Diotenez, bazen garai bat uda albistetarako sasoi agorra zena. Ez da, inondik inora, aurtengo kasua. Abuztuko albiste iturri oparotik, hiru gertakari handi azpimarratuko nituzke, etorkizunean etorriko zaizkigunekin estaltzetik urruti, gure gizartearen bizitza arlo guztietan baldintzatuko dutenak.
Bata: tenperaturen igoera. Bi hilabete luzez diharduen bero-sapa. Ohiz, 30 gradutik gorako tenperatura, euria ikusezin. Azaltzeko premiarik ez klima aldaketaren ondorioak gure artera ekarri dituen aldaketa sozial eta ekonomikoak. Bi hilabete jertsea jantzi gabe edo itsasoko ura 26 gradutan, ez da hori bakarrik. Da aire egokituaren demanda, pobrezia klimatikoa, lan-baldintzak egoera berriari egokitzea, uzta-aldaketak, ur-eskasia, aisia- eta kontsumo-ohituren aldaketa, turismo modu berrituak, zaintza-premia berriak...
Ostera, orainaren auzoko etorkizuneko tenperatura berriari aurre egiteko zantzu instituzional gutxi eta neurri-sorta prebentiboak urri. Mundu zabaleko arazo larriari modu globalean erantzuteko aukera gutxi, zer egiteko prest daude gure gertuko erakundeak?
Herriak eta hiriak klima berriari egokitu, porlanezko eremuak gutxitu, zuhaitzak landatu, eraikin berrietako lizentzietan klima-babeserako irizpideak aplikatu. Autoak gutxitu, hiriaren erdiguneetan, aldirietan eta errepideetan.
Erakundeen balizko neurrien aurrean, zer gaude prest onartzeko herritarrak? Kiskaldu ala autoaren erabilera murriztu. Erregosi ala hegazkinak gutxiago erabili. Ur-eskasia pairatu ala kontsumoa zentzatu.
Uda honetako azterketa gainditzeke, datozenetan ere sargoria jasan beharrera goaz zuzenean.
Bigarrena: migranteen krisia deritzona, Ceutan, eta oro har lehen mundu osoan, Donostian eta Bilbon barne. Hirugarren munduko pobretzearen eragile ezinbesteko izan ostean, eragindako klima-aldaketak lurraldeak pobretu ostean, lehen munduko borondaterik eza handik datozen pertsona oldeei leku egiteko, eta, ondorioz, gaitasunik eza arazoari aurre egiteko. Bizi diren herrian oinarrizko premiak asetzeko modurik ez daukaten pertsonak dauden bitartean, eta pasaporte pribilegiatu baten babespean munduan zehar ibiltzea posible den bitartean, migranteak izango ditugu. Legez kanpoko eta lege-bazterreko kanporaketek ez dute pertsona migranteen auzia konponduko. Ezikusiarena egiteak, norbere herritik albokora bidaltzeak, edo gutxieneko otordu edo aterpea ukatzeak, ezta ere.
Hortaz, bigarren gertakaria ere udako sasoitik harago luzatuko da, eta hemendik aurrera ere gurekin biziko da, neurri legal eta ekonomikoak hartzeko inolako borondaterik ezean.
Hirugarrena: gizarteak eta gobernuek sortutako arazo handiei konponbide handirik ez emateko errailean sartuta, halako batean, hala ere, naturak fenomeno ikaragarria oparitu zigun abuztuaren 12an. Arrasateko Kurtzetxikiko talaiatik, eklipse osoaren unea oooo handi bat izan zen bertaratutako guztientzat, kosmosaren emozioaren zirrara ere aipatu zuen baten batek.
Etxe ondoan, gertutik txunditu ahal izan ginen ortziak emandako opariarekin. Kanpoko neurrien zain egoteke, gertutik eta gertuko politika eta neurriekin ere ekin beharko zaio klima aldaketa eta migrazioaren auziei.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta