Duela ia hogei urte, Nicholas Sternek klima aldaketaren ekonomia ulertzeko modua aldatu zuen. Britainiar Gobernuak eskatutako 2006ko Stern Txostena delakoak erakutsi zuen askoz garestiagoa izango zela berotze globalaren aurrean ez jardutea, arintzean inbertitzea baino. Txosten haren ondoren, aldaketa esanguratsua gertatu zen: klima aldaketaren goi-bileretan, herrialdeen ordezkaritzak ez zituzten jada ingurumen arloko arduradunek gidatzen, baizik eta lehen ministroek eta ekonomia zein finantza ministroek. Klima aldaketa ez zen gehiago ingurumen arazo hutsa izan, baizik eta garapen ekonomikoaren eta oparotasunaren erdigunera igaro zen. Azaroaren 5ean Sternek bere liburu berria aurkeztu zuen, The Growth Story of the 21st Century, non aldaketa sakona proposatzen duen: oparotasun globalaren etorkizuna berdea, digitala eta inklusiboa izango da, edo ez da izango.
Sternek dio munduak hazkundearen eta garapenaren kontakizun berri bat duela bere esku, teknologia garbien inbertsioak eta berrikuntzak eta adimen artifizialaren (AAren) iraultzak bultzatuta. Ikatzean, petrolioan eta desberdintasunean oinarritutako hazkundearen kontakizuna baino askoz erakargarriagoa dela dio baita ere.
Berri ona zera da, eraldaketa hori dagoeneko martxan dagoela. Datozen bost urteetan, funtsezko teknologia berdeen erdiak baino gehiagok inflexio puntuak lortuko dituzte: eguzki energia eta energia eolikoa, ibilgailu elektrikoak, hidrogeno berdea, ongarri garbiak edo biltegiratze sistemak lehiakorrak izango dira, dirulaguntzarik gabe. Trantsizio energetiko gisa hasi zena munduko ekonomiaren egituraren birkonfigurazio bihurtzen ari da.
AAk trantsizio horren azeleragailu gisa jokatzen du. Energiaren kudeaketaren eraginkortasuna edo eskariaren iragarpena hobetzeaz gain, berrikuntza gaitasuna ere biderkatzen du: material berrietatik hasi eta proteina alternatiboetaraino, edo nekazaritzarako eta erresilientzia klimatikorako soluzioetaraino. Sternen hitzetan, “AAk aurrerapen zientifikoa abiadura digitalean bultza dezake”.
Baina aldaketa hori ez da modu uniformean banatzen. Garatzeko bidean dauden eta hazten ari diren ekonomiek eginkizun garrantzitsua izango dute industria-geografia berrian, planetako baliabide berriztagarri asko biltzen baitituzte. Laguntza finantzario eta teknologiko egokia badute, energia garbiaren, altzairu berdearen edo karbonorik gabeko ongarrien ekoizpenean buru izan daitezke. Bestela, arriskua da trantsizioak iraganeko desberdintasunak erreproduzitzea —edo larriagotzea—.
Erronka ez da ez teknikoa, ez finantzarioa, politikoa baizik. Sternek uste du trantsizioak urtean 5 eta 7 bilioi dolar arteko inbertsio globala eskatuko duela energia garbietan eta digitalizazioan —munduko BPGaren % 2-3 inguru—, eta kopuru hori onargarria dela kapital fluxuak berbideratzen badira eta erakunde multilateralak indartzen badira. Gakoa izango da sektore pribatuaren indarra politika publiko sinesgarriekin konbinatzea, inbertitzaileei konfiantza emateko eta hazkunde berriaren irabaziak modu justuan banatuko direla bermatzeko.
Sternen mezua, funtsean, baikorra da. Sakrifizioaren eta beldurraren narratibaren aurrean, aukeretan oinarritutako etorkizuneko ikuspegi bat proposatzen du. Teknologiak, lankidetzak eta ekintza kolektiboak klima aldaketaren aurkako borroka aurrerapen aro berri baten indar bultzatzaile bilaka dezakete.
Baina une kritikoan gaude eta agintari askok ez dute kontakizun berrian parte hartzen. Sternen liburua argitaratu baino egun bat lehenago kaleratu zen Nazio Batuen Ingurumen Programaren azken Emisioen Arrakalaren Txostenak ohartarazten duenez, Parisko akordioaren baitan gobernuek hartu dituzten konpromiso berriek mende honetarako aurrikusten den tenperatura globalaren igoera oso gutxi murriztu dute, mundua arrisku eta kalte klimatikoen areagotze larrirako bidean utziz. Horrek erakusten du hazkundearen kontakizun berri hori ez dela soilik aukera bat, premia bat baizik. XXI. mendeko hazkundearen kontakizunaren hasieran gaude; horren parte aktibo izan nahi dugun erabakitzea falta da.