EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Hiriak

2025eko uztailaren 9a
eduardo malagon

Aspaldi honetan, nire inguruan sumatzen dut nola graduatu berri diren ikasle asko, bere ikasketak osatzeko (ditxosozko masterrak), Euskal Herritik kanporako bidea hartzen duten. Helmuga nagusiena Espainiar Erresumako hiriburua izaten da: antza denez, pandemia garaian bere erkidegoko presidenteak ospetsua egin zuen garagardo kainetan eta askatasunean oinarritutako bizitza eredua arrakastatsua suertatu da. Asko sinplifikatzea bada ere, Madrilek aisia eskaintza aberatsa eta lan aukera anitzak ezaugarritzat duen ekosistema erakargarri bat sortu du, eta gure gazteak indar grabitatorio horren menpe geratu dira. Nahiz eta hasiera batean askok bide hori joan eta etorriko tiketarekin egiten dutela adierazi, bizitzaren ibilbide sigi-sagatsuek migrazio horiek behin betikoak bihurtzen dituzte: zentzu profesionalean, Euskal Herrian topa daitezkeen aukerek ez dituzte hain gazte jada ez diren horien aurreikuspenak betetzen; zentzu pertsonalean, norberak familia bat osatzen duenean, bueltatzeko erabakiak beste ñabardura (asko) ditu. Talentua jario mantso baina jarrai batean galtzen ari da.

 

Hiri handien erakarpen indarra ukaezina da: Munduko Bankuaren arabera, munduko hiri-populazioa gaur egun 4.400 milioi pertsonetakoa da (populazioa guztiaren %56). Erakunde berak aurreikusten du 2050erako munduko hamar pertsonetatik zazpi hiritan biziko direla. Bestalde, hiriek munduko BPGaren %80a sortzen dute. Beraz, argi dago hiriek, orokorrean, eta hiri handiek, bereziki, bere inguruan jarduera ekonomikoa eta aberastasuna sortzen dutela, aldi berean inguruko eskualdetako giza eta ekonomia baliabideen xurgatzaile nagusiak bihurtzen direlarik.

Honela, metropoli handietan errazagoa da enpresentzat lehiakortasun faktoreak topatzea: bezeroak (gehiago, eta gehiago ordaintzeko prest daudenak ere), eskulana (bai kopurutan, bai prestakuntzan), hornitzaileak (arruntenak baina baita ere kualifikatuenak: zerbitzu juridikoak, teknologikoak edo komunikaziozkoak, adibidez), kontaktuak (botere politikotik gertu, baina beste enpresen erabakiguneengandik hurbil ere) eta, noski, finantzarioak (bankuekiko menpekotasuna gailendu dezaketen inbertitzaile nagusienak bertan baitaude). Beraz, kontzentrazioa (pertsonak, enpresak, kapitala) da joera nagusia. Ekonomia eta geografia elkarrekin uztartzen diren eremu honetan, abantaila horiei guztiei aglomerazio ekonomiak deitzen zaie. Hala ere, dena ez da liluragarria izaten. Aglomerazioak ere kongestioa dakar, eta honekin batera, beste hainbat kostu, ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak: kutsadura, garraioaren kostua eta bidaien iraupena, etxebizitzen garestitzea, hirietako bizimoduari lotutako estresa edo, paradoxikoa baldin bada ere, bakardadea.

 

Beraz, aglomerazio-prozesuen eragina, produktibitatean eta sortutako sinergien potentzial berritzailean dituen ondorioengatik nabarmentzen da. Horrela, eskala ekonomiek pertsonen komunitateetan nola funtzionatzen duten erakusten digute hiri handiek. Hala ere, tamaina eta garrantzi ekonomikoa desberdinak izan arren, hiriak (eta bere eragile ekonomiko nagusiak) elkarren artean lotzen dira, muga nazionalak gainditzen dituzten sareen bitartez. Sare hierarkiko globalean hiri bakoitzak duen posizioa, erabakiguneak edo balio erantsi handiagoko zerbitzu-jarduerak erakartzeko dituen gaitasunak zehazten du: New Yorkek, Pragak edo Buenos Airesek, adibidez, ez dute liga berean jokatzen.

Testuinguru honetan, gure enpresetako ordezkari eta arduradunak talentua erakartzeko dituzten zailtasunaz kexatzen dira. Metropoli erraldoi horiekin lehiatzeko asmoz gure Euskal Hiria sortzeko ahaleginak arrakasta mugatua izan du, eta baliteke gure arkitektura instituzional eta administratiboa oso lagungarria ez izatea. Gure hiriburu-sare apalak munduko taulan kokatu nahi duen bitartean, haiengandik hain urruti ez dauden mendiko herri eta bailarak bere biziraupenaren alde borrokatu behar dute egunero, despopulazioaren sarraskiari aurre eginez. Hori baita aglomerazioaren ondorio nagusienetariko bat: lurralde bat pertsonaz betetzeko beste asko hustu egin behar dira.