EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Hezkuntzaren krisi sistemikoa

2026eko martxoaren 13a
eduardo malagon

Aspaldi honetan, ugariak dira hezkuntzaren krisia azaleratzen duten sintomak: ikasleek testu sinpleak ulertzeko dituzten zailtasunak; geletan ordena eta atentzioa mantentzeko dauden oztopoak; irakasleriak jasaten dituen eraso eta mehatxuak; ezagutza mailaren jaitsiera bortitza; etab. Arazo horien guztien espresioa amaiezina da. Narriadura, tamalez, hezkuntza maila guztietan sumatzen da: haur eskoletatik unibertsitatera, profesionalok hezkuntza-ehunaren josturak etengabe harilkatzen direla sumatzen dugu. Zergatia baliabide faltari leporatzen zaio sarritan, eta soluzioa betikoa da: hezkuntza aurrekontuak handitu beharko lirateke. Bai eta ez. Bizitzaren beste hainbat aspektuetan bezala, diruak laguntzen du, baina krisiak zerikusi handiagoa du instituzioaren oinarri normatiboen higadurarekin.

 

Horren adibide bat irakaslearen autoritate galeran topatuko genuke. Ikasle-bezero paradigmaren barnean irakaslea zerbitzu-hornitzaile batean bihurtu da, azken horren legitimitatea (eta instituzioarena) debaluatuz. Gelako ordena mantentzeko orduan, irakasleak babes falta handia sentitzen du, bai familien, bai administrazioen aldetik. Baina ez da bakarrik autoritate funtzionala galtzen ari: eskolaren jakintza monopolioa ere hautsi da. Egi-iturrien fragmentazioaren adibide ugari sare sozialetan topatzen ditugu: edozein influencer ganoragabeko baten adierazpen faltsuek lortzen duten oihartzunak itzal ditzake zientziak balioztatutako teoriek esandakoak. Eskola eta zientziaren debaluazioak eskutik doaz. Bitartean, sare sozialen hedapenak gazteen (eta helduen) atentzio eta kontzentrazio zailtasunak areagotzen ditu, beren ikasteko gaitasunak murriztuz.

Aldaketa normatiboek ere ez dute gehiegi lagundu. Eta kasu honetan, baliabide falta nabarmena da. Inklusioa sustatzea, adibidez, sozialki desiragarria izan daiteke, baina aniztasunaren hazkunde esponentziala jasaten ari den testuinguruak (oso urte gutxitan, atzerritar ikasleriaren portzentajea %15 inguru izatera iritsi da), beharrezko egiten ditu bai ratioen jaitsiera, bai zentroak eta gelak antolatzeko eredu berriak. Eta horrek baliabide gehiago eskatzen ditu. Bestalde, inklusioaren bidesaria ezin da izan ezagutza maila orokorraren jaitsiera. Eskola uztearen tasetan Europako lidergoa lagatzeko ezin da ebaluazio-kultura degradatu: gaur egun, berdin dio hainbat ikasgai ez gainditzea derrigorrezko hezkuntzako titulua lortzeko. Ikasleei bidaltzen zaien seinalea zeharo gaiztoa bihurtzen da: DBHn egiten denak ez du ezertarako balio, titulua berdin emango digute. Esfortzua antzua da. Batxilergora iristen direnean, kaltea sortuta dago: oinarri ezak izugarrizko ezagutza-hutsuneak sortu ditu.

 

Gizakiok beti pizgarriekin funtzionatzen dugu. Eta hezkuntzak input–ahalegin–emaitza katean oinarriturik funtzionatu izan du beti. Kate hori hautsiz gero, motibazio sistemikoa erortzen da. Seinale-sistema hautsi egin da. Berrikuntza proiektu eta sareetan esperientzia handiko irakasle batek behin esan zidan bezala, ikasle onenen gaitasunak alperrik galtzen ari gara, kaskarkeriaren gorespen honetan. Berdintasunaren eta bikaintasunaren arteko tentsio horretan, bikaintasuna galtzaile atera da. Talentuaren galera ez da elitismoa, baizik eta giza kapitalaren xahuketa.

Ekaitz perfektua osatzeko, adimen artifizialaren iritsiera dugu, esfortzuaren kulturaren desagerpenaren logikari arrazoia ematen dion tresna: zertarako ikasi, AAk nire ordez egin ahal badu? Pentsamendu kritikoa outsourcing kognitibo horren eskutan geratuko da, beharrezkoagoa denean. Nola garatu irizpide propioa, nola kuestionatu AAk emandako erantzunak, nola egin galdera egokiak, aurretik ikasi gabe? AA tresna indartsua da gaitasun sendoen gainean erabiltzen denean. Oinarri kognitiborik gabe, deskalifikazio kognitiboa areagotzen du. Hezkuntzak pentsatzeko gaitasuna bermatzen ez badu, teknologia ez da askapen tresna izango, mendekotasun tresna baizik.

Hezkuntzaren krisiak, bere funtzioaren nahasmenarekin zerikusi handia du. Gaur egun eskolari eskatzen zaio: berdintasun soziala eta inklusioa bermatzea, ongizate emozionala zaintzea, gaitasun digitalak garatzea, balio demokratikoak transmititzea, ingurumena babestea, lan-merkaturako prestakuntza ematea... eta beste hainbat gauza. Baina benetako galdera estrategikoa izango litzateke bere lehentasuna finkatzea: zein da eskola instituzioaren funtzio primarioa? Zein da bere rola gure gizartean? Galdera horiei erantzuten ez diegun heinean, hezkuntzak norabide ezean jarraituko du.