko promesa politikoa beteta, bada. Legealdia, Pirinioei dagokienez, lasai eta osatutzat amaitu dezake gobernu-taldeak, ez baitzegoen konektibitatea baino afera urgenteagorik ibar hauetan behar bezala bizitzeko.

Ez naiz ni kasualitateetan sinesten duen horietakoa, baina kontseilariak Iruñeko bidea hartu, eta halakoan, haize hotz-hotza mugitzen hasi zen gure ibarrean. Hurrengo egunean, Andoni Aizpuruk ere iragarri ez zuen egundoko elurtea bota zigun sei egunez jarraian; azkeneko urteetan ikusi gabekoa egin zuen karrikak, etxeak, bideak, errepideak, lantokiak… erabat zuri utzita. Elurraren ondoren, izotza heldu zen, eta dena izoztu. Horrek guztiak gure egunerokoa zaildu du: karriketatik ibili, autoa hartu, aparkatu, lanera joan… Elurra kentzeko makinak jo eta ke aritu dira errepide sare nagusia garbitzen; herrietako aguazilak eta boluntarioak, ordea, karrikak eta aparkalekuak palaz husten; abeltzainak traktorearekin bideak irekitzen; azken batean, bakoitzak ahal duena egiten.

Aitzitik, Burgiko eta Izizeko industriguneen sarrerek zuri eta hormaturik segitu dute, eta bertako lantokietara bi astez ezin sartu egon gara. Baina, galdetuko diozu zuen buruari: zergatik ez da bertara sartzen elurra kentzeko makina? Erantzunean, Administrazioarekin topatu garela erranen dizut; izan ere, errepide nagusiak besterik garbitzeko baimena omen du gidariak. Absurdoetan abusordena! Oro har, ohikoa da horrelako absurdokeriekin topatzea, administrazioaren kudeaketez ari garenean. Lantokietaraino lurrazpitik doan zuntz-optikoaren hodiak 300 megabyte garraiatzen dizkigu, baina gu, aldiz, ezin bertaraino iritsi. Eskerrak kontseilariaren bisita ez zen urtarrilaren 16ko astean ezarri! Bestenaz, palaz ireki behar izanen baitzuen bidea! Orduan bai eramanen zuela argazki ederra!

Nolanahi ere, konektibitate bikaina dugu orain Pirinioetan, lurrazpitik fite doa zuntza; hurrengo legealdiaren promesa-politikoa, bada, izan dadila lurrazal gaineko konektibitatea hobetzea. Izan ere, azkeneko bi neguetan bi zentzugabekeriaren kontra gogorki borrokatu behar izan dugu hemengo herri-erakundeek: iaz, Belaguako Aterpea inauguratu zen eta bertarainoko sarbidea garbi zezaten eskatzen igaro genuen negu guztia (eraikinaren zaharberritze lanetan Nafar Gobernuak eta Mendi Federazioak dirutza utzi eta gero, gainera); aurten, enpresa-guneetara zuntzaz gain, autoak sar genitzan eskatu diegu behin eta berriz. Lau urteren buruan, egunkarietako lerroburuetan ez ote dugu ikusiko kontseilaria elurra kentzeko makinarekin Burgiko industrigunean!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK