Umetan aitite-amamarekin udaren zati handi bat igarotzen nuen gurasoen oporren zain. Hainbat urtetan Levante aldean ibili ginen, eta zuhaitz handiz beteriko plaza bat, glorieta, gogoan daukat. Arratsaldeetan, ilunabar aldera, plaza hori txorien elkargune bilakatzen zen, eta egiten zuten zalapartak, builak, beti harritzen ninduen. Ekosistema txikia herriaren bihotzean. Uda horiek pasata, hogeita bost urteren ostean, aurten berriz ere txoko hura bisitatu dut: goitik behera aldatuta espazio zabalagoa da orain, hein handi batean oinezkoentzako egina, baina zuhaitz handi eta eder haien arrastorik gabe. Plazaren alde batean badaude zuhaitz batzuk, baina eremu biluzia da nagusi. Eguzkiak bete-betean jotzen du, ile-lehorgailua aurpegian izango banu bezala. Ezin izan dut zuhaitz haietaz eta eskaintzen zuten itzalaz pentsatzea saihestu. Oroitzapen idealizatua behar bada, horien ordez plaza ordenatuak, garbiak eta mantentze errazekoak jarri baititugu, han eta hemen lorontziren bat edo besterekin.
Inoiz izan diren hamar urte beroenetatik bederatzi 2013-2021 hamarkadan gertatu dira. Udaberria bero bolada batekin amaitu eta uztailean pasatu dugu bigarrena. Euskal Herrian muturreko tenperaturetara iritsi gara, baita Europako beste hainbat lekutan ere. Eta ez bakarrik eguneko tenperaturak, gure gorputzak atseden hartu eta indarberritzeko hain beharrezko duen gaueko atsedena ere eten egin zaigu tenperatura minimo sinestezinen ondorioz. Munduko Osasun Erakundeak bero-boladak muturreko gertakari arriskutsuenetariko bat direla ohartarazi berri du, horien eragina maiz ikusezina bada ere. Hala ere, badakigu bereziki zaurgarriak direla pertsona nagusiak eta aurretik osasun arazoak dituztenak. Uztaileko azken bero boladaren ondorioz, gehiegizko hilkortasunak 1000 pertsonako langa gainditu du Espainiar estatuan, Madrilgo Carlos III Osasun Institutuak kudeatzen duen hilkortasunaren monitorizazio sistemaren aurreikuspenen arabera. Hori gutxi ez, eta klima-aldaketa dela medio, badakigu bero-boladak maizago izango direla, baita luzeagoak ere. Iraganeko muturrak etorkizunean gehiagotan ikusiko ditugu, eta tamalez mutur berriak ere ezagutuko ditugu.
Klima-aldaketaren inpaktu bortitzenak ekiditeko isurpenak sakon murriztu beharra dugu. Egia da eragin horietako batzuk jada gurean ditugula eta egokitzea besterik ez dagokigula. Horretarako aukera bat baino gehiago egon litezke, baina nire hausnarketaren abiapuntura itzuliz, argi dut bero-uhartea deritzon efektuaren ondorioz, beroa hirietan inguruko landa eremutan baino handiagoa izaten dela. Halako kasuetan, naturak beroa apal dezake, zuhaitzek itzala sortzen baitute, berotik ihes egiteko babeslekuak eskainiz. Bestalde, airearen kutsadura murrizten ere lagun dezakete, eta baita tenperatura eta zarataren isolamendua hobetzen ere. Halaber, naturak osasun fisikoan ez ezik, buru-osasunean ere eragin positiboa duela frogatuta dago, eta noski, ekosistema berde eta urdinen inguruan aisiarako espazio atseginak ere sortzen ditu. Ez dezagun ahaztu natura, arlo honetan ere, lagun dugula.