Bospasei urterekin, eskolan gurasoen lanbideaz lantxo bat egiteko eskatu zieten gure alabei. Zertan egiten genuen lan eta lan horrek zertarako balio zuen azaldu behar omen zuten ikaskideen aurrean. Etxera bueltatu ziren, bada, eta jakin-min handiz galdetu nien nola azaldu ote zuten nire lanbidea. Gezurra esanez, erantzun zidaten: denda baten lan egiten nuela kontatu zieten bere gela-kideei, ez zekitelako nola azaldu zertan zetzan nire lana. "Denbora guztian hitz egiten egoten zara, ordenagailuan idazten edo bilerak eragiten. Zer lan klase da hori?". Frustrazio txiki handi bat izan zen niretzat, baina etxekoon arteko txantxa bilakatuz joan da. Urte mordoa igaro bada ere, gaur da eguna berandutuko naizela abisatzeko deitzen dudanean, denda itxi arte ezin naizela handik mugitu esaten diedala.
CEDE eta Dircom-ek egindako azterlan baten arabera, enpresa buru batek bere lan-denboraren %40 komunikazioa eta enpresaren posizionamendua kudeatzen ematen du. IESEren beste ikerketa batek zifra hori %50eraino igotzen du, zuzendaritza-taldearekin harremanetan denborarik gehien pasatzen dutela erakutsiz. Bere denboraren-lan erdia ia-ia eta hala ere, nekeza zaie azaltzea zer egiten ari diren. Are gehiago, frustrazio-iturri handia izaten da kasu askotan. Fresh People start-upak argitaratutako azken txostenaren arabera, zuzendarien %60k uste du ez daudela behar bezala prestatuta komunikatzeko eta galdetutakoen erdiak uste du bere enpresaren erronka nagusietako bat barne-komunikazio eraginkorra dela. Denbora asko eskaintzen du, garrantzitsua dela uste dugu, baina ez dakigu nola azaldu, ezta nola egin ere.
Zer egiten du CEO batek egunean zehar? Kudeaketa puzzle handi bat da eta pieza guztien arteko uztardura egokia bermatzea da bere eginkizunik garrantzitsuena, oreka horretan baitatza enpresa edo proiektu baten iraunkortasuna. Beraz, erabaki estrategikoak hartzen ditu zuzendari batek, noski. Batzordeetan parte hartzen du. Taldeak koordinatzen ditu. Baina bada eginkizun bat, askotan bigarren planoan geratzen dena eta, hala ere, eguneroko jardunaren bihotza dena: komunikatzea. Helburuak argi ez badaude, informazioa ez bada partekatzen eta zalantzak airean badaude, nola osatu daiteke puzzlea? Nekez.
Arestian aipaturiko ikerketa horretan, lidergoaren kudeaketako arazorik handiez galdetuta, ondokoak nabarmendu zituzten inkestatuko zuzendariek: helburuak modu eraginkorrean kudeatzea (%43k aipatzen du erronka gisa), aldaketa-prozesuak zuzentzea (%35) eta motibazioa zaintzea (%35).
Komunikazioa lidergoaren funtsezko lanabesa da, eta ondo erabiltzen bada, errendimendua, motibazioa eta talentuaren fideltasuna handitzen ditu. Prestatu, entzuteko gai izan eta horretarako espazio eta egokierak sortzen ez badira, zaila da —ia ezinezkoa— emaitzak lortzea.
Lidergo klasiko, zentralizatu eta zurrunaren aurrean, beste ereduen aldeko pausuak egiten ari dira erakunde askotan, elkarrizketa horizontala eta konfiantzan oinarritutako harremanak bilatzen dituzten harreman-motak ezartzen ari dira, aurrekoen gabeziez jabetuta. Kudeaketa-ereduak aldatzen ari dira, baina irizpide laburreko eraldaketa izango da ereduekin batera gure prestakuntza eta jarrerak ere aldatzen ez baditugu.
Gure burua prestatu behar dugu komunikatzen ikasteko ez ezik, lan hori kudeaketa on eta zentzudunaren parte bereizezina dela esan ahal izateko. Lantaldearekin hitz egiteko eta elkarrekin eztabaidatzeko denborarik ez duen zuzendaria ez da zuzendari ona. Komunikaziorako lekuak eta denborak bermatzen ez dituen lidergoa ez da lider ona. Hori azaltzen ikastea lehen urrats garrantzitsua izan daiteke, hori gabe lantaldeak berak, nire alabek bezala, beste zerbait asmatu egingo dutelako zertan ari garen ezin esplikatuta.