Jane Fonda aktore eta aktibistak dioenez, bizitza antzezlan bat bezalakoa da, hiru ekinaldi edo aktotan banatua: lehena aurkikuntza da, bigarrena garapena eta hirugarrena —berrogeita hamar urteen bueltan hasten omen dena— amaiera. Hirugarren akto hori, baina, zerbait gehiago ere bada: antzezlan osoari zentzua ematen dio eta beraz, aukera bat da, azken-azkena, egindakoa biribiltzeko.
Norberaren bizitzaren urratsak mundu profesionalera ekarrita erraz antzematen dira: lehenik egiten ikasten dugu, bigarrenik, egin egiten dugu eta hirugarrenik, egiazki egin nahi duguna, egitera etorri garena, jartzen dugu jokalekuaren erdian. Laster 55 urte beteko ditut eta beraz, iraganbide horretan ari naiz. Enpresa proiektuetan eman dudan denboran aurrera noa, eta hirugarren ekinaldia hastera doan unean, dena da eginkizun, baina joko-arauak aldatuta.
Bigarrenetik hirugarrenerako jauzia eraldaketa unean gertatuko da. Nik neuk, beste askok bezala, bizitza osoa eman dut zerbait ziurraren peskizan, horixe baitzen, antza, arrakastaren edo zoriontasunaren giltza. Prestatu zaitez, datuak buruz ikasi itzazu, zure balioa ontzat emango duten pertsonen edo erreferentzien onespena irabazi eta beste guztiek baino gehiago dakizula, hobea edo kapazagoa zarela demostratu ezazu. Hauxe izan da gure letania, bizitza izan ere, lehia baita, lasterketa, elkarren aurkakoa. Gure belaunaldiak izenpetu zuen kontratuaren letra txikia, inplizitua, nola edo hala, funtzionatu duena, orain arte. Ez, ordea, hemendik aurrera: segurtasuna ematen ziguna segundo gutxi batzuetan automatizatu egingo den aldian, dar-dar egiten duena ez da soilik ekonomia, pertsonak, enpresak, bizitza neurtzeko sistema bera baizik. Lurrikara bat da.
Enpresa eta erakundeetan egunero nozitzen dira mugimendu sismiko honen inpaktuak. Erantzuten ez dakigun galdera gehiegi. Zer errespetatu behar da enpresa-proiektu baten? Orain arte, ziurtasuna eta behar genituen orientabideak ematen zizkiguten pertsonak izan dira, baina hori guztia algoritmoek ematen digutenean, azkarrago eta merkeago, zein da erantzuna? Eta zerk emango digu ziurtasuna gutako bakoitzari? Orain arte, ezagutza adituan zetzan, baina egundo ez da nahikoa eta beraz, alanbrearen gainean ikusten dugu gure burua, oreka ezinezkoari eutsi nahian. Ez da enplegu abstraktuaren krisia soilik, gure identitatean bertan eragiten baitu. Askotan gogoratzen naiz Dead Poets Society (Hildako poeten elkartea) filmaz eta bereziki, pasarte ezagun horretaz, non Robin Williamsek mundua beste ikuspegi batetik ikusi ahal izateko mahai gainera igotzeko eskatu zien bere ikasleei. Hirugarren ekinaldia horixe ere bada: mahaiaren gainera igo behar dugu munduak dar-dar egiten duen bitartean.
Aitortzeko lotsarik ez dut: ziurtasunaren yonkia naiz, datuek, txostenek eta aurresateko gaitasunak segurtasun-ziztadak ematen dizkidate eta. Enpresan askotan entzuten dut: "bermeak behar ditugu erabakia hartu ahal izateko", baina alferrik da, ezinbestean hartu behar diren erabakiak geroratzeko amarrua besterik ez. Matrixen Morfeoren ahotan entzuten da hau bera, Neori esaten dionean: "Zuk nahi duzuna segurtasuna da, eta seguru dakigun gauza bakarra da segurtasunik ez dagoela". Aho-korapiloa dirudi, baina egia handi horietako bat da. Horixe dugu ikaskizun hirugarren ekinaldi honetan: ziurtasunaren beharraz desintoxikatu behar dugu, ez dakigunaren aurrean egonarrira entrenatu eta ulertu, behingoz eta betiko, zalantza izango dugula bidaide eta pisukide.
Ez dakit zer den ez dakidana. Jakintza proposizionala lehenetsi zuen sistema —ezagutza abstraktuaren gaineko azterketa, memorizazioa eta balidazioa lantzeko gaitasunak— zeharo ukituta dago, hori guztia begi-kliska baten egiten baitu adimen artifizialak, zuzen eta bizkor. Bitartean, jakiteko beste modu batzuk gutxietsi egin ditugunez gero, babesgabe goaz. Tailerrak ongi funtzionatzen du ingeniariak bere kalkuluak ongi egin dituen bezala, langilea makina "zerbait arraroa" egiten ari dela nabaritzeko gai delako ere. Motibazio hitzaldi bikaina egiten duen liderra bezain garrantzitsua da bilera baten gauzak motel doazela ikusi eta kafe bat hartzeko proposamenarekin giroa aldatu eta berritzeko gauza dena. Prozedurak, perspektiba eta parte-hartzea: egiten jakin, barrutik jakin eta besteekin batera jakin. Trebetasun "biguna" esaten zaio honi guztiari, baina erakundeei bizirik eusten dien zuntza da.
Hirugarren ekinaldirako hurrengo pausua zinez erabakigarria: hartu zure lekua. Giza-egituran errotuta ez bazaude, edozerk edo edonork ordezkatuko zaitu. Mundu digitala hegazkorra eta abstraktua da eta beraz, balioa duena algoritmoak kopiatu ezin duena da, nola bizitzan hala enpresan ere. Konfiantzak fidelizatzen du sofistikazioak baino gehiago. Babestu egiten gaituena ez da txinpartak ateratzen dituen berrikuntza hori, harremanak sortu eta zaintzeko gaitasuna baizik.
Nolakoa da Hirugarren Ekinaldia? Ez dakit, deskubritu egin behar dut, baina zantzuek iradokitzen didate jakitea ez dela nahikoa izango, orain jakinduria behar dela. Noski, hitz horrekin deseroso sentitzen naiz zeharo handiustea delako, baina ez du zertan. "Jakintzaren ekonomia" deitzen diote horri (Nicolas Minchaelsenek hemen garatzen du teoria hori) eta hitz lauz, honetan datza: enpresak edo komunitateak sortzean, non balioa harremanen kalitatean, koherentzia etikoan, hautuak egiteko gaitasunean eta elkarren zaintzan neurtzen den. Pertsonen arteko harremanetan, berdin-berdin.
Ez da erraza eta min egiten du. Eszenatokia ilundu egiten da hirugarren ekinaldia hastera doalako. Ez dakigu nola jarraituko duen, baina ziur dakigu ez ditugula errepikatuko aurreko eszenak. Aldatu egin behar da, etapak itxi behar dira. Mugitu behar dugula esaten dugunean, batzuetan ahaztu egiten dugu horrek, ezinbestean, gauden tokitik joatea esan nahi duela eta bai, kosta egiten da. "Beti izango dugu Paris", dio Rickek Ilsari begira Casablancan, ez baita ausartzen ahoz gora esaten barru-barruan ongi dakiena: ez direla sekula bertara berriro joango elkarrekin.
Hirugarren ekinaldiak gure benetako izaera erakusten du eta bertsio berria maitatzen ikasi beharko dugu.