Hirietako hartz polarrak

Iragarpena beteko bada, behintzat, haizete bortitzak, euria eta hotza itzuliko dira aste honetan gurera. Abisuak horitik laranjara joango dira zenbait tokitan eta neurri bereziak hartuko dira kosta partean, olatuek triskantzarik eragin ez dezaten, edota goialdeetan, elurra egin dezakeelako, antza. Bestela esanda, itxura guztien arabera, negua izango dugu negu minean. Eta albistea da. 

Hirietan edo gero eta hiri-itxura handiagoa duten guneetan bizi gara eskuarki. Gurean mistoagoa da ingurunea bera, baina hiri-bizimodua egiten dugu oro har. Autoarekin iritsi nahi dugu toki guztietara, kontsumo-zirkuitu globalen jarioan murgildu gara buru-belarri eta gure bizimodua horretara begira antolatuta dago. Urruti geratzen zaizkigu izotz-kapa gero eta meheagoetan zer jan aurkitzen ez duten hartz polarrak, eta gauzak aldatzen ari badira ere, klima-aldaketarekiko gure kezka epidermikoa izan da orain arte. Behintzat, horixe iradokitzen du Europako Ingurumen Agentziak kaleratu berri duen txostenak, zeinak aztertu egin duen Europako hirietako ingurumen-inbertsioa. Argi eta garbi ikusten da bertan gure hirietan, kasurik onenean, klima-aldaketak eragindako kalteak kudeatzea dela lehentasuna, etorriko denaren aurrean prestatuta egoteko inbertsioak oso urriak diren bitartean. Ondorioak kudeatzen ditugu, gaitzaren jatorriari begiratu ordez. 

Eta horren ondorioak begi hutsez ikusten zailak badira ere, ebidentziak nonahi daude. Atmosferaren kutsaduragatik 238.000 heriotza inguru saihets litezke urtero EB27ko herrialdetan Munduko Osasun Erakundeak airearen kutsadurari buruz emandako jarraibideak beteko balira. Trafikoaren kutsadura % 20 murriztuz gero, urtean 7.000 pertsona gutxiago hil litezke Europa osoan: Alemanian 1.000 heriotza, eta Erresuma Batuan eta Italian 500 baino gehiago. Etxeko berokuntzaren airearen kutsadura % 20 gutxitzeak 13.000 heriotza gutxiago eragingo lituzke urtero. Ekialdeko eta erdialdeko Europari egingo lioke mesede gehien, berogailurako erregai solidoa asko erabiltzen delako. Alemaniak, Italiak, Poloniak, Ukrainak eta Turkiak 1.000 heriotza baino gehiago izango lituzkete, eta Erresuma Batuak 650 heriotza baino gehiago.

Ondorio hauek zeharo lerrokatzen dira Nazio Batuen Ingurumen Programaren analisiarekin: hiri-kliman egiten den inbertsio globalaren % 9 baino ez da bideratzen ari egokitzapen-proiektuetara, nahiz eta hiriak krisi klimatikoaren lehen lerroan egon. Ingurumen-teknologietan inbertitu behar dela ondorioztatu dute aditu guztiek, baina horrek ez du behar den norantza-aldaketa berez bermatuko: akademiak, enpresak eta politika publikoak batera jardungo duten inbertsio-ekosistemak sustatu behar dira, mitigazioa ez baita laster nahikoa izango, geure hirietan bertan bizi diren milaka pertsonentzat ez, behintzat.

Ez dira hartz polarrak, pertsonak dira (edo gara). Eguraldi makurraren iragarpenak eta klima-aldaketaren ondorioei buruzkoak ez dira munta berekoak, baina berdin-berdin ikusten ditugu: gurean inpaktu zuzen argia izango dela entzun arte, ez dugu egiazki uste izaten inpaktua jadanik izaten ari dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK