Urtea amaitzear dela, helburu eta emaitzak neurtzeaz aritu gaitezen. Zenbateraino izan dira errealistak hasierako aurreikuspenak? Askotan helburuak ez ditugu egoeraren azterketa zorrotz batetik sortzen: hasierak beti izan ohi dira ameslariak, desiratik egiten dugun ariketa emozional bat, askotan. Energiaz hartzen ditugu Gabon osteko lehen asteak, baina nekez kalkulatzen dugu lanaren ondorioz pilatzen dugun nekearen metaketa, ustekabeko krisiak edota gure arlo pertsonala; eta anbizio handiko pertsonak baldin bagara, are eta zailagoa izaten da energia urtean zehar behar bezala kalkulatzea. Plangintzak datuak dira, eta aurreikuspen ahalik eta errealistenak egin ahal izateko ariketa da, baina baita emozio eta desira berriei bide emateko momentua ere.
Aurreikuspen hauek ez direnean urtarrilean ikusi genituen bezala ateratzen, porrot gisa interpretatzeko joera dugu. Helburu eta emaitzen arteko aldea ez da beti porrota: estrategia aldaketa bat egon daiteke, pertsonen erabaki pertsonalei esker edo erruz gertatzen diren egoera aldaketak, kanpo-faktoreak… betetzen ez diren helburuak automatikoki porrotak direla pentsatzen dugu, eta horrek analisia blokeatzen du. Helburuak ez betetzearen atzean dakarren informazioa atera behar dugu eta horretan zentratu. Zer gutxietsi dugu? Zer gainestimatu? Plangintza baten kudeaketa on bat ez da helburuak betetzea, desbideraketak ulertu eta datorren plangintzarako moldatzea baizik. Sarritan, emaitzak datu zehatz batzuetara mugatzen ditugu —zenbat fakturatu den, zenbat kilo galdu diren, zenbat proiektu abiatu diren—, baina bidean hartutako erabakien kalitatea albo batera uzten dugu. Emaitza batzuk ez dira ikusgarriak, baina erabakigarriak bai.
Pertsonalean ere antzeko zerbait gertatzen da. Urte hasieran gure burua bertsio “hobe” batean irudikatzen dugu: diziplina handiagoa, osasun hobea, oreka... Gutxitan galdetzen diogu geure buruari ea jarritako helburuak benetan gureak ziren ala kanpo-baldintzek edo presioek eragindako asmoak. Horregatik, urte amaierako galdera garrantzitsuena ez da “helburuak bete al ditugun” galdetzea, baizik eta haiekin izan dugun harremana sanoa izan den jakitea. Presio iturri izan dira ala norabide-tresna? Malgutasuna eman digute ala blokeatu egin gaituzte?
Egunotan, norberak eta modu kolektiboan egin beharreko ariketa izango da helburuen eta emaitzen arteko analisia egitea. Guk gurea egin dugu: beste urteetan ez bezala, aurtengo plana nahikoa egiazalea irudikatu genuen, errealitatearekiko zintzoa. Haietako batzuk bete ditugu, eta bete ez ditugunak errepasatu datorren urtera begira gehitu ala ez erabakitzeko. 2026. urteari begira jarrita, helburu eta amets berriak ditugu, anbiziotik baina aurtengo joera berdinari helduz.
Helburuen eta emaitzen arteko aldea ondo kudeatzea ez da errendimendu kontua bakarrik, heldutasun pertsonal eta profesionalaren adierazlea ere bada. 2026ari begira, helburu gehiago jartzea baino, helburu gutxiago baina hobeto formulatuak diseinatzea izango da gakoa, norabidea argitu, baina arnasa kentzen ez duten horietakoak ondo egitea. Eta zuk, zein helburu dituzu datorren urterako?