Hauteskundeen ondorena

Artikulu hau irakurtzen ari bazara, denbora atzera egin behar duzu. Lerro hauek joan den ostegunean idatzi nituen, atzo ospatu genituen hauteskundeetan zer gertatuko zen ezer ez nekiela. Bozkatu dugu eta erabaki dugu datozen 4 urteetan gure herrialdea gobernatzeko hartu beharreko norabidea, baina etorkizuna asmatzeko bola magikorik ez dudanez, gobernu berria osatzeko mapa politikoa erabat irekia dela esango dut. Hala bada, orain paktu eta alderdi-arteko akordioak eraikitzeko abagunea hasi da eta negoziazioetan proposamen ekonomikoak mahaigaineratu eta adostu beharko dituzte.

Gobernatu nahi duenak, kanpainan zehar egindako proposamenak bildu, hautagaiei deitu eta negoziazioekin hasteko garaia du. Eta lehenengo dei eta bilera horietan, gai nagusietako bat ekonomia-proposamenak izango dituzte hizpide. Hazkunde jasangarria, industriaren berrikuntza, herrialdearen lehiakortasuna eta etorkinen gizarteratzea sustatzeko politika ekonomikoak bultzatzeko proposamenak landuko dituzte, besteak beste. Lehentasun eta urgentziak azalduko dizkio batak besteari eta elkar-ulertzen saiatuko dira, ondoren.

Lehentasun horien artean ziur industria-garapena eta garaikidetzea izango dute hizpide, ohiko industria-sektoreak indartzeko eta dibertsifikazio ekonomikoa sustatzeko politikak diseinatuko beharko baitituzte. Horrek azpiegiturak digitalizatzea, Jaurlaritza eta enpresen arteko harremana sendotzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntza eskaintzea egon behar luke, Euskal Herrian erreferente diren enpresa horiek atzerriko funts eta holding-ek eros ez ditzaten.

Beste lehentasunetako batek teknologiaren sustatzea behar luke. Ikerketa, garapena eta berrikuntzari laguntzeko programak sustatu behar genituzke, unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresekin lankidetzan. Pizgarri fiskalak eta diru-laguntzak bai, baina batez ere erraztasun eta baldintza hobeak behar ditu sektoreak arlo estrategikoetan: bioteknologia, adimen artifiziala, 4.0 industria eta teknologia garbiak. Honekin batera, ekintzailetza eta enpresen sorkuntza zabalagoa behar dugu, ekonomia sozialeranzko eta ingurumen-inpaktua edo inpaktu sozialerako bidea hartzen duten ETE gehiago behar ditugu. Horretarako ekintzaile izatearen aukera demokratizatu behar genuke,  finantziazio publiko eta pribatua eskuratzeko aukera erraztu eta hastapenetan hartzen diren arrisku ekonomikoak gutxitzeko politika fiskalak diseinatu. Ekintzaile eta berrikuntza nahi badugu, familia aberatsetan —ezer falta ez zaion pertsona, alegia— jaio ez diren hoiengan pentsatu eta ekintzaile izateko erraztasunak diseinatu behar dira.

Eta ekonomia garaikide bat sustatzeko, trantsizio energetikoa eta ekonomia berdea sustatuko duen Eusko Jaurlaritza bat behar dugu: ingurumena errespetatzen duen eredu energetiko jasangarriagorako trantsizioari lehentasuna emango dioena, honekin batera energia berriztagarriak sustatuko dituena, eraikin eta industrietako eraginkortasun energetikoa hobetuko duena, mugikortasun jasangarria eta ingurumenarekin arduratsu diren enpresa-praktikak sustatuko dituena eta klima-aldaketaren aurkako borrokan eta enplegu berdea sortzen lagunduko duen gobernu bat.

Ekonomia eta enpresaren ikuspegitik, azkar ikasi eta moldatzen den gobernu baterantz jo behar dugu, politika erreaktiboak egin beharrean, proaktiboa egingo duena. Egunerokoan sektorean lanean ari diren aditu eta profesionalekin lan egingo duena. Dena dugu egiteko hauteskundeen ondorenean, dena aldatu baita. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK