Hauteskundeak: hiria norentzat

Seguruenik izango da etxean bizitzea tokatu zaidanagatik, baina beti jarraitu izan ditut hauteskundeak oso gertutik. Ezin ahantzi lehendabizikoz bizi nituenak, 1987ko udal bozak, onerako edo txarrerako bizitza markatu zidatenak. Handik luzera, hateskunde-orokor batzuen harira, lo hartu ezinda geratu nintzen gau elektorala gogoan dut, bozen ondorengo emaitzek ahalbideratu edo galaraziko zituzten balizko itunen inguruan buruari bueltaka. Ikusle gisa hauteskundeetako zurrunbiloan murgiltzea gustatzen zaion horietakoa izan naiz beti.

Bizitzaren beste esparru batzuetan ere berdintsu: izan telebistako audientzien sharea, izan bota duen euri-litro metro koadroko kopurua, zenbakiek bereganatu izan ohi dute nire arretaren ehuneko handi bat. Horren zergatia asmatzen ez dakidan arren, Backbeat filmeko aipu batekin laburbil nezake: Bob Sutcliffe musikariak —Stephen Dorf aktoreak gorpuztuta— Astrid Kirchnerr artistari —Sheryl Lee— aitortzen dionean futbola ez duela bereziki maite, baina bai eta biziki, futbol partiden emaitzak.

Hori guztia aplikagarria izan da soilik hauteskunde-kanpainek bi astebete baino ez irauten zuten bitartean. Gaur egun, urte bat, bi urte edo espainiar parlamentuko jarduneko legislaturan bezalaxe, kasik gobernuko koalizioa eratu zen egunetik gaur arteraino, hau da, lau urte ere, iraun dezakete hauteskunde-kanpainek. Gainera, Espainiako hedabideetan bereziki, eztabaida politikoa oinarri duten telebista-saioen ugaritzeak, eguerditan eta arratsaldetan, politikaren espektakularizazioa ekarri du. Zopan ere, barka erdarakada, topa ditzakegu orain politikariak. Duela gutxi Tele5k iragarritakoa ildo horretik doa: Jorge Javier Vazquez aurkezlearen Sálvame kendu, eta horren ordez, kutsu nabarmen politikoagoa izango duen Ana Rosa Quintanaren saio berria. Así es la vida izenburua izango du: horrelakoa da bizitza.

Testuinguru honetan, foru eta udal hauteskunde-kanpaina honen eztabaidaren fokua, markoa edo dena delakoa, alderdien kudeaketa-proposamenetan jarri baino beste leku batean jarri da –oso agerikoa izan da ezen horretan luzatzerik merezi ez duen—. Horrenbestez, Bilbo bezalako hiri batek adibidez etorkizuneko erronkei aurre egiteko izan beharko lituzkeen politikak eta estrategiak lausotu egin dira. Batetik, klima-aldaketak dakartzan egoera eta paisaia berriei moldatzea —labur esateko, ingurune urbanoak ahal den neurrian naturalizatzea eta ingurune naturalak ez urbanizatzea—. Bestetik, hiri-eredua nolakoa izango den ondo azaltzea. Hiria, norentzat. Kanpoko bisitarientzat, alokairu-turistikoen proliferazioari toperik jarri barik —tamalez Donostiakoaren bide beretik doa Bilboko Alde Zaharra ere— edo bertako bizilagunentzat, etxebizitza-politika ausart eta justu batek lagunduta, hirian bertan duin bizi ahal izateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK