Hiruretan ordubiak izango dira

Egunero ekintza on bat egitea komeni dela esaten dute. Beraz, gaurkoan mesede egitera natorkizu, irakurle: asteburuan ordua aldatuko dugu. Esaldia idatzi orduko zure erantzuna entzuten ari naiz: "ez nintzen gogoratzen"; "ordu bat atzeratu ala aurreratu egin behar zen honetan?"; "ufa, ez dut gogorik; nahiago dut udako ordutegia". Ordu aldaketaren haterrek, mesedea baino, kalte egin dizuedala esango didazue, eta zenbaitek ordu aldaketaren erruduntzat ere joko nauzue dagoeneko. Behintzat, ezingo duzue esan gogorarazi ez dizuedanik. Eta noski, ahots optimistenak ere bertan zaudete: "zein ondo! Lo egiteko —edo festa egiteko— ordu bat gehiago!"

Igandetik aurrera, galdera ugari: mugikorrak automatikoki aldatuko zuen ordua? Kasu gehienetan, bai, lasai. Eta smartwatchak? Erantzun bera. Baina ez ahaztu labekoa, garbigailukoa, mikroondasekoa, eta beste edozein etxetresnatakoa aldatu dela egiaztatzeaz. Eta noski, oraindik ere erloju analogikoak edo automatikoki aldatzen ez direnak maite dituzun horietakoa bazara, eskumuturrekoa ere aldatu beharko duzu, baita sukaldean zintzilikatuta duzun eta apenas inoiz begiratzen ez duzun ordulari hori ere. Ekidinezina izango da: zenbait ordutegi zaharraren eta berriaren arteko erdigunean biziko gara hainbat egunez, behin betiko aldaketa egin arte. Eta noski, artikulu hau irakurri ez eta berandu iritsi edo goizegi iritsiko den jende andana ere izango da.

Ordu aldaketa energia aurrezteko tresna gisa asmatu zen, eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2000/84/CE zuzentarauan jasotzen da, 2001eko urtarrilaren 19koan, neguko ordutegirako aldaketa urriko azken asteburuan egingo dela. Beraz, edozein aldaketa egingo balitz, zuzentarau hori aldatu beharko litzateke.

Horretan guztian pentsatzean, baina, lan esparruan nola eragingo ote duen galdetu diot neure buruari. Tira, nire buruari ez, Googleli —akaso aurki artikulu hau zaharkituta geratuko bada ere—. Antza, langileen produktibitateak "modu esanguratsuan" egiten du behera ordutegi aldaketa osteko bi asteetan. Hiru izan ohi dira horretan eragiten duten faktoreak: lo falta, migraina sufritzeko arriskua areagotzea eta atseden desegokia. Era berean, langileak oro har errazago haserretzen dira, goseari loturiko nahasmenduak ere gehiagotu egiten dira, eta horrek ere produktibitatean eragin dezake.

Urtean bitan gertatzen den ordu aldaketak eragin hori izan badezake —zenbait kasutan eragingo du, beste batzuetan ez—, zeresanik ez txandaka lan egiten duen langileen kasuan, edo etengabe ordu-eremu batetik bestera aldatzen aritzen direnen kasuan. Ondorio horiek, baina, etorkizuneko artikulu baten aztertzeko utziko ditut. Baina ba al dago gizarte bezala zebait egin daitekeenik ordutegi aldaketak sortzen dituen arazoei aurre egiteko, horrek iraungo badu?

Momentuz, Googlek norbere esku uzten ditu erremedioak: lehen egunetan kafeina duten —edo bizigarriak diren— edarien kontsumoa baztertzea; estres egoerak ekiditea, batez ere sentikorrago izan zaitezkelako egun horietan; eta lo egitera joateko ordua aurreratzea, behar bezala atseden hartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK