Hitzontzi, huts-ontzi?

Geroz eta ohikoagoa da enpresek klima-aldaketaren aurkako edo gizartean garrantzia duen edozein gairi lotuta egiten dituzten ekintzen buruzko albiste biralak aurkitzea. Biralizazio hori lortu duen azkena Decathlon izan da. Izan ere, Belgikako hainbat dendatan 'Nolhtaced' izena alderantziz jarriko diote, hilabete batez, 'alderantzizko erosketak' sustatzeko.

Funtsean, bigarren eskuko merkatuak sustatuko dituzte beren instalazioetan, eta bezeroek kirol-objektu zaharrak edo erabili gabeak berriro saldu ahal izango dituzte. Behar izanez gero Decathlonek konponketa zerbitzua ere eskainiko du. Objektuak saltzen dituzten erabiltzaileek, ordainsaritan dendan gastatzeko bonu bat lortuko dute. Nire ustez, baina, zabaldu nahi duten mezuaren kontrakoa da dendan erabili dezakeen bonua ematea bere artikulu zaharrak saldu dituen bezeroari. Kontsumoa sustatzen jarraitzen du, eta aldi berean ekonomia zirkularra birpentsatzea eta hondakin gutxiago sortzea bultzatu nahi du. Bi hitzetan: ideia ona da, baina exekuzioa hobetu daiteke.

Horren guztiaren atzean marketin-estrategia oso indartsua dago, markaren irudia hobetzea helburu nagusitzat duena. Goraka doan gizarte-konpromisoarekin lotuta izan arren, arazoaren parte izaten jarraitzen du, kontsumismoa sustatzen jarraitzen du-eta.

Uste dut poztekoa dela enpresek gero eta premia eta asmo handiagoa izatea horrelako ekintzak sustatzeko, baina, aldi berean izugarri, kezkatzen nau oinarrizko arrazoia sustatzen dutenaren aurkakoa izateak. Marketina aho biko arma da, egia erdien makillajea. Aldiz, gu, kontsumitzaileok, bezerook, itsututa geratzen gara marketinak sortutako liluragatik. Enpresen asmo onak areagotu, eta aldaketa handia ematen ari dela pentsatzen dugu. Hala ere, kezkagarriena da etikarekiko dagoen erreparo eza edonolako marketinaren erabileran.

Arlo honetan asko dago arautzeko. Oraingoz, gure konponbide errazena da gure kontsumorako erabiltzen ditugun enpresei buruzko informazioa edukitzea, engaina ez gaitzaten. Albiste faltsuak bereizten ikasten ari garen bezala, marketineko promesa faltsu horiek bereizten ikasi beharko genuke. Agian gakoa da, nire amonak esaten zuen bezala, hitzontzi, huts-ontzi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK