Herritarren parte-hartzea udalerrian

2023. urtea hauteskunde urtea izango da, eta herritarrok pisu handia izango dugu datozen urteetan gure herri eta lurraldean nork gobernatuko duen erabakitzen. Udal eta foru hauteskundeak ospatuko ditugu maiatzean eta oraindik data zehaztu gabe badago ere, abenduan ziurrenik Espainiako hauteskunde orokorrak ere izango dira.

Nork zuzenduko duen hautatzen dugu beti, baina zer eta nola egingo duen? Halakorik ez da ageri gure eginbeharretan. Lau urtean behin boza eman eta herritar guztion artean hautaturiko pertsonari  —alderdiak gero eta pisu gutxiago izango du aurrerantzean— aitortzen diogu zeregina. Aitzitik, aurkezturiko proiektu, promesa eta proposamenak aurrera eramateko prozesuan —ordenantzen diseinuetan, urteko aurrekontuetan, baliabideen lehentasunetan, etab.— herritarrak ez du inongo hitzikmezta erabakitzeko ahalmenik ere, eta horrek eraldatzera egingo du.

Herritarren parte-hartzeaz ari garenean, teorikoki tokiko, lurraldeko eta estatuko gobernuetan parte hartzea da, eta mila forma eta kolore izan ditzake: bozketak, aktibismo politikoa, boluntariotza eta parte-hartze komunitarioa izan daitezke, besteak beste. Laburbilduz, gobernu eta prozesu demokratikoetan herritarrek egiten duten parte hartzea da. Oinarri teorikoa oso interesgarria da, baina praktikotasunera eramatean, arazoa da egungo herritarren partaidetza oso soft edo arina dela. Zer esan nahi du horrek? Ez du esan nahi parte-hartze txikia edo herritarren interes gutxikoa dela, baizik eta gobernuen partetik herritarren eskuetan uzten duten esku-hartze edota erabaki ahalmena oso txikiak direla, ez estrategikoak, alegia.

Azken hamarkadan parte-hartze aurrekontuen kultura sortu eta hedatu da Espainiar estatu mailako udalerri askotan, eta gure alde esan behar dut Euskal Herrian are eta indar gehiagorekin egin duela gora. Dena den, herritarrek udalerriko aurrekontuetan parte hartzeko hautu edo borondate politiko bat egon arren, oraindik ere aurrekontu osoaren oso zati txiki bat uzten da herritarren eskuetan, indar gutxi duena.

Euskaldunok beti izan dugu politikarekiko modu bateko edo besteko interesa eta jarduna eta piskanaka-piskanaka parte-hartzearen kultura eraikitzen ari gara. Oraindik oso erabaki txikiak hartzen ditu herritarrak: aurrekontu osoen ehuneko txikiak erabakitzen ditugu, kale bati edo besteari nola deituko diogun proposamenak egiten ditugu eta Urrezko Danborra —Donostian San Sebastian Egunean ematen den saria— nori emango diogun erabakitzen dugu, esaterako. Baina borondate politikoa baldin bada, udal ordenantzak berritu eta teknologia berrien laguntzaz aldiro-aldiro eta gure etxeko besaulkitik hartuko ditugu udalerriarentzat berebiziko garrantzia duten erabakiak. Horretarako, parte hartzearen kultura hedatu beharra dago, eta instituzioetatik gero eta pisu handiagoa duten erabakiak herritarren eskuetan utzi.

Hauteskundeena aukera ederra da parte-hartze eredu berri bat planteatzeko eta legealdi berrian, hautatua izatekotan, martxan jartzeko. Udalerrien gobernantza ulertzeko olatu berri bat dator iparraldeko herrialdeetatik eta eredu horretan herritarrek udalenn gobernantzan izan behar duten zeharkako parte-hartzea proposatzen du, ordenantza, proiektu eta aurrekontuen erabakietan aktiboki parte hartzeko aukera emango duena. Azken adibidea Paristik datorkigu: Anne Hidalgo alkatearen esanetan, Parisko hiritarrek apirilaren 2an alokairuko patinete elektrikoak onartuko diren ala ez bozkatuko dute kontsulta herritar batean. Zein izango ote hurrena?

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK