Produkzio prozesuan egon zitezkeen arazo guztiak gertatu zaizkio aste honetan, eta ziztu batean heldu die soluzioen hariei. Telefono deia eskegi ahala, “nire kontu” batekin jarri da martxan Marga, eta bideak jartzen hasi da bai arazoen iturburuaz topatuko diotenen bila, baita denbora atzerapenak ekarriko dituen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen aztertzera ere. Eta sutan oihuka ari zaizkionak baretzera, bide batez.
Etxera bidean zihoala jaso du konfirmazioa, konpondu dute korapilo nagusia, eta poza nabaritu dio telefonoz bestaldean “krak bat zea” zioenari. Kutsatu zaio tonu hori, ondo sentiarazten du, baina etxera bidean amaren zaintzailea gaixotu dela jakin du, eta konpontzailearen giharra berriz martxan. “Egingo dut”, burura erraz etortzen zaio pentsamendu hori, bidea oso egina du. Guztiarekin ahal duela dirudi, sinetsi egiten du batzuetan, eta estimatzen dutela sumatzen du, inportantea dela sentiarazi, baina erraiak zartatzen dizkio ohera sartu orduko sumatzen duen bakardade eta nekeak.
Heroia, guztiarekin ahal duen emakume aparta. Lidergo postuetan dauden emakumeengan bereziki estutzen duten mandatu patriarkaletako bat, Marcela Lagarde antropologo mexikarraren hitzetan. Managuan egindako jardunaldien ostean argitaratu zuten 2000. urtean Claves feministas para liderazgos entrañables, eta lidergo feministak garatu ahal izateko haustura hirukoitza beharrezkotzat aipatu zuen. Emakumeak heroi, martir edota ahalguztidun izatearekin lotzen dituzten mandatu patriarkalekin haustura, alegia.
Martirra hitza ez dago bere hiztegian, baina Leirek badaki zer den sakrifiziotik eta berea albo batera uztetik lantaldea eta enpresa gidatzea. Hainbatetan gaixotu da azken urtean, eta badaki hau ez dela mugagabea, abisuak zerbait esatera datozela. Baina jarri dituzten erronkak betetzeak barrenak mugiarazten dizkio, eta erruduntasunari eustea gehiago kostatzen zaio.
Gero eta estuago aritu, gero eta emankorrago, bere balioaren neurria horren arabera hazten dela dirudi. Maltzurra dirudi, baina barruko ahots horrek “gero eta gehiago sufritu, hobe” esaten dio. Ez du entzuten, baina sentitu bai.
Eta Amaia lankide du, erraz erabaki eta guztia ikusteko arrano begirada duen zuzendaria. Prozesu ezberdinen inguruko informazioa jaso, aztertu eta behatzeko gaitasuna garatu du izugarri, eta ia ez dago bera gabe hartzen den erabakirik antolakundean. Bere ingurukoentzat zutabe bilakatu da eta segurtasuna eskaintzen du. Sostengatu egiten ditu, enpresa osoa eusten duen hezurdura gisa. Zurruntasuna barruraino sartzen ari zaio ordea.
“Ahalguztiduna” deitu zuen Lagardek mandatu hori. 25 urte pasa dira, baina haustura hirukoitz horren beharra hain da egungoa, emakumeen lidergoa bizigarritasun parametroetara ekartzea mende honetako antolakundeen erronka dela. Asmatutako izenak aldatuko dizkiegu Marga, Leire eta Amaiari, baina ezagutzen ditugu, ezagutzen dugu geure burua. Eta erraietaraino sartuta ditugun sinesmen horiek deseraiki gabe ezingo ditugu ardura postuak modu osasuntsuagoan eraman, eta antolakunde bizigarriak erein.
Pauso txikiekin ere ibiltzen omen dira bideak. Nik aurtengo barne konpromisoetan ezarri ditut: lorpenak indibidualetik kolektibora kokatzea eta elkar erantzukizunari lekua egitea; autozaintzarako neurri zehatzak izendatu eta gauzatzea, eta kontroletik konfiantzara pasatzeko prozedurak garatzea.
Eta badakizue zer? Zuekin elkarbanatzeak konpromiso hauek sustraitu egin ditu.
